• Sagarrondoak

Gipuzkoako sagarrondoen gaitzak eta izurriteak

Gipuzkoako sagarrondoen izurri eta gaixotasunak

Sagarraren eta sagardoaren ekoizpena jarduera ekonomiko nagusietako bat da Gipuzkoako nekazaritzan.

Sagastiei dagokienez, izurriak eta gaixotasunak kontrolatzea da lan garrantzitsuetako bat. Horretaz jabeturik, Gipuzkoako Foru Aldundiak Pomologia Batzordea sortu zuen jadanik 1917ko urte hartan, eta batzorde horrek egindako lanen artean Sagarrondoen gaixotasunak. Aurre nola egin (Enfermedades del Manzano y Maneras de Combatirlas) izenekoa dugu. Geroago, 1986an, “GIPUZKOAKO SAGARRONDOEN IZURRI ETA GAIXOTASUNAK” argitaratu zen Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean.

Ingurumen gaietan gizarteak sentikortasun handiagoz jokatzen baitu, aurreko hamarkadekin alderatuta aldaketa oso adierazgarria gertatu da fruta arbolen izurri eta gaixotasunak kontrolatzeko eran. Hala, kontrol orokor eta biologikoa dira gaur egun gehien gomendatzen diren bi sistemak.

Teknologia berriei esker, lehen baino herritar gehiagok gaur egun aukera dugu informazioa azkar eta erraz bilatzeko. Web eta CD formatuetan gaur aurkezten dugun edizio hau, lehen liburu formatuan argitaratutakotik atera da, nahiz eta berrituta, aberastuta eta eguneratuta datorren.

Lan honek balio izango du sektoreko jendeak jakin dezan, ahalik eta modu zehatzenean, zein diren sagarrondoak izan ditzakeen gaitzak eta gaixotasunak. Eta ondorioz, gure lehengaia geroz eta hobeagoa izanen da.

Lanaren zuzeneko helmuga nekazariak izan behar du. Horregatik web orri honen bidez era argi, erraz eta praktikoan adierazitako laguntza teknikoa helaraztea nahi izan da, nola edo hala haren sagastien osasun-gai ezezagun samarra lantzeko baliagarri izan dadin.

Hirurogeita bederatzi fitxa erakusten dira izurri, gaitz, fauna lagungarri eta parasitismo-jatorrikoak ez diren arazoez; hain zuzen onddoek, bakterioek, birusek, nematodoek, intsektuek, akaroek, karraskariek, landare parasitoek, eguzki-kolpeak, sustrai-asfixiak eta abarrek sortutakoez.

Halere, gaur egun, eta oro har, honakoa esan daiteke: gure nekazariek beren ekonomian eta gure fruta-arbolek beren garapenean benetan nabaritzen dituzten izurri eta gaitzak hamabi baino gehiago ez direla. Horietan bereziki azpimarratzekoak dira kriptogamo edo onddo mikroskopikoek eragindako aldaketak; izan ere, Gipuzkoan, tenperatura eta hezetasun aldetik dagoen egoeragatik, oso giro egokia baitute.

Izurri eta gaitzak kontrolatzeko baliabideei dagokienez, produktu fitosanitarioak erabiltzeak kalteen tamaina sakon aztertzearen, parasitoaren biologia zehatz ezagutzearen eta ostalariak (kasu honetan sagarrondoak) parasito edo eragile patogenoarekin dituen harremanen jarraipenaren ondorio izan behar du.

Links landa eremua