5. Eremua

Irun Hondarribia
33,5km

Bidasoa-Txingudi eskualdeko Gipuzkoako zatian, Irun eta Hondarribia herriek osatzen dutena, 33,5 km-ko bizikleta-bideen sare bat dago, mutur batetik Endarlatsaraino iristen dena, Nafarroa eta Gipuzkoaren arteko mugan, eta, bestetik, Hendaiarekin lotzen dena nazioarteko bi zubien bidez.

Bizikletentzako eta oinezkoentzako azpiegitura esklusibo hori (errepidez igarotzen diren tarte gutxi batzuetan izan ezik), jende asko bizi den inguru batean kokatua, baliabide bikaina da eguneroko ibilbideak modu aktibo, eroso eta seguruan egin ahal izateko.

Sare hori seinaleztatuta dago, eta hiri barruko zein hiriarteko zati asfaltatuak ditu, baita zoruak zagor eta hartxintxar trinkotua dituen beste zati batzuk ere (Zaisa industrialdean, Endarlatsaraino). Eremuaren desnibela ia ez da nabaritzen, % 6 gainditzen ez duten maldekin.

Kontuan izan behar dugu, garraiobide ekonomiko, seguru eta osasungarria izateaz gain, bizikletaren abantaila dela ibilbide laburretarako ibilgailurik azkarrena izatea (5 km-raino, gutxi gorabehera), eta gure eguneroko joan-etorrietarako eraginkorrena izatea.

Egungo sareak Irun eta Hondarribiko hiriguneak lotzen ditu, baita bizikletaz ibiltzeko distantzia eskuragarrietan dauden era guztietako hainbat lantoki eta ekipamendu ere.

Aipatzekoa da, Irun eta Hondarribia arteko ardatzaz gain, Bidasoa-Txingudi eta Donostialdea eskualdeen arteko bizikleta-lotura amaitzeko lanean jarraitzen dela, Gaintxurizketa ingurutik igaroko den tarte batetik.

Eremu periferikoetara doazen ibilbideez gain, udalek eta Foru Aldundiak hiriko bizikleta-sareak handitzeko proiektuak bultzatzen jarraitzen dute, eguneroko joan-etorriekin zuzenean lotutako helmugetara bizikletaz iristeko aukera hobea izan dezaten, hala nola industrialdeetara, eskoletara, kultura- eta administrazio-guneetara, anbulatorioetara, kirol-instalazioetara, merkataritza-guneetara eta garraio-geltokietara.

Bizikletak dituen abantailak eta onurak ikusita, eta inguru horretan bizikleta erabiltzeko dauden baldintza egokiak kontuan hartuta, eguneroko garraiobide gisa zuretzat alternatiba komenigarria eta interesgarria izan daitekeen planteatzera gonbidatu nahi zaitugu.

Jarraian, hiriko joan-etorrietako gune erakargarri batzuk aipatuko dizkizugu, eremu honetako bizikleta-saretik eskuragarri geratzen direnak:

  • Industrialdeak / lantokiak: Txiplao, Portu Berria eta Kirol Portua, Hondarribian; Brioche Pasquier Recondo, S.L. lantegia, Zaisa eta Irungo mendebaldeko industrialdearen zati bat.
  • Lanbide Heziketako zentroak: Hazten Lanbide Heziketako Zentroa, Bidasoa LHII eta Plaiaundi LHII, Irunen.
  • Osasun-zentroak: Hondarribiko anbulatorioa eta Bidasoa ospitalea.
  • Kultur guneak: Inguruko bi herrietako kultur etxe eta liburutegiez gain, Gordailua (Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa), Bidasoako Interpretazio Zentroa, Oiasso Erromatar Museoa eta Irungo Santa Elena Ermita Museoa.
  • Saltokiak: Bizikleta aukera praktiko bat izan daiteke saltokietan edo Hondarribian asteazken eta larunbatetan egiten den nekazaritza-produktuen azokan erosketak egiteko; baita Mendibil merkataritza-gunean, Mercairun freskoen merkatuan eta Irunen larunbatero egiten den azoka txikian ere. Erraz irits daiteke haietara bizikletaz, eta inguruan aparkalekuak dituzte.
  • Kirol instalazioak: Hondartza kiroldegia, Hondarribian; eta Plaiaundi errugbi zelaia, Stadium Gal, eta Ugalde-Katea eta San Jose Langilea Larreaundiko futbol zelaiak, Irunen.

Ondoko mapa interaktiboan, inguruan txirrindularientzako zerbitzuen eskaintzari buruzko informazioa kontsulta dezakezu. Bertan, 275 aparkaleku, bizikletak garbitzeko gune bat, autokonponketarako zazpi puntu, bost konponketa-tailer eta bizikletak saltzeko zortzi saltoki daude. Aipamen berezia merezi dute Euskotrenen geltokian zaintzapean eta estalita dauden aparkalekuak eta Bir-Ziklatu tailer kolektiboak, Irunen.

Garraio kolektibo publikoarekin konbinatuta: Irunek Renferen eta Euskotrenen hainbat tren-geltoki ditu, eta horrek aukera emango dizu bizikletarekin beste herri batzuetatik iristeko eta, ondoren, bizikleta-sarean mugitzeko, edo alderantziz. Bestalde, Hondarribiak hainbat autobus linea ditu eskualde osoarekin eta Donostialdearekin lotzen dutenak. Irunek, halaber, lotura du Bilbo eta Gasteiz bezalako hiriekin, baita Hendaiarekin ere. Komeni da jakitea bizikleta tolestuak eraman daitezkeela autobus horietako edozeinetan, bai eta ohiko bizikletak ere, autobusak sotoa badu eta zorro baten barruan badoaz.

Lana, ikasketak edo aisialdia dela eta, Txingudiko badiaren ikuspegiaz gozatu ahal izango dugu bidean zehar, deskonektatzeko eta ibilbideaz gozatzeko modu ezin hobea izanik. Jaitzubia, Plaiaundi, uharteak eta Bidasoaren ertzak nazioarteko hezegune garrantzitsuak dira, Natura 2000 Europako Sarearen barruan izendatuak daudelarik. Endarlatsara doan bidegorria zeharkatzen duen Aiako Harria natura-parkea bezala.

Amaitzeko, zure bizikleta aldian-aldian berrikustea gomendatzen dizugu, bai eta zirkulazio-araudia eta -gomendioak errepasatzea eta betetzea ere, arreta berezia jarriz motordun bideekiko elkarguneetan, bai eta oinezkoekin partekatutako espazioetan eta bideetan ere.

Ibilbideak
 
Mapa
Orain
Mapa
Mapa Gris
Orain
X