Inauguratu da kataideko bidegorria

Inauguratu da kataideko bidegorria

Inauguratu da kataideko bidegorria

Aldundiko Mugikortasuneko zuzendari Ander Iturrik gaur goizean inauguratu du Arrasaten Kataideko bidegorria, San Prudentzio eta Kataide poligonoa lotzen dituena. Ekitaldian izan dira Ander Garai eta Victor Fuentes herriko zinegotziak ere.

Trazatuak 690 metro ditu, eta 300.000 euro baino gehiagoko inbertsioa izan duen oinezkoen eta bizikleten tarte horrek ahalbidetuko du zirkulazioa segurua izatea eta erosotasun osoz iritsi ahal izatea Eroski merkatalgunearen eremura, Kataide/Musakola auzoetan.

Inaugurazio ekitaldian Ander Iturri pozik azaldu da obra honekin, erantzuten baitio herriko bizilagunen aspaldiko eskaera bati eta islatzen baitu Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuaren apustua, alegia, «Gipuzkoan mugikortasun justu eta soziala sustatzea gure bidegorrien, Lurraldebusen garraio zerbitzuen eta MUGI garraio txartelaren bidez. Lanean jarraituko dugu herritarren eskaerei erantzuteko eta gizarte modernoak dakartzan erronkei aurre egiteko behar dugun eredua sustatzeko».

Iturrik balioa eman dio Departamentuak bizikleta bidezko eta oinezko mugikortasunaren alde Deba Garaian egin duen apustuari, horren erakusgarri da «Kataideko bidegorria biziberritzea eta erabat eraldatzea; halaber, egoera soziosanitarioaren ondoriozko erabilera berrietara egokitutako mugikortasun ziklistako azpiegiturak ere sustatzen ditugu». 

Era berean, Aldundiko Mugikortasuneko zuzendariak gogorarazi du Gipuzkoako bide berdeen proiektua aurkeztu dutela jasangarritasun turistikoko planen programaren deialdira, Vasco Navarro zeritzonaren bide berdea berreskuratzeko «mahai gainean jarri dugu bide berdeen proiekturik garrantzitsuena, Euskadi osoa Nafarroarekin lotzen duena, Leintz Gatzagako sarrera Arabarekin lotzen duena, Arlabandik». 

Ander Garayk adierazi duenez, Arrasaterentzat etorkizuneko beste apustu bat da. Gure helburu nagusia da ibilgailuek duten inpaktua murriztea eta mugikortasun-aukera berriak sustatu ahal izatea. Apustu argia eta irmoa ingurumena errespetatzen duen mugikortasunaren alde, bizikleta garraiobide gisa aukeratzen duten pertsonentzako mugikortasun seguruaren alde: horren adibide dira ekobulebarra, Leintzibar-Foruen etorbidea eraikitzen ari den bidegorria, Araba etorbidea eta abar luzea. Bizikleta garraiobide garbi, iraunkor eta osasungarri gisa ulertzen dugu, baina, gainera, mugikortasunaren elementu egituratzaile gisa bultzatu nahi dugu. Helburu horrekin lan egiten dugu, kasu honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetza estuan.
 
Victor Fuentek, bestalde, adierazi du pozik dagoela «lan hauek burutu direlako, erantzuten baitio herriko bizilagunek aspalditik zekarten eskaera bati. Jarduketa honek islatzen du Aldundiko Mugikortasun Departamentuak mugikortasun aktibo eta jasangarriarekin duen konpromisoa; Kataideren kasuan, lagunduko du trazatu hau modu seguruan erabiltzen eta bizikleta garraiobide bideragarri eta seguru gisa sustatzen».

Kataideko bidegorriaren finantzazioan Europar Batasunak ere parte hartuko du, Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren bidez.