«Gipuzkoako Bizikletaren Estrategia 2014-2022»-ren indarraldia bukatu ondoren, eta Gipuzkoako Bizikleta Bideen Foru Arauak ezarritako prozedura parte-hartzaile eta teknikoarekin bat etorriz, 2024an hura berrikusteko prozesua hasi zen, eta Jasangarritasun Departamentuak hurrengo 8 urteetarako (2025-2032) bizikleta-estrategia berria onartu ondoren amaitu da.
Foru Arau horretan ezarritakoa betez, prozesu horretan Gipuzkoako Bizikleta Kontseiluak parte hartu du. Organo aholku-emailea da, Gipuzkoako bizikleta-mugikortasunarekin lotutako administrazioek, erakundeek eta gizarte-eragileek osatzen dutena parte hartu eta hitzartzeko. Kontseiluak Bizikletaren Estrategiaren prestakuntzari eta haren berrikuspenei buruzko aholkuak ematea du eginkizun.
Azpimarratu behar da Bizikletaren Kontseiluak egindako lana, giro atsegin eta parte-hartzailean egin dela, eta ideia multzo handia sortu duela, adostasun-maila lortuz.
«Gipuzkoako Bizikletaren Estrategiak (2025-2032)» lurraldeko bizikletaren egoeraren diagnostiko eguneratua jasotzen du, eta honako helburu orokor hau ezartzen du: joan-etorrietan bizikletaren kuota modala % 2,4tik % 4-5era igotzea.
Horretarako, 4 ekintza-ardatz estrategiko finkatzen ditu, 18 helburu espezifiko eta 47 neurri zehatzekin; segimendu- eta ebaluazio-adierazleak proposatzen ditu; eta erakunde barruko eta erakunde arteko koordinazio- eta lankidetza-mekanismoak ere aurreikusten ditu.