Menu nagusira joan Eduki nagusira joan

mendiak eta babestutako
eremu naturalak

Natura Parkeetako ibilbideak

Imagen de sendero por parque natural

Gipuzkoako Foru Aldundia Gipuzkoako Lurralde Historikoa egituratzen duen Bide Sare bat ari da sustatzen. Horretan, kostatik hurbileneko paisaietan zein barnealdekoetan ari da murgiltzen, sakon murgildu ere, natura, kultura eta historia aldetik esangura berezia duten korridore batzuetan zehar.

Aiako Harriko ibilbideak

Aiako Harriko Parke Naturalak 6.913 hektareako azalera du eta, 800 metrotik gorako granitozko hiru tontorrek, oso itxura berezia marrazten dute: Irumugarrieta, Txurrumurru eta Erroilbide. Paleozoikoan sorturiko mendigunea izanik, Gipuzkoako materialik zaharrenak barneratzen ditu. Aiako Harriko ibilbideak

 

Aizkorri-Aratzeko ibilbideak

Aizkorri-Aratz Parke Naturalak 19.400 hektareako azalera du eta Altzania, Aratz, Aizkorri, Urkilla, Zaraia edo Aitxuri tontorrek eraturiko lerroak, Bizkaiko Golkoa eta Mediterraneoaren urak banatzen ditu. Bertan sortzen dira Gipuzkoako ibai nagusietako hiru: Deba, Urola eta Oria. Aizkorri-Aratzeko ibilbideak

 

Aralarreko ibilbideak

Aralarko Parke Naturalak 10.971 hektareako azalera du eta, Ganbo mendiak (1.412 m) parkeko alderdi gipuzkoarraren kota altuena osatzen du. Aralar, duela 50 milioi urte altxaturiko goi-lautada da, eta kareharriz osatuta dagoenez, elementu horri loturiko leize, haitzulo eta lurrazpiko errekak jasotzen ditu. Parkearen azaleraren laurdena pagadiz estalita dago. Horien gehiengoak, Lizarrustiko gaina eta Balankaleku artean agertzen dira, Gipuzkoako pagadirik zabalena osatuz. Natura-ondarearen benetako harribitxia da. Aralarreko ibilbideak

 

Pagoetako ibilbideak

Pagoetako Parke Naturalak 1.335 hektareako azalera du eta, Urruztume eta Pagoeta tontorrek, inguruaren sabaia osatzen dute. Goialde horietatik hasita, haginak eta gorostiak han-hemenka barneratzen dituzten pagadien eremua zabaltzen da. Hegoaldean Altzolarasko bailara zoragarria dago. Pagoetako ibilbideak

 

Zumaia-Deba Biotopoko ibilbideak

Deba eta Zumaia arteko itsasertz babestu honek 8 kilometro inguru eta 4.299 hektareako azalera du. Biotopoak, Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertzeko ekosistema guztien artean geologia, paisaia eta naturaren aldetik oso balio handia duten elementuak ditu. Senderos del Biotopo Zumaia Deba

 

Ibilbide irisgarriak

Imagen de Senderos accesibles de Larraitz

Pasealeku Irisgarrien Sarearen helburua da pertsona guztiek aukera izatea naturaz eta, zehazki, Gipuzkoako parke naturalen esentziez gozatzeko. Ibilbide sare honen bidez Gipuzkoako natur, kultur eta historia aberastasuna erakutsi nahi da, betiere ahalik eta inpakturik txikiena sortuz ingurumenean.

Biztanleriaren bilakaerari buruzko azterketek erakusten dutenez, adineko pertsonak eta desgaitasunen bat dutenak gero eta gehiago dira. Aldi berean, biztanleriaren talde horrek gero eta gehiago eskatzen eta behar du naturaz eta aisiaz gozatu ahal izateko aukera.

Desgaitasuna duten pertsonak -fisikoa, ikusmenekoa, entzumenekoa, adimenekoa edo organikoa, aldi baterakoa edo iraunkorra- ere kontuan hartzen baditugu, gizartearen zati handi batek mugatua duela natura inguruneaz gozatzeko aukera ikusiko dugu. Gizarte zati horretan sartzen baitira lesio puntualak dituzten pertsonak eta, euren gaitasuna edo mugikortasuna, denboraldi baterako, murriztuak dituzten pertsonak.

Beraz, herritar guztiek naturaz gozatzeko aukera izan dezaten, beharrezko euskarriak eman behar zaizkie, hain zuzen pertsona guztiek modua izan dezaten natura ingurunera kalitate, erosotasun eta segurtasun bermez hurbiltzeko.

Pasealekuen ezaugarriak

 

Pasealeku irisgarriak 1,5 – 2 km luze ingurukoak dira, eta balio natural, historiko edo kultural garrantzitsuak dauzkaten inguru enblematikoetan daude.

Paseo errazak dira, zeren eta gehienezko maldak % 8koak baitira, eta malda handieneko tarteetan meseta nibelatuak prestatu dira gainera, atseden hartu ahal izateko. Bidea 2 m zabal da, eta zorua hormigoi inprimatuzkoa, egokia alegia aulki gurpildunentzat eta ibiltzeko zailtasunak dauzkaten pertsonentzat. Bideek uki desberdineko gida distal bat daukate, itsuek ere trazatuaren nondik norakoak ezagutu ahal izan ditzaten. Era berean, zeharkako gida batzuen bidez informazio-panelak adierazten dira bidean zehar.

Pasealekuek baranda bat daukate, altura biko eskudel batez; horretan ukipen-plakak eta botoiak jarri dira, distantzia, atsedenleku, panel, eserleku eta abarri buruzko informazioa emateko.

Ibilbideetan zehar informazio panelak aurkituko ditugu, altuerliebe eta braillez prestatuak, inguruko natur eta kultur baliabideei buruzkoak. Brontzezko hainbat figura ere jarri dira, faunako espezie batzuk erakustearren.

Ibilbide osoan zehar zurezko eserlekuak jarri dira, diseinu irisgarrikoak; horietatik bista zoragarriak izango ditugu gozamenerako.

Ilundutakoan ere orientatzen laguntzeko, pasealekuak argituta egoten dira, bi orduz, bidekaria abiapuntura itzuli ahal izan dadin. Bideko argiaz gain, argi berde puntu batzuk jarri dira norabide bateko ibilian, eta argi gorrikoak, berriz, kontrakoan.

 

 

Pasealekuen kokapena

Aizkorri-Aratzeko eta Aralarko parke naturaletako pasealeku irisgarriak eginda daude jada, eta Arantzazun eta Larraitzen (Abaltzisketa) daude, hurrenez hurren. Pagoetako pasealekua proiektu fasean dago, eta Aiako Harrikoa plangintza fasean.

Arantzazuko ibilibide irisgarria

Aizkorriko Parke Naturalean aukeratutako ibilbidea aspaldiko bide bat da, eta Arantzazuko santutegia eta Gomiztegi baserria, gaur egun Artzain Eskola dena, lotzen ditu. Garrantzi historiko handiko ibilbidea da, eta erakargarritasun handiko bi leku lotzen ditu. Gomiztegi baserriak garrantzi handia izan du Arantzazuren historian, lurreko produktuen hornitzailea baitzen Apaizgaitegirako eta Komenturako.

Garai batean maiz egiten ziren Gomiztegiren eta Arantzazuren arteko joan-etorriak, baina gaur egun gutxi erabiltzen da ibilbide hori. Hura egokituta, aldiz, Santutegira eta Gandiaga Topagunera inguratzen den jende ugariak ingurune natural paregabeaz gozatu ahal izango du, inguru hartako mendi irteerei beste aukera bat eskainita.

Pasealekuaren ezaugarriak:

  • Distantzia: 3,5 km (joan – etorri)
  • Denbora: 1 ordu (joan – etorri)
  • Desnibela: < 100 m
  • Gehienezko garaiera: 800 m
  • Gutxieneko garaiera: 740 m
  • MIDE balorazioa:
    • Ingurua: 1
    • bilbidea: 1
    • Desplazamendua: 1
    • Ahalegina: 1
    • Balorazioa: oso erraza
    • Oinetakoak: ez da oinetako berezirik Behar

Arantzazuko ibilbide irisgarria

 

Larraitzeko ibilbide irisgarria

Larraizko pasealeku irisgarria Larraizko ermitan (Abaltzisketa) hasten da, Aralarko Parke Naturaleko ate nagusietako batean, eta Abaltzisketako herriguneraino heltzen da. Pasealeku horrek Aralarko Parke Naturalaren ikuspegi zoragarriak eskaintzen ditu, eta baita Amezketa eta Abaltzisketako udalbarrutietako landa eremuetakoak ere, baso erabilerak, nekazaritza eta abeltzaintza elkarrekin bizi direla.

Pasealekuaren ezaugarriak:

  • Distantzia: 3 km (joan – etorri)
  • Denbora: 50 minutu (joan – etorri)
  • Desnibela: < 100 m
  • Gehienezko garaiera: 410 m
  • Gutxieneko garaiera: 370 m
  • MIDE balorazioa:
    • Ingurua: 1
    • Ibilbidea: 1
    • Desplazamendua: 1
    • Ahalegina: 1
    • Balorazioa: oso erraza
    • Oinetakoak: ez da oinetako berezirik behar

Larraitzeko ibilbide irisgarria

 

DSS2016 GR Sarea

GR2016.EU SAREAk, Gipuzkoako 7 GR nagusien bitartez, lurraldean dauden Natur Gune Babestu guztiak lotzen ditu oinez egiteko moduan.

Imagen de GR

GR 121 Talaia ibilbidea

Hondarribitik Mutrikuko Saturraran hondartzaraino doan mendi Ibilbide Luze (GR) hau garai bateko baleazaleek, zelatatzeko, erabiltzen zituzten talaietatik zehar doa eta, hortik zidorraren izena. Itsasoari begira egiten den bide honetan Jaizkibel-Ulia KBEa, Iñurritza Biotopoa, Garate-Santa Barbara KBEa eta Euskal Kostaldeko Geoparkea gurutzatzen dira; baita ere, hainbat hondartza, kala, gotorleku, herri eta auzo. Horregatik, aukera paregabea eskaintzen du Gipuzkoako natura eta kultura ezagutzeko. GR 121 Talaia ibilbidea

 

GR 121 Bizkar ibilbidea

Mutrikutik Arantzazura doan mendi Ibilbide Luze (GR) hau Gipuzkoaren eta Bizkaiaren arteko mugatik doa: Kantauri itsasoa Aizkorri-Arazko Natur Parkearekin lotzen du. Deitura egoera horri zor dio, bidea, mugatik, bizkarrez bizkar baitoa eta Bizkaia izena ere bizkar etik datorrelako. Xenda honetan zehar Arno KBEa igaroko da eta baita industriaguneak ere, lurraldeari hainbat urtetan indarra eman diotenak: aspaldiko gatzagetatik hasita gaur egungo altzairu lantegietaraino, labe garaiak ahaztu gabe. GR 121 Bizkar ibilbidea

 

GR 121 Epaipide ibilbidea

Epai hitzak esanahi asko ditu, horien artean: mendi tontor eta mozketa: Mendi Ibilbide Luze (GR) honek izena bi horietatik hartzen du. Alde batetik mendi-zerra ugari gurutzatzen direlako eta, bestetik, Nafarroaren eta Gipuzkoaren arteko muga honetan hainbat herri-baso daudelako, nondik inguruko biztanleek etxerako egurra, epaitza, mozten duten. Xendan zehar Aralar Natur Parkea, Leitzaran Biotopo Babestua eta Aiako Harria Natur Parkea gurutzatzen dira, Lizarrustitik Hondarribiraino. Nafarroaz gain, Iparraldetik ere igarotzen da ibilbidea. GR 121 Epaipide ibilbidea

 

GR 283 Gaztaren ibilbidea

Aralarko eta Aizkorri-Arazko Natur Parkeak lotzen dituen Ibilbide Luze (GR) zirkular honek gaztaren ekoizpenean dauden arlo desberdinak ikusteko aukera ematen du: artaldeek bazkatzen duten zelaietatik hasita, haien esnearekin egindako gazta saltzen den merkatuetaraino. Bidean artzain-txabolak, saroiak, bentak, artzaintzaren eta gaztaren museoak eta artzain eskola aurkitzen dira. Baita ere, artzainen bizitza- eta heriotzarekin lotura zuzena duten hainbat megalito. Horretaz gain, burdinola- eta meatze-arrastoak, santutegiak eta elizak eta beste hainbeste giza eraikin ere ikusgai dira. GR 283 Gaztaren ibilbidea

 

GR 35 Altxonbide ibilbidea

Artzaiek ardiak maiatzean igotzen dituzte lur garaietara eta urrian jaitsi zonalde epelagoetara, beti animalientzako belar bila. Ibilbide Luze (GR) honen bitartez Lizarrusti, Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko muga, Zarautzekin, Gipuzkoar kostaldearekin, lotzen da artzain-bide horiei jarraika. Altxonbide izenak ere esanahi hori du: Artzainen Bidea. Xenda honen bitartez honako babesguneak lotzen dira: Aralar Natur Parkea (Lizarrusti), Hernio-Gazume KBEa, Pagoeta Natur Parkea eta Iñurritza Biotopo Babestua (Zarautz).GR 35 Altxonbide ibilbidea

 

GR 285 Mendibai ibilbidea

Gipuzkoako ibilbide sarean luzeena eta gogorrena den mendi Ibilbide Luze (GR) honek Elgoibar Hondarribiarekin lotzen du hiru maratoiko distantzia batean. Xendan zehar Gipuzkoako bost ibai garrantzitsuenak (Deba, Urola, Oria, Leitzaran eta Bidasoa) eta hainbat mendizerra (Karakate-Irukurutzeta, Izarraitz KBEa, Ernio-Gazume KBEa, Adarra, Aiako Harria, ) gurutzatzen dira Gipuzkoako lurraldearen barnealdetik. Ezaugarri horiek garbi uzten dute ibilbidearen izenaren esanahia.GR 285 Mendibai ibilbidea

 

GR 286 Araindarri (Hiru Tenpluen) ibilbidea

Zumaiatik Arantzazura doan mendi Ibilbide Luze (GR) honek Euskal Kostaldeko Geoparkea Aizkorri-Aratz Natur Parkearekin lotzen du, Izarraitz KBEa ere gurutzatzen delarik. Harriarekin duen harremana eta harri horiek sortzen duten zirrara dira bide honen ezaugarri nagusiak: Flyscheko, Ekaingo, Izarraitzeko eta Aizkorri-Aratzeko harriek aspaldiko garaien oihartzunak dakartzate; Loiolako santutegiko, Antio baselizako eta Arantzazu santutegiko harriek, berriz, haraindiko hotsak; eta Mirandaolako eta Brinkolako burdinola-errota guneetako harriek, azkenik, garai bateko industriaren zalaparta.GR 286 Araindarri (Hiru Tenpluen) ibilbidea