Akordeoiari eta euskal soinulariei eskaini die Bernardo Atxagak Erlea aldizkariaren hamaikagarrena

Soinu-joleen bizitza eta jardunetik haratago, besteak beste, Piarres Charritton euskaltzainari buruzko testua ere agertzen da Gipuzkoako Foru Aldundian aurkeztutako alean

-ren irudia
 Akordeoiari eta euskal soinulariei eskaini die Bernardo Atxagak Erlea aldizkariaren hamaikagarrena

Euskaltzaindiak Erlea aldizkari literarioaren hamaikagarren ahalegina aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan. Zenbaki berriak Euskal Herriari hain lotuta dagoen akordeoi edo soinuari erreparatu dio eta gurean izan duen bilakaera aztertu du, akordeoilari ezagunen eta ez hain ezagunen testigantzak baliatuta. Aurkezpenean Mikel Irizar (Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari nagusia), Andres Urrutia (euskaltzainburua), Bernardo Atxaga (euskaltzain eta idazlea) eta Joxan Goikoetxea (musikaria) izan dira eta Atxagaren arabera, azken ale honetan lekukotasun sakonak daude. “Testigantza sentiberak daude zenbaki berri honetan, eta istorio harrigarriak, gure herriaren iraganaren mapa osatzeko ezinbestekoak”. 

Horretarako, musikari agerikoei bai, baina ezkutukoei ere erreparatu die idazle asteasuarrak: “Zenbat akordeoi-jole izan dugun Euskal Herrian barrena, gure herrietan baino ez dutenak ospea izan. Horiei eskaini nahi izan diegu hamaikagarren ahalegin hau”. Eta hari horretatik tiraka ageri dira Joxan Goikoetxea, Kaxiano, Josu Zabala, Joseba Tapia, Jabier Muguruza edo Ander Telleria gaztearen profilak, baina, beraien ondoan, hainbeste sona izan ez zuten beste batzuk ere bai; esaterako, Xixilio edo Pedro Arbe Patxoa.

Soinu-joleen bizitza eta jardunetik aparte ere badago nahikoa bazka Erlea berrian. Besteak beste, Jean-Louis Davant euskaltzainak Piarres Charritton ohorezko euskaltzainari buruz idatzitako testu mamitsua, non errepasatzen den -bide batez- azken hamarkadetako Ipar Euskal Herriko historia.

Hala, hasieratik sortzaileei emandako tartea ere gorde du Erlea aldizkariak ale honetan. Bertan idatzi dute, besteak beste, Gotzon Barandiaran, Castillo Suarez, Luigi Anselmi  edo Ana Malagonek. Erlea 11ren kolaboratzaileen zerrenda ez da hor amaitzen, eta zenbaki honetan parte hartu dute Felix Ibargutxi, Miel A. Elustondo, Idoia Noble, Imanol Pradells, Amagoia Gurrutxaga, Patziku Perurena, Joxe Ramon Arbe, Manolo Martinez, Ramon Irazu, Jone Irazu eta Joseba Luzuriagak. Zenbaki berrian agertzen diren irudiak Juan Sagastizabalenak dira –azala barne- eta, beti bezala, Asun Garikano arduratu da edizioaz.

Pobreen musika-tresna. Andres Urrutia euskaltzainburuak Atxagak egiten duen ahalegina goraipatu du agerpenean, eta aurreratu du hau ez dela izango Erlearen azken zenbakia, 2018rako ziztada berri bat prestatzen ari direla esan baitu. “Gure sortzaileen lana batu eta erakutsi nahi dugu, euskal kultura jaso eta gizartearen aurrean proiektatu, eta horixe da Erleak egiten duena”, adierazi du Urrutiak Donostian eginiko prentsaurrekoan. Mikel Irizarrek egin du anfitrioi lana eta ongietorria eman nahi izan dio Euskaltzaindiari. Etxekoa dugu Euskaltzaindia sorreratik eta lankidetzan ari gara, baita Akademiaren mendeurrenari begira ere”. Halaber, agerpeneko azken hitzak Joxan Goikoetxea musikariarenak izan dira: “Bisionario batzuk aipatzen dute akordeoia 50 urtetan desagertuko dela. Baliteke. Frantzian, nazio mailako musika-tresna izanda ere, pobreen pianoa deitzen diote. Gerrak, emigranteak,… hori izan da gure unibertsoa. Edonola ere, nik uste pobreek istorio interesgarriagoak sortzen dituztela aberatsek baino, bizitza-ikasketa gehiago ematen dizkigutenak”.