GEK Gipuzkoako Energia Komunitateak: 20 herri txikitan sortutako Tokiko Energia Komunitateak

 

 

 

Departamentu honek lehentasunezkotzat jo du tokiko energia komunitateen eraketa eta martxan jartzea lurralde osoan zehar eta, bereziki, herri txikietan, 5.000 biztanle baino gutxiago dituztenetan, hain zuzen.

Helburu horrekin, eta Gipuzkoako 20 udalerrirekin sinatutako lankidetza hitzarmenetan oinarrituta, Gipuzkoako Energia Komunitateen GEK proiektua mamitu da.

Proiektuari esker, udalerri bakoitzean Tokiko Energia Komunitate (TEK) bana sortu da, herritarrek eta udalak osatutakoa. Udalak proiektuaren esku jarritako estalki publikoetan instalazio fotovoltaikoak jarri dira, herriko komunitateko kideei energia berriztagarria hornituko diena.

Ekimenak, zalantzarik gabe, onurak dakarzkio ingurumenari, eta tokiko eremutik klimaren aldeko ekintzari laguntzen dio. Gainera, onura sozialak eta ekonomikoak ekartzen ditu; izan ere, bazkideek % 25 murriztu dezakete beren energia-faktura. Era berean, tokiko energía komunitateek pertsona kalteberenak hartzen dituzte kontuan, eta energia-pobreziako egoerak arintzen laguntzen dute.


 

Denera 35 instalazio fotovoltaiko jarri dira jada, megawattio bateko potentziarekin eta urtean gigawattio-ordua edo sortuko duena. Horretarako, 550 wattioko ia 1.900 modulu fotovoltaiko instalatu dira. Instalazio txikienek 10 kilowattio inguru dituzte, 20ren bat moduluri esker; eta handienek, berriz, 100 modulutik gora, 50 kilowattioko potentzia gaindituz.

Instalazioei buruzko informazioa hemen dago.

GEK proiektuan parte hartzen duten 20 herritan 16.500en bat gipuzkoar bizi dira. Proiektura, instalazioen abiatzearekin batera, 1.300 familiatik gora atxiki dira. Gainera, ipinitako instalazioen neurriari erreparatuta, aukera egongo da aurrerago gehiagok ere parte hartzeko.

GEK proiektua 2050 Gipuzkoako Jasangarritasun Energetikoaren Estrategiaren testuinguruan kokatu behar da, bat datorrena, orobat, Gipuzkoa Klima 2050eko 1. helburuan aurreikusitakoarekin: hots, karbono kopuru baxuko energia-ereduaren alde egitea. Estrategiak, besteak beste, energia modu desberdinean sortzearekin, autokontsumo indibiduala zein partekatua hedatzearekin, edota energia-komunitateei laguntzearekin lotzen du berriztagarrien hedapen eraginkorra. Azpimarratzekoa da kontsumitzaile txikiak beste batzuekin elkartzeko duen eskubidearen Europar araudiaren aitortzak, finantza-irabazien ordez bazkideei eta tokiko eremuei ingurumen-, ekonomia- eta gizarte-onurak ekarriko dizkieten TEK Tokiko Energia Komunitate proiektuetan gauzatzen dena. 

Gipuzkoako Energia Komunitateen instalazio fotovoltaikoek dirulaguntzak jaso dituzte ondorengo programa honetan:  

Energia-iturri berriztagarrien bidezko autokontsumoari eta biltegiratzeari eta bizitegi-sektorean sistema termiko berriztagarriak ezartzeari lotutako pizgarri-programa, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. 

4. pizgarrien programa: "Bizitegi-sektorean, administrazio publikoetan eta hirugarren sektorean, energia-iturri berriztagarrien bidezko autokontsumo-instalazioak egitea, biltegiratzearekin edo biltegiratzerik gabe"

 Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren esparruan.