Atzealdea Lezo-Donibane bidegorria errealitate bat da dagoeneko: funtsezko aurrerapena Gipuzkoako mugikortasun jasangarrian

Lezo-Donibane bidegorria errealitate bat da dagoeneko: funtsezko aurrerapena Gipuzkoako mugikortasun jasangarrian

Lezo-Donibane bidegorria errealitate bat da dagoeneko: funtsezko aurrerapena Gipuzkoako mugikortasun jasangarrian

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak finantzatu du obra, EGEF funtsen bidez, eta 1,95 milioi euroko inbertsioa egin du.

Eraikitako bidegorriko 270 metro horiek mugarri bat ezartzen dute lurraldean, mugikortasuna eraldatuz eta lotura seguru eta ekologiko bat ahalbidetuz, Pasaia Donibane eta Lezo Donostiarekin lotzen dituena, batetik, eta Oiartzunekin, bestetik.

José Ignacio Asensio: “Bidegorri hau azpiegitura-obra bat baino askoz gehiago da; jasangarritasunarekiko, gizarteratzearekiko eta pertsonen ongizatearekiko gure konpromisoaren isla da. Mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua egiten duen lurraldea eraikitzen ari gara, klima-aldaketaren aurka borrokatzeko funtsezko tresna den aldetik”.

 

Gaur goizean, José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak, Teo Alberro Pasaiako alkateak eta Mikel Arruti Lezoko alkateak Lezo eta Donibane lotzen dituen bidegorria inauguratu dute. Proiektu horrek herritarren eskaera historikoari erantzuten dio, eta mugarri bat da Gipuzkoako mugikortasun jasangarrian.

Eraikitako 270 metroei esker, bidegorriaren ibilbidea osatzen da, bi udalerrien arteko konexio jasangarri, seguru eta erosoa ahalbidetzen duena, inguruko mugikortasuna eraldatuz eta emisio kutsatzaileak murrizten lagunduz.

Jasangarritasunaren aldeko apustua egiten duen proiektua

Lezo-Donibane bizikleta eta oinezkoentzako bidearen zati berriak, GI-3440 foru errepidean dagoenak, 1.949.782,87 euroko inbertsioa ekarri du guztira (BEZa barne), eta 11 hilabete behar izan dira egiteko. Obra Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak finantzatu du, eta Europar Batasuneko EGEF funtsen bidez ere finantzatu da.

Proiektu hau bat dator Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako jasangarritasunaren eta mugikortasun aktiboaren helburuekin, eta Bizikletaren Erabilerari buruzko Europako Adierazpenaren printzipioei erantzuten die. Gainera, lurraldeko bizikleta eta oinezkoentzako bideen sarea indartzen du, bizimodu osasungarria eta ingurumena errespetatzen duena sustatzen lagunduz.

Eremuaren orografia malkartsuak eta espaziorik ezak baldintzatu dute tarte horren eraikuntza. Zailtasun horiek konpontzeko, hormigoi armatuzko egitura berritzaile bat eraiki da hegalkin batean, dagoen euste-hormaren gainean. Diseinu horrek 3 metroko zabalerako plataforma bat ahalbidetzen du, segurtasuna eta erosotasuna bermatzeko bai oinezkoei bai txirrindulariei.

Obrak berekin ekarri du, halaber, errepidearen errodadura-geruza berritzea, seinaleak eguneratzea, drainatzea eta argiztatzea, bai eta ainguraketa bulonatuak eta gunitatuak egitea ere, ezpondaren egonkortasuna bermatzeko.

Herritarren zerbitzura dagoen proiektua

Inaugurazioan, José Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak azpimarratu duenez, “bidegorri hau azpiegitura-obra bat baino askoz gehiago da; jasangarritasunarekiko, gizarteratzearekiko eta pertsonen ongizatearekiko konpromisoa da. Mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua egiten duen lurraldea eraikitzen ari gara, klima-aldaketaren aurka borrokatzeko funtsezko tresna den aldetik”.

Bestalde, Lezoko eta Pasaiako alkateek azpimarratu dute tarte berri horrek eragin positiboa izango duela bi udalerrietako bizilagunen bizi-kalitatean. Teo Alberro, Pasaiako alkateak adierazi duenez, “bidegorriaren azken zatia amaituta, herritarren aspaldiko eskaera bati erantzuten zaio gaur. Urteetan zehar, Pasaiako bizilagunek oinezko eta txirrindularientzako konexio seguru eta eroso bat eskatu izan dute GI-3440 errepidearen zatian, erantzun integral bat. Eta gaur, azkenean, esan dezakegu erantzun hori iritsi dela. Aldarrikapen historikoa ez ezik, oinarrizko beharra ere bazen tramu honetan mugikortasun segurua bermatzea. Horregatik, pasaitar guztiei eskerrak eman nahiko nizkieke obrek iraun duten bitartean izan duten pazientziagatik, eta berretsi nahiko nuke itxaronaldiak merezitako emaitza eman duela. Pasaiako Udaletik lanean jarraituko dugu ingurune osasungarriago eta ingurumenarekiko errespetuzkoago baten alde irtenbide errealak eta eraginkorrak bultzatuz”.

Era berean, Lezoko alkate Mikel Arrutik baieztatu duenez, “Lezoko Udalaren helburua beti izan da herritarrei oinez edo bizikletan mugitzeko aukera eroso eta segurua eskaintzea, eta gaur inauguratu dugun bidegorriak helburu hori betetzeko beste urrats garrantzitsu bat dakar. Bizi dugun krisi ekologikoak mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua egitea eskatzen digu, eta bidegorri hau ez da soilik ingurumenari egiten diogun ekarpen bat, baizik eta herritarren segurtasuna hobetzeko ezinbesteko obra bat ere bada. Gainera, Oarsoaldeko herritarren arteko harremanak eta eskualde ikuspegia sendotzeko baliabide garrantzitsua izango dela uste dugu. Hala ere, hau hasiera baino ez dela nabarmendu nahi dut; mugikortasun jasangarri baterantz pauso gehiago emateko prest gaude, eta horretarako erakundeen arteko lankidetzan sakontzea funtsezkoa izango da”.

Etorkizunerako lotura estrategikoa

Lezo-Donibane bidegorriaren amaierak bat egiten du inguruko mugikortasunean, garraio motordunaren alternatiba iraunkor bat eskainiz eta Gipuzkoak pertsonak eta lurraldeak ingurumenarekin errespetuz lotuko dituen mugikortasun-sare baten alde egindako apustua sendotuz.