INTSEKTUAK

Intsektuak dira animalia-erreinuko klase ugariena, zehaztutako milioi bat espezie baino gehiago daudelako eta agian beste horrenbeste deskribatu gabe daudelako, hau da, gure planetan dauden animalien ia hiru laurdenak dira. Intsektuak sailkatzeko ordenetan bost ordenatakoen izurriteak deskribatu ditugu: Lepidopteroak, Hemipteroak, Koleopteroak, Himenopteroak eta Dipteroak.

Eboluzio-zikloari gagozkiola, oro har lau fase izaten dituztela azalduko dugu: arrautza, larba, ninfa eta imagoa edo heldua. Arrautzatik irteten den intsektuari larba esaten zaio, edo beldarra lepidopteroa baldin bada, eta hortik aurrera izaten dituzten eraldaketei metamorfosi deitzen zaie. Metamorfosia oso konplexua izan daiteke, baldin eta intsektu heldua arrautzatik irtendakoarekiko oso bestelakoa bada (Lepidopteroetan, adibidez, beldarrak eta tximeletak ez baitute inolako antzik), edo sinplea izan daiteke, faseek, nahiz eta tamaina aldatu, antzeko ezaugarriak baldin badituzte (Hemipteroen kasuan gertatzen da hori).

Larbek garapen handiena lortzen dutenean, bilgarri edo kapulu batean sartu eta mugitu gabe egoten dira. Fase honi ninfosia deitzen zaio eta bertan dagoen intsektuari ninfa, baina Lepidoptero edo tximeletak direnean krisalida ere deitzen zaio. Fase hori igaro ondoren, intsektu perfektu, imago edo heldua bilgarritik atera egiten da.

Fase horietako bakoitzaren iraupena oso desberdina izan daiteke eta garapenean zenbait geldialdi edo diapausa gerta daiteke (kasu batzuetan urtetakoa izan daiteke). Neguan intsektuek geldialdi horietako bat izaten dute, hibernazio edo negu-diapausa. Arrautza errun eta arrautzatik eratuko den intsektu helduak berriz ere errun arteko prozesua belaunaldi bat da. Prozesu hori urtean behin gerta daiteke, edo behin baino gehiagotan; horregatik urteko belaunaldi bat edo batzuk daudela esaten da.