Hizkuntza Berdintasuna

Gipuzkoa Berdinago

Gipuzkoako hainbat eragile erreferentzialek hausnarketa partekatu bat egin eta jendaurreko hizkuntza jokamoldean berdin jokatzeko konpromisoa hartu dute. 18 eragile izan dira guztira eta taldeak denetariko sinatzaileak bildu ditu: enpresak, gizarte arlokoak, finantza-erankundeak eta kirol taldeak, besteak beste. 

2018

Gipuzkoa Berdinago ekimenak hizkuntza berdintasunaren aldeko urrats praktikoak proban jartzeko baliatu du Euskaraldia

Euskararen ulermena bermatuta dagoen egoeratan euskara hutsez komunikatzeko praktikak gauzatu dira 

Gipuzkoa Berdinago adierazpena aurkeztu eta urtebetera, 2018an egindako bidea landu dute erakunde-sinatzaileek Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz Gunean egindako bileran. Gipuzkoako Foru Aldundiaren gidaritzapean eta Soziolinguistika Klusterrak koordinatuta egiten ari da bidea Gipuzkoa Berdinago proiektua. Horrela, erakunde partaideek elkarrekin partekatzen dituzte prentsarekiko harremanean, publizitate euskarrietan, sare sozialetan edo ekitaldietan euskararen tokia handitzeko euren erronkak eta praktikak. Euskaraldiak iraun duen 11 egunetan, jendaurreko komunikazioetan euskararen erabilerari dagokionez praktika-aurreratuak proban jarri dituzte erakunde eta enpresek.

2017ko azaroan jendaurreko komunikazio egoeratan euskararen erabilera areagotzeko konpromisoa publiko egin zuten Gipuzkoako 18 erakunde erreferentzialek. Taldeak denetariko sinatzaileak biltzen ditu: enpresak, gizarte arlokoak, finantza-erakundeak eta kirol taldeak, besteak beste. Hala, Adegi, Basque Culinary Center, Bera-Bera Eskubaloia, Deustuko Unibertsitatea, Donostiako Udala, DYA Gipuzkoa, UPV/EHU, SD Eibar, Real Sociedad, Laboral Kutxa, Kaiku, Kutxabank, Kutxa Fundazioa, Mondragon, Mondragon Unibertsitatea, Fagor Taldea, CAF eta Gipuzkoako Foru Aldundia bera dira Gipuzkoa Berdinago adierazpenaren sinatzaileak.

 

Praktika aurreratuak probatara. Taldeak Euskaraldiarekin modu praktikoan egin du bat. Azaroaren 23tik Abenduaren 3ra bitarteko egunak erakunde bakoitzak bere jendaurreko komunikazioetan euskararen erabilerari dagokionez praktika-aurreratuak proban jartzeko baliatu ditu.

Praktika hauen gauzapen zehatza erakunde bakoitzaren esku geratzen den arren, talde bezala eman dute ekimen bateratuaren berri. Denetariko praktikak egon dira probatu direnean artean, baina Euskaraldia ardazten duten ahobizi eta belarriprest rolak izan dituzte oinarrian. Euskararen ulermena bermatuta dagoen egoeratan euskara hutsez komunikatzeko praktikak izango dira batik bat. Gaur egun proba direnak ohiko praktika bilaka daitezen lanean jarraitzeko borondatea adierazi dute Gipuzkoa Berdinagoko kideek.

 

Donostia, 2018ko azaroak 20.

2017

Adierazpena

 

Gipuzkoako diputatu nagusiaren deia aintzat hartuta, adierazpen hau sinatzen dugun gipuzkoar erakunde, enpresa eta eragileok hausnarketa partekatu bat egin dugu gure jendaurreko hizkuntza jokamoldearen gainean.

Gipuzkoan bi hizkuntza ditugu ofizialak: euskara eta gaztelania. Begi bistakoa da, ordea, bi hizkuntzok ez daudela oreka egoera batean, ez esparru publikoan ez eta gizartean ere: gaztelania da nagusi. Uste dugu orain arteko ahaleginarekin bakarrik ez direla bi hizkuntzak parekatuko, indar gehiago jarri behar dugula hizkuntza berdintasuna bultzatzeko; euskara lehenetsi behar dugula, alegia.

Zentzu horretan, uste dugu Gipuzkoan erreferentzialtasuna dugun erakunde, enpresa eta eragileoi badagokigula hizkuntza jarduera orekatzailea hartzea eta sendotzea; gure lurraldearekin daukagun erantzukizunak eskatzen digula hizkuntza jokabide aktibo bat euskararen alde, euskarari lehentasuna ematen dion jokamolde orekatzailea, gure bizikidetza orekatuagoa izan dadin.

Sinatzaileok prest gaude bide hori elkarrekin egiteko, eta, prozesu honetan gertatu den bezala, egoki ikusten dugu Gipuzkoako Foru Aldundiak hartzea taldearen lidergoa.

Hona hemen, eragileek adostutako adierazpena eta parte hartzaileen zerrenda

Adierazpena, bere osotasunean

Sinatzaileak