Gizarte- eta hezkunta-arloan eta arlo psikosozialean esku hartzeko zerbitzua

Esku hartzeko programa hauek daude abian:

  • Trebatu. Tratu txarren arazoak eta/edo haur eta nerabeen abandonu-arazoak dituzten familiekin gizarte-hezkuntzan esku hartzeko programa.
  • Bideratu. Tratu txarrak eta/edo sexu-abusua gertatzen diren egoeretan esku-hartze terapeutikoko programa.
  • Garatu. Laguntza psikologikoko programa.
  • Safecare. Gurasoen trebetasunak irakasteko programa, bereziki arduragabekeria saihesteko.
  • Incredible Years. Esku-hartze goiztiarreko programa, jokabide-arazoak saihesteko.

Familian esku hartzea era askotan burutu daiteke, beti ere familia bakoitzari dagokiona eta bere beharretara egokitutako tratamendurik hoberena jasotzen duela bermatuta. Esku hartze forma desberdin hauek esku hartzerako aukeratutako helburuaren arabera definitzen dira. Helburutzat hartzen dugu esku hartzearekin burutu nahi dena, hau da, lortu beharrekoa, aldez aurretik Kasu Planean definitu delarik. Horregatik, edozein famili esku hartzearen hasierarako eta jarraipenerako metodologia bat ezarrita badago ere, helburu desberdinek, jasotako tratu txarraren motarekin batera, kasuetako lan metodologian, helmugetan, eta abarretan diferentziak baldintzatzen dituzte.

TREBATU programa.

Tratu txarren arazoak eta/edo familia barruko haur-abandonuaren arazoak dituzten familiekin eta familietatik banatu diren eta famili harreran edo egoitza-harreran dauden haurrekin gizarte-hezkuntzan esku hartzeko programa bat da. Bere zereginak dira gurasoen trebetasunak ebaluatzea, berreskuragarritasun pronostikoa egitea, gizarte eta hezkuntza alorreko esku hartze plan bat prestatzea, eta guraso gaitasunak garatzeko beharrezkoak diren baliabideak abian jartzea edota gurasoen osagarri izatea seme-alaben beharrak behar bezala asetzeko.

Agintzari koorperatibak kudeatzen du kontratu bidez. Aldi bereko kasuen kopurua 300 familiakoa izan daiteke.

BIDERATU programa

Esku hartze psikosozialeko programa. Bere zereginak dira:

  • Esku hartze terapeutikoa haurren kontrako sexu abusuko egoeran dauden familiekin eta familia horietako haur eta nerabeekin, esku hartzeak horrela eskatzen duenean. Tipologia horretan sartzen da aldez aurretik ikerketa eta ebaluazioa egitea haurren eta nerabeen kontrako sexu abusua gertatzen ari dela jakinarazi den egoeretan. Era berean, adingabeen artean sexu jokabide desegokiak detektatzen direnean, egoera horiek ebaluatzea eta artatzea ere sartzen da.
  • Familiekin eta familia horietako haur eta nerabeekin esku hartze terapeutikoa egitea, nerabezaroan edo nerabezaroaurrean sortutako elkarbizitza arazo larriak dituztenean. Hor sartzen dira seme-alaben gurasoekiko indarkeria kasuak ere.
  • Familiekin eta familia horietako haur eta nerabeekin esku hartze terapeutikoa egitea, guraso eta seme-alaben arteko lotura prozesuaren nahasmenduaren ondorioz eta guraso eta seme-alaben arteko interakzio eredu desegokiak aplikatzearen ondorioz, tratu txar fisiko nahiz emozionaleko dinamikak gertatzen direnean.

Aldi bereko 70 plaza ditugu guztira. Zerbitzua Izan, Intervención Familiar y Comunitaria, S.L. enpresak ematen du.

GARATU programa

Emango den zerbitzua honetan datza: gizarte eta familia babesgabezia larria detektatu zaien eta harremanak ezartzeko nahiz egokitzapen pertsonal eta sozialeko arazoak dituzten adingabeei zuzendutako diagnostikoa eta tratamendu psikoterapeutikoa. Adingabe horien senitartekoei ere, behar izanez gero, laguntza eman ahal izango zaie babes ekintzaren helburuak lortze aldera. Bere helburua da haurrari eta honen familiari laguntzea egokitzapen pertsonala eta gizarteratze positiboak lortzeko bidea emango dioten jarrerak eta jokabideak garatzen, honakoen bidez: beren historia eta egungo egoera ulertuz eta banakako edota familiako jarraibide disfuntzionalak aldatuz.

Zerbitzu hau familian esku hartzeko beste programa batzuetan ere parte hartzen duten adingabeei eskaintzen zaie, eta baita egoitza harreran edo famili harreran daudenei ere. Zerbitzua emateko, hainbat kabinete daude, hitzartutako Psikologoen Elkargo Ofizialaren koordinazioarekin.

SAFECARE programa

Safecare ebidentzian oinarritutako programa bat da, hezkuntza izaera du, etxean kokatzen da, eta haur bat edo batzuk babesgabetasun-egoeran eduki ditzaketen familiei zuzendua dago.

Programa hori burutzeko, familiaren hezitzaileak ereduzko hezkuntza-saioak ematen ditu etxean, non, gurasoekin nahiz seme-alabekin hazierako zenbait trebetasun lantzen dituen. Familiaren hezitzailea eskuliburu egituratu batez baliatzen da, hiru modulutan banatuta, eta horiek osorik irakasten dira programan zehar: osasunaren zaintzaren modulua, etxeko segurtasunaren modulua, eta gurasoen eta haurren arteko elkarrekintzaren modulua.

Programan parte hartuko duten familiek ondorengo irizpideak bete behar dituzte:

  • Haurraren adina 0tik 5 urtera artekoa
  • Haurrarekin fisikoki edota emozionalki arduragabekeriaz jokatzea edo jokatzeko arriskua izatea
  • Haurra familiaren etxean bizitzea eta esku-hartzearen helburua familiari eustea izatea
  • Familiak bere borondatez esku-hartzea onartzea

Programa abian jartzen ari da Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Donostiako Udalaren lankidetza- hitzarmen baten esparruan.

INCREDIBLE YEARS programa

Incredible Years ebidentzian oinarritutako esku-hartze goiztiarreko programa bat da, jokabide-arazoei aurre hartzeko eta gaitasun soziala eta emozionala sustatzeko.

Taldeko esku-hartzean oinarritutako programa bat da, batez ere jokabide arazotsuak dituzten haurren familiei zuzendua, bai eta arazo horiei aurre egiteko zailtasunak dituzten gurasoei ere.

Programak arreta jartzen du aldi berean gurasoen trebetasunen irakaspenean eta haurrei eskaintzen zaien taldeko arreta terapeutikoan. Hauek dira programaren helburu nagusiak:

  • Gurasoen eta seme-alaben arteko harremanak indartzea
  • Pertsonen harremanetarako gaitasuna lantzea eta gurasoen laguntza-sarea indartzea
  • Ohiturak, mugak eta arauak ezartzea zigorrik jarri gabe, eta arazoak konpontzen ikastea

Adin ezberdinetarako moduluak dauzka. Guk 3 eta 8 urte bitarteko haurrei dagokien modulua jarri dugu abian, eta prebentziozko esku-hartzea lehenetsi dugu. Programak 22-24 saio inguru dauzka, eta astean behin izaten dira.

Programa abian jartzen ari da Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Donostiako Udalaren lankidetza-hitzarmen baten esparruan.