Foru-sozietate berriak aukera emango du zainketen eta gizarte-babesaren arloan inbertsio estrategikoak egiteko, lankidetza publiko-sozialerako formulak bultzatuz, betiere lidergo publikoa bermatuz. Mendekotasuna duten adinekoen kopuruak %26 gora egitea aurreikusten da 2030era bitartean, eta ‘Gipuzkoa Zainduz’en helburua da errealitate horri erantzuna ematea. Egungo estaldura bermatzeko, lurraldeak gutxienez 757 egoitza-plaza berri sortzea aurreikusten du data hori baino lehen. Aldundiaren hasierako ekarpena 51 milioi eurokoa izango da, eta horri esker, eta sei sozietate misto eratzearekin batera, 100 milioi euro inguruko inbertsio osoa izango da 2025 eta 2029 bitartean. Epe motzean sozietate mistoak eratzeko lehen deialdiak egingo dira bizitegi-estaldura txikiena duten sei eskualdetan: Buruntzaldean, Debabarrenan, Oarsoaldean, Tolosaldean, Urola Garaian eta Urola Kostan.