Onurak


Bizikletak, XIX. mendean garatutako ibilgailu teknologiko apal, eraginkor, ekonomiko eta sinple bat izanik, jarraitzen du, gaur egun ere, guztiz baliozkoa eta eraginkorra izaten hiriko biztanleen joan-etorri beharren zati handi bat betetzeko.

8 km-tik beherako distantzietan ibilgailurik azkarrena da, bizikletak autoa ordezkatu dezake lasai asko, eta, pedalei eragiteko laguntza elektrikoa duten bizikleten kasuan, erradio hori nabarmen handitzen da.

Gainera, garraio kolektiboekin batera erabilita, aukera ematen du distantzia ertain eta luzeko ibilbideak autoa erabili behar izan gabe atetik atera egiteko.

Bizikletak ez du kutsatzen, isila da, eta toki gutxi hartzen du. Bizikletaren erabilerak onura ekologikoa dakar, autoaren eta motoaren erabilera ordezkatzen duelako eta, ondorioz, ibilgailu horiek sortzen dituzten isuri kutsatzaileak eta zaratak murrizten direlako.

Aldi berean, horrela gure energia-mendekotasuna txikiagoa izaten da, eta baliabide berriztaezin urrietan aurreztu egiten da.

Ia edonork eta edozein adinetan erabil dezake. Hortaz, bizikletak mugikortasunaren demokratizazio handiagoari, autonomia handiagoari eta zerbitzu guztietara heltzeko irisgarritasun handiagoari laguntzen dio edozein adin eta egoera ekonomikotako jendearentzat.

Ez du ia energiarik gastatzen, eta, oinezko batek kontsumitzen dituen kalorien laurden bat kontsumituz, oinezkoaren abiadura baino 3-4 bider azkarragoa hartzen du.

Diru gutxirekin eros daiteke, eta mantentze-lana erraza eta merkea da.

Halaber, beste hainbat onura ekonomiko dakartza:

  • Kotxe edo motor bat bizikleta batekin ordezkatzeak haiek erosteko eta mantentzeko erabiltzen den familiaren aurrekontua gutxitzen da.
  • Osasun arloko gastuak murrizten dira, ariketa maiztasunez egiteari esker.
  • Bidegorrietan egindako inbertsioek, proportzioan, automobilera bideratutakoek baino itzulkin ekonomiko handiagoa sortzen dute.
  • Hiri-merkataritza suspertu egiten da pedalei eragiteko egoera hobetzen denean.
  • Langileek lantokira iristeko bizikleta erabiltzea bultzatzen duten enpresek kostuak aurrezten dituzte, eta laneko bajen kopurua murrizten da.

Bizikletak aukera ematen du leku batetik bestera mugitzearekin batera ariketa fisikoa egiteko. Horrek onura asko eragiten dizkio osasunari. Hala nola:

  • Egunero bakarrik 10 minutuz pedalei eragiteak muskulatura eta giltzadurak sendotzen ditu eta zirkulazio-sistema bizkortzen du.
  • Bizikletan astean 4 orduz ibiltzea nahikoa izaten da era askotako gaixotasunei aurrea hartzen eta arintzen laguntzen du.
  • Izurrite garaian bizikleta eta oinez ibiltzea dira desplazamendu modu higienikoenak, beste pertsona batzuekiko kontaktu fisikoa hobekien murrizten dutenak, sistema immunologikoa gehien indartzen dutenak izateaz gain.

 


Autoaren eta moto partikularraren gehiegizko erabilerak eragiten dituen ondorio negatiboen ondorioz, mugikortasun iraunkorraren helburua da ibilgailu horien joan-etorrien ordez oinez eta bizikletaz ibiltzea, eta garraio publikoa erabiltzea.

Mugikortasun iraunkorraren helburua, halaber, energia-kontsumoa murriztea da, modurik eraginkorrenei lehentasuna emanez eta egiten diren bidaien kopurua eta distantziak murriztuz.

Horretarako, beharrezkoa da modu iraunkorrenei lehentasuna ematea gehien kutsatzen duten eta energia-kontsumo handiagoa duten moduen gainetik.

Beharrezkoa da baita ere gure herriak eta hiriak behar bezala planifikatzea, lehenik eta behin oinezkoek eta ziklistek, eta bigarrenik baita taldeko garraioko bidaiariek ere, beren mugimenduetan erosotasuna eta ziurtasuna izan ditzaten.

Horregatik guztiagatik, hiri, lurralde eta herrialde askok komenigarritzat jo dute auto eta motorren erabilera murriztea eta txirrindulariak eta oinezkoak bultzatzea.

Hori horrela, bizikletak gure hiri-mugikortasunean garraiobide gisa garrantzi handia hartu dezake horretarako behar diren bitartekoak martxan jartzen badira.

 

Gipuzkoa Bizikletaz

Gehiago jakin nahi duzu?

Gipuzkoa Bizikletaz gehiago ezagutu nahi baduzu bisitatu gure harremanetarako orria.