Aiako Harria Natura Parkea

Aiako Harriko Natura Parkearen irudia

Aiako Harria Natura Parkea Gipuzkoaren ekialdeko muturrean dago, Bidasoaren eta Urumearen artean. Barruti hauxe dugu piriniar mendikatearen abiapuntua, mendebaldeko muturrean. Eremuz 6.913 ha hartzen ditu, eta apirilaren 11ko 241/1995 Dekretuak izendatu zuen natur parke; horren aurretik, baina, Natur Baliabideak Antolatzeko Plana onartu zuen apirilaren 11ko 240/1995 Dekretuak. Eta Aiako Harria Natura Parkearen Erabilera eta Kudeaketarako Plan Eraentzailea apirilaren 16ko 87/2002 Dekretuaren bidez onartu zen. Aiako Harria Natura Parkea Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu du 355/2013 Dekretuak; horren bidez beharrezko kontserbazio neurriak hartu dira, parke naturalean dauden eta 92/43/EE Habitat Zuzentarauaren I. eta II. eranskinetan jasotzen diren habitat motetarako eskakizun ekologikoak betetzearren.

Natura Parkearen eremuaren % 80 titularitate publikokoa da, eta hainbat udalerritan dago banatuta: Irunek 751 ha dauzka, Oiartzunek 2.507 ha, Errenteriak 1.672 ha, Hernanik 385 ha, eta Donostiak 212 ha.

Aiako Harria Natura Parkeko orografia oso deigarria da; orratz eta pareta malkarrezko erliebe batek, harrigarri eta berezi, euskal kostaldeko mendirik malkartsuen eta originalena egiten dute. Harri-azaleratzea, berez, parke naturalaren eremu osoaren seiren bat da gutxi gorabehera.

Klima ozeanikoa da, eta prezipitazio ugari dauzka (2.200 mm-tik gora urtean, eta gailurretan 2.800 mm-tara iristen dira).

Erdiko zonak Aiako Harria Natura Parkeko granitozko mendigunea hartzen du, 800 m-tik gora egiten duten hiru gailur zeharo deigarriz, Irumugarrieta, Txurrumurru eta Erroibide baitira. Gailurrok badira ere zonarik garaiena, granito-azaleratzeak eratzen duen mendilerroa Oiartzunen hasten da, eta neurri batean Nafarroarekiko muga segitzen duelarik mendebaldetik ekialderantz, Bidasoa Beherean amaitzen da (parke naturalaren ekialdeko muga). Mendebaldetik ekialdera hainbat gailur zapal ditzakegu, honakoak: Zaria (635 m), Bunanagirre (781 m), Bianditz (797 m), Errenga (786 m), Aiako Harria (Erroibide -838 m-, Txurrumurru -829 m- eta Irumugarrieta -812 m-), Irupagoeta (534 m), Erlaitz (498 m) eta Pagogaña (480 m). Sorburu granitikoa duen mendilerro zeharo berezi honetaz gain, parkean badira beste sorburu bat duten beste gailur batzuk, esaterako Urumeatik hurbil hegotik iparrera doazenak, Urdaburu (599 m) eta Aldura (537 m) besteak beste.

Interes geologikoa are handiagoa da mea zainak direla eta; horietako batzuk, izan ere, gutxienez erromatarren garaiaz geroztik izan dira ezagunak eta ustiatuak. Arditurri-Otsamantegi (Oiartzun) inguruan, meatzaritza-jarduera gutxienez erromatar garaitik 1984ko urtea arte iritsi da. Zeharo gauza harrigarria da meategi barruti bat ia-ia etenik gabe ustiatu izana 2.000 urte baino gehiagotan zehar. Historian zehar Aiako Harritik mea desberdinak atera dira, hala nola zilarra, kobrea, burdina eta zinka. Arditurriko gunea izugarria da, zainak 12 m zituen-eta zabal. 2008ko ekainaz geroztik bada jendeari zabaldutako meategi harrigarri bat, huste- eta hondeatze-lan bolumen handi batez. Laster galeria gehiago zabaltzea aurreikusten da. Oiartzungo meatzaritza-jarduera biziaz gain, Irunen ere izan da meatzaritza-jarduera bat, beste hura baino berriagoa baina. Irugurutzetako labeek (gaur egun berreskuratze fasean daude) burdin karbonatoa kaltzinatzen zuten XX. mendearen hasieraz geroztik; mea hori Meazuri, Meagorri, Aitzondo eta Basakaizko galerietatik zetorren.

Meatzaritza-jarduera bizi horri loturik, parkean ugari topatuko ditugu mea horiei irteera ematen zieten trenbideen aztarnak. Gaur egun bide berde zoragarriak dira, parkean sartu ahal izan gaitezen, eta harrigarrienetako bat Artikutzako trenaren bidea segitzen duena da.

Parke naturaleko landaretzak hainbat baldintzatzaile ditu, hala nola substratu geologikoa -azidoa baita-, klima epela, baso ustiapena eta abeltzaintza erabilerak.

Lurzoruaren erabilera nagusia basogintza da, eta eremuaren zati handiena hartzen du: pagadiak, hariztiak eta baso-sailak, hala koniferoz nola hostozabalez osatuak. Artzaintza estentsiboak halako garrantzi bat badu goiko zonetan, eta sakabanatuago ageri da, berriz, besteetan. Baserri gutxi dago espazio honetan, eta daudenak berak sakabanatuta ageri dira. Gipuzkoako ekialdeko zerrendako hiriguneen hurbiltasuna dela eta, espazio honek laket eginkizun garrantzitsua betetzen du, eta asko dira bertara jotzen duten txangozaleak, mendizaleak, piknik taldeak, biltzaileak, etab.

Hartzen duten eremuari erreparatuta garrantzitsuenak diren habitatak pagadi azidofiloak (619 ha), harizti azidofiloa (Quercus robur, 1.217 ha), txilardi lehor azidofiloak (466 ha) eta haltzadi eta lizardiak (138 ha) dira.

Fauna-interesari begira, zonarik garrantzitsuenak Endarako hariztia eta erreka, Enbidoko ur-jauzia eta basoa, Aiako Harriko granitozko harkaiztiak, Urdaburu-Añarbeko baso-masa eta, Oiartzun, Karrika eta Sarobe errekak dira. Giro ugaritasunak bultzatu egiten du horiei lotutako fauna ere izatea: sai arrea eta belatz handia giro errupikoletan, muturluzea, bisoi europarra eta izokina ibai ingurunean.

Parkera iristen den jende kopurua handia da; izan ere, 300.000 biztanle inguru ditu bere eragin eremuan. Kontuan hartu behar da Donostialdearen eta Bidasoa Beherearen artean dagoela, eta eskualde horiexek biltzen dute Gipuzkoako biztanleriaren erdia ia-ia.

Parkera sartzeko “ate” ezagunenak, jendeak gehien erabiliak, honakoak dira: ·

- Hernani: Ereñotzu eta Ugaldetxo 

- Errenteria: Listorreta-Barrengoloia 

- Oiartzun: Karrika eta Arditurri.·

- Irun: Meaka

Parke barnetik doan errepidean zehar badira autoa utzi eta parkean sartu ahal izateko prestatuta dauden guneak. Gehien erabiltzen direnak Sorotxiki (GI-3631), Elurretxe (GI-3632) eta Endarlatsa (N121) dira Irunen, eta Arritxulegi (GI-3420), Kausoro eta Uzpuru Oiartzunen (GI-3631).

Natura Parkeko urteko memoriak

Lotura interesgarriak