Menu nagusira joan Eduki nagusira joan

Haurren eta nerabeen babesa

Haurren eta nerabeen babesa

Beraz, 3/2005 Legeak mugatuko ditu esku hartzen duten erakundeetako bakoitzaren eskumenak. Alde horretatik, 104.2 artikuluan ezartzen ditu haurren eta nerabeen babes kontuan foru aldundiei dagozkien eskumenak:

2005eko otsailaren 18ko 3/2005 Legea, Haurrak eta Nerabeak Zaintzeko eta Babestekoa

  • Babesgabetasun larrian edo babesgabezian dauden haur eta nerabeak babesteko eginkizunean III. Tituluan aurreikusita dauden jarduketak gauzatzea.
  • Babesgabetasun larrian edo babesgabezian dauden haur eta nerabeak zaintzeko beharrezko irizten zaien zerbitzu eta zentroak zuzenean edo zeharka kudeatzea.
  • Aurreko idatz-zatian aipatutako zentro eta zerbitzu horiek irekitzeko baimena ematea, horiek erregistratzea, homologatzea, ikuskatzea eta ebaluatzea.
  • Harrera eta adopzio eskaerak egiten dituzten pertsonei eta, hala badagokio, haien familiei prestakuntza ematea eta beraien jarraipena egitea.
  • Iritzi publikoa sentsibilizatzea zabalkunde-kanpainak antolatuz eta haurren eta nerabeen eskubideak defendatzeko neurri positiboak sustatuz”.

Balorazioa eta orientazioa

Zerbitzu honen helburua hau da: adingabe bat ustez babesgabetasun-egoera larrian dagoela jakinarazteko erakunde, profesional, elkarte, partikular eta abarrek egindako jakinarazpenak jasotzea; babesgabetasun-egoera larriaz ulertzen da adingabeek beren ongizatean galera nabaria pairatzea, gurasoek edo legezko arduradunek arduragabekeriaz jokatzen dutelako edo tratu txarrak ematen dizkietelako. Horrez gain, eta jakinarazpena jaso eta gero, balorazio-prozesu bat egiten da, susmoen egiazkotasuna, larritasun-maila zein babesgabetasun-egoerari lotuta egon daitezkeen arazoak egiaztatzeko, eta, azkenik, esku hartzeko beharrak zehazteko asmoz, eragindako adingabeen babesa eta ongizatea bermatu ahal izateko.

Udalei larritasun arin edo ertaineko arrisku- edo babesgabetasun-egoeretan dauden haurrei arreta emateko esleitu zaien eskumena dela-eta, Diputazioaren ardura izaten dira larritasun handiko jakinarazpenak, hau da, babesgabetasun arrisku larrikoak eta babesgabetasunekoak.

Udaletako gizarte zerbitzuak ateak dira gizarte zerbitzuen sisteman sartzeko. Horregatik, horietara jo behar da jakinarazpenak egiteko, eta horiek egiten dute lehen hautemate eta aztertze lana, eta gero, Foru Aldundira desbideratzen dituzte salaketak, behar izanez gero. Hortaz, baldin eta susmoa badago, edo ziurtasuna, haur edo nerabe bat, agian, nolabaiteko tratu txarrak jasaten ari dela, beti bidali behar da informazio hori oinarrizko gizarte zerbitzuetara.

Udaletako gizarte zerbitzuek irizten badiote Foru Aldundiarena dela lortutako informazioaren eskumena, orduan Foru Aldundira bidaltzen dute, horrek bere gain har dezan.

Babesgabetasun larriko egoera bat dagoen edo ez, eta babes-neurririk egokiena zein den erabakitzeko eginkizuna Haur eta Nerabeen gaietarako Eskualdeko Taldeek egiten dute.

Babesteko legezko neurriak hartzea

​​Haurren babes-zerbitzuek burutzen duten esku-hartzearen alderdi bat da beren familietatik banatzen diren edo haiez arduratzen den heldurik ez duten adingabeen inguruko legezko neurriak hartzea. Hauek izan daitezke legezko babes-neurriak:

  • Tutoretza izatea kasu hauetan: haur bat babesgabetasun-egoeran dagoela hauteman eta gero, adingabearen gurasoei guraso-agintetik aldi baterako kentzea komenigarria dela uste denean. Behin-behineko tutoretza izan daiteke, neurri hori larrialdiko egoeretan erabakitzen denean.
  • Haur baten zaintzaz arduratzea, gurasoek edo legezko arduradunek hala eskatuta, kasu hauetan: arrazoiren batengatik guraso edo legezko arduradunek seme-alaben oinarrizko beharrei behar bezala erantzuteko ardura hartu ezin dutenean, behin betiko edo aldi baterako. Zaintza, kasu honetan ere, behin-behinekoa da eskaera larrialdiko egoeran egiten denean.
  • Prozedura judizial baten barruan, epaile batek adingabe baten zaintza Foru Aldundiari ematea, Gipuzkoako adingabeen babesaren ardura duen erakundea den aldetik.
  • Bakarrik dauden adingabe atzerritarrei berehalako harrera eskaintzea, hezkuntzako eta administrazioko lehen gestioak egiten diren bitartean.

Horri gehitu behar zaio gazte multzo hau: behin adin-nagusitasunera iritsi direnean, babesteko egoitza-baliabideetan edo harrera-familietan egonaldia luzatzeko aukera duten gazteak.

Noiz erabakitzen da haur edo nerabe bat babesgabetasun egoeran dagoela?

Haur guztiek familia giro beroa eta sendoa behar dute familia bezala hazi, bizi eta hezteko. Onena litzateke hori familian bertan gertatzea baina gure gizartean badira guraso asko, gauza bat dela edo besta bat del aeta, arazoak dituztenak edo zailtasun handietan daudenak eta, ondorioz, ezin zaindu dituztenak seme-alabak modu egoki batean.

Haurra babesgabetasun egoeran dagoela esaten da haurra egoera larri batean dagoenean gurasoek zaintzen ez dutelako eta behar bezalako arreta ematen ez diotelako; orduan, familiarengandik urruntzea da modu bakarra haurraren ongizate fisikoa eta psikologikoa bermatzeko.

Gipuzkoan, adingabeen segurtasuna eta ongizatea zaintzen duen erakundea Gipuzkoako Foru Aldundia da, eta hari dagokio egoera horretan dauden haurren babesgabetasun egoera erabakitzea.

Zer gertatzen da haur baten babesgabetasuna erabakitzen denean?

Babesgabetasuna erabakitzen denean, haurrak gurasoekin bizitzeari utzi egiten dio, eta Foru Aldundiak erabakitzen duen leku batera joaten da bizitzera, familiaren etxetik kanpora (harrera pisu bat izan daiteke edo harrera familia baten etxe bat).

Babesgabetasuna erabakitzen denean, Foru Aldundiak haurraren tutoretza ere bere gain hartzen du, eta gurasoei eten egiten zaie, aldi baterako, guraso agintea. Horrek esan nahi du Foru Aldundia izango dela haurraren zaintzari, arretari, heziketari eta osasunari buruzko erabaki guztiak hartuko disuena. Orobat, hark erabakiko ditu bisita erregimena eta familiarekin izango dituen harremanak, besteak beste.

Zer egin dezake guraso batek ados ez dagoenean babesgabetasuna erabakitzeko kontuan hartu diren arrazoiekin?

Gurasoak ados ez daudenean Foru Aldundiak beren semearen edo alabaren babesgabetasuna erabakitzeko eman dituen arrazoiekin, erabaki horren ebazpena (Foru Agindua) gora jo dezakete epaitegian.

Epaitegiak Foru Aldundiaren esku-hartzea berraztertuko du, eta erabaki dezake babesgabetasunaren erabakia indarrik gabe uztea eta haurra familiaren etxera itzultzea (iruditzen bazaio ez zegoela arrazoirik haurra familiarekin itzultzea), edo baieztatzea haurra Foru Aldundiaren babosean jarraitzea (arrazoiak ikusten baditu gurasoengandik bereizteko).

Errekurtsoa Lehen Auzialdiko Epaitegian aurkeztu behar da (Familia), txandan dagokion horretan: kalkutako Teresa plaza 3, 1. solairua (Epaitegiko eraikina – Egiako auzoa).

Gurasoren batek errekurtsoa jarri nahi badu, oso garrantzitsua dad hauek kontuan izatea:

  • BI HILABETEKO epea dute babesgabetasuna erabaki duen ebazpena (Foru Agindua) gora jotzeko. Epe hori zenbatzen hasten da ebazpena jakinarazi zitzaien egunetik aurrera.
  • Abokatu bat eta prokuradore bat beharko dute errekurtsoa prestatzeko eta familia epaitegiaren aurrean aurkezteko. Baliabide ekonomikorik eduki ezean, epaitegiari eskatu diezaiokete profesional horiek izenda ditzan, eta administrazioak berak ordainduko die haiei.

Bi hilabete igarota, gurasoek EZIN IZANGO DUTE seme-alaben babesgabetasuna erabaki zuen aurkako errekurtsorik jarri. Hala ere, epaitegiaren aurrean eska dezakete babesgabetasun egoera indarrik gabe uztea, eta haurra familiarekin itzultzea, ondoren azalduko dugun epean eta prozedurari jarraituta.

Zer egin dezakete gurasoek haurra familiarekin itzultzea nahi badute?

Guraso batek uste badu egoera aldatu egin dela (babesgabetasuna eragin duen egoera) eta haurraren zaintzaren ardura berreskuratzeko moduan daudela, Donostiako Familiako Epaitegiari eska diezaiokete babesgabetasun egoera indarrik gabe uztea, eta erabakitzea haurra itzul dadin familiaren etxera.

Horrelakorik eskatu nahi izanez gero, oso garrantzitsua da hauek kontuan izatea:

  • Bi urteko epea dute Familia Epaitegiari eskatzeko. Epe hori zenbatzen hasten da babesgabetasun egoera erabaki zuen ebazpena (Foru Agindua) jakinarazi zitzaien egunetik aurrera.
  • Abokatu bat eta prokuradore bat beharko dute errekurtsoa prestatzeko eta familia epaitegiaren aurrean aurkezteko. Baliabide ekonomikorik ezean, epaitegiari eskatu diezaiokete profesional horiek izenda ditzan, eta administrazioak berak ordainduko die haiei.

Zer gertatzen da 2 urte joan direnean gurasoek semearen edo alabaren babesgabetasuna erabaki duen ebazpena (Foru Agindua) jaso zutenetik?

Bi urte joan direnean gurasoek semearen edo alabaren babesgabetasuna erabaki zuen ebazpena (Foru Agindua) jaso zutenetik, EZIN izango dute Familia Epaitegira jo babesgabetasun egoera indarrik gabe utz dezan eta haurra familiaren etxera etor dadin eskatzera. Orobat, ezingo dute, epaitegi horretan, Foru Aldundiak hartzen duen inolako neurririk gora jo (haurraren zaintza, arreta, heziketa, Osasuna, bisita erregimena eta harremanak… eta abar).

Hala ere, 2 urteko epea igarota, gurasoek Foru Aldundia eta Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko Fiskaltza jakinean gainean jar ditzakete, babesgabetasun egoera erabakitzeko baldintzetan aldaketaren bat gertatu bada.

Foru Aldundiak erabaki dezake, edonoiz, babesgabetasun erabakia indarrik gabe uztea, eta haurra aitarekin edota amarekin itzultzea, betiere ez badago modu egonkorrean integratuta harrera familian eta irizten ez bazaio haurrarentzat onena bertan jarraitzea dela.

Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko Fiskaltzak (Adingabeen Atala) Kalkutako Teresa plazan dago, 3. zenbakian, 2. solairuan, Donostian (Epaitegien eraikina – Egiako auzoa).

Zer egin dezakete gurasoek ados ez badaude Gipuzkoako Foru Aldundiak seme edo alabaren inguruan hartzen dituen neurri edo erabakiekin familiaren etxetik kanpo bizi den bitartean?

Haurra familiaren etxetik kanpo bizi den denboran zehar (harrera pisu batean edo harrera familia batean), Foru Aldundiaren ardura da haurraren inguruko neurriak hartzea, betiere haurraren zaintzaren, arretaren, heziketaren, osasunaren, bisita erregimenaren eta familiarekiko harremanen eta abarren mesedetan.

Gurasoa ados ez badago neurri edo erabaki hauekin, errekurtsoa jar dezake Familia Epaitegiaren aurrean, betiere 2 urteko epea iraungi ez bada semearen edo alabaren babesgabetasun egoera erabaki zuen ebazpena jakinarazi zitzaionetik (Foru Agindua).

Epaitegiak Foru Aldundiaren neurriak edo erabakiak berrikusiko ditu, horiek hartzeko arrazoiak, eta indarrik gabe utz ditzake, haurraren ongizaterako egokiak ez direla uste badu, edo bere horretan utz ditzake, neurriok haurrarentzat egokienak direla uste badu.

Errekurtsoa txandan egokitu zaion Donostiako Lehen auzialdiko epaitegiaren aurrean aurkeztu behar da (Familia). Epaitegi hori arestian aipatutako helbidean dago.

Guraso batek errekurtsoa jarri nahi baldin badu, oso garrantzitsua da hauek kontutan izatea:

  • BI HILABETEKO epea dute neurri edo erabaki bat gora jotzeko. Epe hori ados ez dauden neurria edo erabakia iragarri zaien jakinarazpena (Foru Agindua) jaso zuen egunetik aurrera hasten da zenbatzen.
  • Abokatu bat eta prokuradore bat beharko dute errekurtsoa prestatzeko eta familia epaitegiaren aurrean aurkezteko. Baliabide ekonomikorik ezean, epaitegiari eskatu diezaiokete profesional horiek izenda ditzan, eta administrazioak berak ordainduko die haiei.

Larrialdiko harrera

Legezko babes-neurri bat hartzea da, adingabea familiatik bereizita, behin betiko balorazioa egin baino lehen, eta une horretan dauden adierazleen arabera arrisku larrikoa izan daitekeen eta ahultasuna eragin dezakeen egoera baten aurrean, adingabeak babesteko helburuaz.

Neurri hau gauzatu daiteke harrera familia batean (haurrarekin harremanik ez duen familia batean zein familia zabaleko kide batekin) edo Egoitza Harrerako Sarearen zentroren batean.

Erreferenterik gabeko adingabe atzerritarren larrialdiko harrera beti horretarako propio prestatuta dagoen zentro batean egiten da, hauen arretaren behar bereziak era egokian atenditzeko eta hizkuntzaren mugak gainditzeko.

Haur eta Nerabe gaietarako Eskualdeko taldeak

Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketetako eta Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuak Haur eta Nerabe gaietarako Eskualdeko Taldeak (HNET) sortu ditu laguntza eman dezaten haurrak babesteko Aldundiaren eskumeneko gaietan. Talde bakoitzak Gipuzkoako Lurralde Historikoko gune jakin batean egiten du lan, eta gaur egun lau talde daude lanean lurralde osoan.

HNETak Haurren Babeseko Sarrera Atalaren mende daude funtzionamendu aldetik eta atal hori Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuko Haur, Nerabe eta Gazteen Zerbitzuaren barruan dago.

Haurren Babeseko Sarrera Atalaren funtzioak honako hauek dira, besteak beste:

  • Gipuzkoako lurraldean adingaberen bat babes gabezia egoera larrian dagoen susmoa adierazten duten idatziak jaso eta aztertzea. Jakinarazpen gehienak udaletako gizarte zerbitzuetatik bidaltzen dira, beraiek baitute arrisku egoeran dauden haur edo nerabeak babesteko lehenengo ardura.
  • Jakinarazpen horietan adierazitakoa baloratzea, hau da, haurren babes gabeziako egoera larri baten aurrean gauden edo ez baloratzea, eta, hala balitz, babes neurri egokiak hartzea: banakako edo familiako tratamendua egitea egoera hori zuzentzeko edo, kasu larrienetan, adingabea bere familia ingurutik urruntzea eta harrera familia batean edo harrera zentro batean integratzea.
  • Haurren babes gabeziako egoera larrietan, banakako edo familiako esku hartzeak gauzatzea adingabea bere familia inguruan uztea posible dela uste denean.
  • Legezko babes neurriak proposatzea eta kasua egoitza harrerara edo familia harrerara bideratzea adingabea familiatik banantzeko neurria hartzen denean, erabilgarri dauden baliabideen bitartez esku hartze egokiena gauzatzeko.

Zer da Haur eta Nerabe gaietarako Eskualdeko Taldea (HNET)?

Goian aipatutako eginkizunetan Haurren Babeseko Sarrera Atalarekin elkarlanean aritzen den taldea da, eta talde horren barruan gizarte langileak eta psikologoak daude. Aipatutako ataleko profesionalek gainbegiratzen dute talde horren lana.

Beren funtzioak betetzeko, HNETek familiekin eta adingabeekin egin behar dute lan eta, aldi berean, beraiekin harremanetan dauden profesionalekin. Kasu gehienetan, profesional horiekin egin beharreko koordinazio lana familiekin egin beharrekoa bezain garrantzitsua da eta, koordinazio lan hori falta bada, familiekin egin beharreko lanak arrakasta gutxiago eduki dezake.

Zer lan egiten du Haur eta Nerabe gaietarako Eskualdeko Taldeak?

Haur eta Nerabe gaietarako Eskualdeko Taldeak ondorengo zereginak ditu:

  • Adingabeek izan ditzaketen babes gabezia egoerak baloratzea: harremanak izaten dituzte familietako kideekin eta beren lanarekin zerikusia duten profesionalekin (ikastetxeak, osasun zentroak, esku hartze zerbitzuak, etab.), adingabea babes gabezia egoera larrian ote dagoen aztertzeko eta adingaberentzat zein den babes neurri egokiena baloratzeko. Horretarako, profesionalen informazioak garrantzi handia dauka eta askotan ezinezkoa da balorazio zuzena egitea informazio hori eduki gabe.
  • Banakako edo familiako esku hartzeen jarraipena egitea adingabea familia inguruan gelditzen denean. Garrantzitsua da argitzea HNETek ez dutela zerbitzu esku hartzailerik eskaintzen, baizik eta beste ekipo batzuen esku hartzeen jarraipena egiten dutela. Horretarako, Haurren Babeseko Sarrera Ataleko talde esku hartzaileen lanaren koordinatzaile gisa aritzen dira. Horrek esan nahi du: a) talde esku hartzaileari familia aurkeztea eta bere gain hartzea kasuaren ardura, b) esku hartzearen norabide orokorra markatzea, c) norabide horren jarraipena egitea edota aldaketak proposatzea behar izanez gero.
  • Legezko neurriak gauzatzea: beharrezkoa denean, adingabea bere familia ingurutik ateratzeko eta zentro batean edo harrera familia batean integratzeko zereginetan parte hartzen dute, betiere, Foru Aldundiak neurri hori onartu ondoren.
  • Esku hartzerik gabeko kasuen jarraipena: familiak ez duenean nahi gizarte zerbitzuen laguntzarik, nahiz eta egoera larria izan, ez da egokitzat jotzen banantzeko neurririk hartzea eta, beraz, familiarekin harremanak dituzten profesionalen bitartez adingabearen egoerari buruzko jarraipena egiten da. Batzuetan, familiak berak emandako informazioaren bitartez egiten da jarraipen hori.
  • Aholkularitza udaletako gizarte zerbitzuentzat: aholkuak ematen dizkie Gipuzkoako udaletako gizarte langileei, beren eskumeneko kasuak direnean (arrisku egoera edo babes gabezia egoera arina edo ertaina).

Haur eta Nerabe gaietarako Eskualdeko Taldeen lanaren oinarrizko printzipioa.

Nahiz eta HNETek eta talde esku hartzaileek erantzukizun handiko lana egin familiekin babes gabezia larriko egoeretan, esperientziak esaten digu, eta legeak horrela egiaztatzen du, haurren babesa gizartearen erantzukizuna dela eta, beraz, profesional, erakunde eta partikularren ardura. Bestela, gure lanaren eraginkortasuna gutxitu egiten da eta, ondorioz, neska/mutilek eta beren familiek laguntza gutxiago jasotzen dute arazoak konpontzeko.

Beraz, oso garrantzitsua da guretzat aipatutako taldeen lankidetza, eta kasu jakin batean gure profesionalekin elkarlanean aritu behar dutenean ahalegin guztiak egingo ditugu harreman hori errazteko.

Nola antolatzen dira Haur eta Nerabe gaietarako Eskualdeko Taldeak?

Gipuzkoako Lurralde Historiko osoa hartzen duten lau talde daude. Ondorengo udalerrietan daude kokatuta: Hondarribian, Tolosan , Zarautzen eta Donostian. Talde bakoitzak jarduketa gune jakin bat hartzen du ondorengo banaketaren arabera

  • 1. TALDEA: Bidasoa eta Oarsoaldeko eskualdeak hartzen ditu. Egoitza Hondarribian dago.
  • 2. TALDEA: Hernanialdea, Tolosaldea eta Goierriko eskualdeetarako. Egoitza Tolosan dago.
  • 3. TALDEA: Urola Kosta, Debabarrena eta Debagoieneko eskualdeak hartzen ditu. Egoitza Zarautzen dago.
  • 4. TALDEA: Donostian aritzen da eta bere egoitza udalerrian bertan dago.

Nola jarri harremanetan Haur eta Nerabe gaietarako Eskualdeko Talde batekin?

HNETek jasotzen dituzten eskaerei Gipuzkoako Foru Aldundiaren edo Gipuzkoako udaletako gizarte zerbitzuen bitartez soilik erantzungo zaie. Hala ere, duten lanarengatik, profesional mota guztiekin dituzte harremanak. Kasuren bat el aeta, HNETeko profesional betekin harremanak baldin badituzu, profesional horrek esango dizu zein den harremanetarako bide egokiena kasu horretan lan egiteko.