Hizkuntza Berdintasuna

Kike Amonarriz - 2015

Soziolinguistaren umorea

Tolosan (Gipuzkoa) jaioa, 1961eko irailaren 30ean. Herriko Eskolapioen ikastetxean egin zituen lehen ikasketak. Unibertsitatean, Euskal Filologia hasi berrian ikasketak amaitu zituen arren, umorista eta telebistako aurkezle gisa da ezaguna gaur egun.

Bere ibilbide profesionalaren lehen urratsak, aldiz, alderdi ezezagunagoetan izan ziren: ikasketak bukatu berritan, Tolosako Udaleko euskara teknikaria izan zen 1980ko hamarkadan. Geroago, hurrengo hamarkadan, SIADECO etxean soziolinguistika lanetan murgilduta aritu zen, buru-belarri. Artikulu, azterketa, iruzkin eta iritzi-zutabe ugari argitaratuak ditu soziolinguistikaren arloan, batez ere Bat, Jakin, Argia eta Hermes aldizkarietan.

Aldi berean, baina umorearen aldera lerratuta gaztetatik, Zeruko Argia aldizkarian hasi zen umorezko artikuluak idazten. Horrez gain, txiste liburuak eta garai hartako kaseteak argitaratu zituen, Joxerra Galarragarekin eta Guillermo Segurolarekin batera. Geroztik, Argia astekariak argitaratutako Txorakikeriak izeneko liburuak idatzi zituen.

Bere alderdi umoregileari loturik hasieran, Euskal Telebistan lan ugari egin ditu eta hainbat saiotan parte hartu du aktore, gidoilari edota aurkezle lanetan, besteak beste: Hitz eta Pitz, Funtzioa, Hau da A.U., Beni ta Marini, Balinda, Bai zera, Txiskola, Sikofonia... Gainera, Barrebusa telebista saioaren zuzendari izan zen.

2006ko urtarriletik 2013ra bitartean, ETB1eko Mihiluze telebista saioa aurkeztu zuen Ilaski Serranorekin batera. Aipagarri da telebista saio honetan euskaraz jolasteko bitartekoak asmatzen izandako irudimena: «eroglifikoak», esamesak, «imihintzioka», «potokumeak»... Kike Amonarrizen sorkariak dira, neurri batean bederen.

2013tik 2015era, ETB1eko Tribuaren Berbak saioa aurkeztu zuen. Telebista saioaren blogean 2015eko ekainean aitortzen zutenez, «Kike Amonarrizen eta haren lankideen helburua zen euskararen gaineko saioa egitea; euskararen inguruko interesa piztuz, hizkuntzarekin gozatuz, ikusleak harrituz eta jendeak izan ohi dituen kezkei eta galderei erantzuten saiatuz. Betiere, modu atsegin eta alaian».

2015eko irailaren 21ean lehenengoz aireratuta, Burubero saioa aurkezten du ETB1 katean, Euskal Herriko lekuak, jendea, bitxikeriak eta kultura orokorra maisuki elkartzen dituen lehiaketa.

Kike Amonarrizen mintzaldia

 

Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olano, Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Mikel Irizar, agintariak, epaimahaikideak, senitartekoak, lankideak eta adiskideak, arratsalde on eta milesker areto eder honetara hurbilduta, une hau zuekin konpartitzeko aukera eskaini didazuelako.

Eskerrak ematen hastekotan telefono listina ekartzeko aholkatu zidan Antton Olariagak. Berak broman esan zidan baina, benetan, eskertu beharrekoen zerrenda luzea da eta ziur naiz bat baino gehiago ahaztuko ditudala. Barkatuko didazue. Izan ere, euskalgintzaren kanpamendu eta oasi asko izan ditut lantoki, sorgune edo topaleku. Hainbat proiektu eta egitasmotan hartu dut parte, baina beti jende onez inguratuta. Zuetako asko izan zaituztet eta zaituztet bide erakusle, bidaide eta ameskide. Eta askotan egokitu zait zuek edo zuekin batera egindako lanari aurpegia jartzea. Horregatik, sari hau zuena ere bada. Ni bezalako tolosar gazte despistatu bat, bestela, nola iritsiko zen, bada, Gipuzkoako Diputaziora sari bat jasotzera?

Gaur ez nuke mugatu nahi saria jasotzera. Sari hau lanean jarraitzeko akuilu ere badela uste baitut; hemen gaudenok amesten dugun etorkizun hobe, justuago eta euskaldunago baten aldeko bultzada. Euskaldun gisa normal bizi ahal izango dugun etorkizunaren aldeko aldarria, bizikidetzan eta aniztasunarekiko errespetuan oinarritutako gizarte batena. Etorkizun hori ere nahi genuke sari.

Sari honen zati bat gurasoena da: Agustin eta Juanita. Askok euskarari bizkar eman zioten garaian, euskaraz hazi nindutelako eta euskaraz egitera bultzatu. Aitak, Anoetako baserritik zekarren euskara. Amak, ordea, ez zuen etxean jaso; aitona-amonek ez zekitelako. Frankismo bete-betean ikasi zuen! Etxean eta eskolan erdaraz, euskara guztiz baztertuta, baina ikasi egin zuen… Berrobiko kalean. Itzultzaile lanak ere egin omen zituen erdaraz ez zekiten ikasleen eta irakasle erdaldunen artean… sagar batzuen truk.

Familiako bizi esperientzia honek erakutsi dit baldintzarik txarrenetan ere, eutsi dakiokeela hizkuntzari eta baita ikasi ere gertuko komunitateak eusten badio, eta familian hizkuntzarekiko maitasuna transmititzen bada.

Eta gure etorkizuneko saria izango da, Gipuzkoako eta Euskal Herriko familia gehienetan euskara eta hizkuntzarekiko maitasuna transmititu dadin lortzea; batez ere, haurrak izaten ari diren guraso euskaldun berrien etxeetan. Etxe horietan euskara haurren ohiko hizkuntza izatea lortzen badugu, etorkizuna oinarri sendoan finkatuko dugu.

Nik erdaraz ikasi nuen. Etxetik kanpo ere erdara hutsez egiten nuen eta ia euskara galtzera iritsi nintzen. Baina, Eskolapioetako apaiz euskaltzale batek, Lizarraldeko Luziano Pinillosek, ‘Euskal Udalekuetara' bidal nintzaten aholkatu zien gurasoei. Abaigarren (Nafarroa) egindako egonaldi hark aldatu egin zuen nire bizitza. Euskaraz bizitzea zer zen sentitu nuen lehen aldiz. Horregatik, sari hau begirale haiena ere bada, handik pasa izan ez banintz, gaur egun segur aski autoak saltzen edo aurrezki kutxa batean egongo bainintzen lanean, errespetu guztiarekin esanda.

Abaigarren euskara bizipen pozgarri eta baikorrekin lotzea giltzarri dela ikasi nuen, eta "arnasgune" hitza asmatu gabe bazegoen ere, hiztunak motibatzeko, irabazteko eta trinkotzeko, euskaraz funtzionatuko duten erabilera eremuak sortzea funtsezkoa dela.

Gipuzkoa dugu euskararen lurralderik sendoena. Gipuzkoarron erantzukizuna da, hizkuntza normalizazioari dagokionez, Euskal Herri osoarentzat adibide aurreratua eta motor izatea, gure arnasguneak zainduz eta euskararen irradiazio gune bihurtuz.

Abaigartik bueltan euskaraz bizi nahi nuela erabaki nuen. Gaur egun, TELP(http://www.tallersperlallengua.cat/els-tallers/telp-taller-despai-linguistic-personal.html)eatuta itzuli nintzela esango genuke. Garai hartan askori proposatu nion: «Oye, ¿por qué no empezamos a hablar en euskera?».

Ondo dakigu zenbat kostatzen den beti erdaraz egin duzun norbaitekin euskaraz egiten hastea. Beti erdaraz egin duzun zerbait euskaraz egiten hastea. Horregatik da inertziak puskatu eta gainditzeko garaia: administrazioan, lan munduan, elkarteetan, kuadrilletan eta familietan. Gipuzkoa aitzindari izan da, da eta izaten jarraitu behar du inertziak gainditu eta erabilera dinamika sendoak sortzen.

Ondoren etorri ziren Gau eskolak, Tolosaldea Birreuskalduntzeko Elkartea, Euskal Herrian Euskaraz, Galtzaundi Euskara Taldea, Tolosako Euskara Zerbitzua… Eraikuntza garaiak ziren haiek! Zenbat amets, proiektu… eta eztabaida! Orduko izen, talde eta erakunde asko ikusten ditut islatuta sarian. Batzu-batzuk bazaudete hemen. Baina, utzi gaituzten batzuk ere gogoratu nahi ditut orain: Inazio Agirre, Axun Aierbe eta Fernando Muniozguren. Abbadia sariaren zati ere bazarete zuek.

Eta etorkizuna ere sari nahi dugun honetan, ondo gogoan dut, garai hartako enfrentamendu eta dikotomia politikoek, zer nolako gatazkak eta lubakiak eragin dituzten euskalgintzan.

Horregatik diogu, gure historiaren fase berri honetan euskarak "arnasgune politikoa" behar duela. Hurrengo belaunaldia hizkuntza normalizazioaren bidean indartsu aktibatu nahi badugu, gure belaunaldiak akordio soziopolitiko zabal eta sakonak eskaini behar dizkio. Euskara lokarri, elkargune eta zoru komun izango duen gizartea eraiki nahi badugu, ezinbestekoa da euskararen gaia blindatzea. Gure helburua ez baita bakarrik jendeak hizkuntza bat edo gramatika bat ikastea, hizkuntza komunitate bizi eta aktibo baten partaide izatea baizik.

Tolosaldea Birreuskalduntzeko Elkartearen lehen bileretako bat zen. Garai hartan erabat erdaldunak ziren Iñauteriak gerturatzen ari ziren eta zerbait egin behar zen. Hainbat ideia proposatu ziren: pankartak jartzea, karrozetara protestatzera igotzea… Eta nik, gazte iritsi berriaren inkontzientzia xaloaz, zera proposatu nuen: eta karroza bat aterako bagenu eta guk geuk euskaraz egin? Erantzuna isiltasuna izan zen: inor ez zegoen prest mikroa hartzeko. Esango nuke bilera hartatik, bizitza guztian aldean eraman izan ditudan ondorio batzuk atera nituela:

  • Ez eskatu besteei egin dezaten zu egiteko kapaz ez zarena, salbuespenak salbuespen.
  • Egin behar dela sinesten baduzu, eta ahal baduzu, egin ezazu.
  • Gainera, ikusi nuen euskarari mikroak jarri behar genizkiola. Eta Iñauterietan ere ondo pasa nahi nuela eta euskaraz gozatu. Eta halaxe hasi ginen lagunak gure "numerotxoak" euskaraz egiten. Hementxe daude artista horietako batzuk. Sariaren zati bat zuena ere bada.

Tolosako euskalgintzaren hastapen haietan, gauza berritzaileak egin eta ordura arte euskarara inguratu ez zen jendea erakartzeko gogoa nabarmena zen. Asmo horrekin antolatu genuen lehen txiste afaria… txiste kontalaririk ez bazegoen ere. Ordurako hasita nengoen Argia-n txisteak argitaratzen eta hara!: euskararen aldeko militantziak, ni bezalako pertsona serio eta taxuzko bat txiste-kontalari bihurtu zuen. Sariaren zati bat, beraz, txiste kontalari gisa ibilitakoei, Argia-ko lan talde osoari —ez txisteengatik bakarrik— eta Txiskolan lankide izan nituen guztiei.

Garai hartatik pentsatzen dut euskalgintzak gozamen iturri ere izan behar duela, eta "eske txisteek euskaraz ez dute graziarik" esaldia gogoan, euskarak erregistro informal umoretsu nazionala ere behar duela. Asisko Urmenetak dioen bezala, kolokialak ez duela zertan beti "koloniala" izan beharrik.

Eta publiko zabaletara iritsiko diren formatuak behar dituela euskarak. Produktu eta eskaintza horiek ezagutarazi. Euskara oraindik ere ikusezina baita askotan eta askorentzat.

Bizitzak, ordea, baditu bere bidegurutzeak, eta bidegurutze horietako batean Gurutze topatzeko saria izan nuen. Eta sari honen zati handi bat berari dagokio, hartu ditugun eta ditudan erabaki guztietan —errazetan eta korapilatsuetan— animoa, babesa eta, ez askotan, baina, noiz edo noiz, faltan nuen zuhurtzia ere eskaini dizkidalako. Eta gure alabei ere zatitxo bat. Ohartu zaretenez emakumez inguratuta bizi naiz. Beraiekin ikasi dut euskalgintzan ari garen gizonezkook asko dugula ikasteko emakumeen eskubideen aldeko borrokatik eta berdintasunari dagokionez, praktikan, bide luzea dugula egiteko. Eta euskararen alde ari garenean, eta berdintasunaz edo eskubideez hitz egiten dugunean, balio horiek gure bizitzaren beste alorretara ere eraman behar ditugula. Ahaldundu eta euskahaldundu behar dugula, alegia.

Gaur nirekin batera sarituak izan direla sentitzen ditudanen artean daude SIADECOko lan taldea eta bereziki Iñaki Larrañaga. Euskal soziolinguistikaren aita pontekoa eta hamarkada emankor batean maisu eta lankide izan nuena: azterketa soziolinguistikoak, kale neurketak, egitasmoak eta kanpainak… Soziolinguistikaz dakidan guztiaren oinarria SIADECOn jaso nuen.

Eta Zazpiak Batman kolektiboa: Asisko Urmeneta eta Antton Olariaga, Dotore Horroris Gauza biak, maisuak euskara lardaskatzen eta Inkomunikazio ikastaro azkarrak ematen.

Baita, garai bertsuan, hizkuntzaren kalitatearen inguruko teoria eta ikuspegi berritzailea osatzen bidaide izan nituen Joxerra Garzia eta Andoni Egaña. Zuona ere bada Abbadia sari honen zati bat. Beno, Anttonena eta Joxerrarena ez dakit, beraiek jaso zutenean ez zidaten eta zatirik eman.

Euskal Telebista eta bertako lankide asko ere egin behar ditut sari honen partaide, egin dudana egin ahal izateko eskaini dizkidaten aukerengatik eta emandako laguntzagatik. Baita langintza honetan izan ditudan bi kanpaleku nagusiak ere. Ikuskin aurrena, non, telebista mundurako ateak zabaldu zitzaizkidan. Bertan izandako lankide eta adiskideak ere sarikide ditut. Eta nola ez, azken hamarkada honetan aterpetxe dudan Orio ekoiztetxea eta lankide eta lagun zaituztedan mihiluze, tribukide eta burubero tropa osoa. Pertsona batek izan dezake ideia bat edo ilusio bat, baina inguruan ez badu berauekin bat egingo duen lan talde ilusionatu, profesional eta —gure kasuan— euskaltzale bat, ezinezkoa da Mihiluze, Tribuaren berbak edo Burubero bezalako proiektuak burutzea.

Asko poztu gaitu programek izan duten harrera onak. Askok nabarmendu dute programen baikortasuna eta dinamismoa. Baina poza kezka ere bihurtu zaigu: gure mezua horren nabarmena bada, horren ezohikoa, zein da euskararen inguruan zabaltzen ari garen irudia eta diskurtsoa? Uste dut euskal hedabideok eta euskalgintza osoak badugula horretaz zer hausnartua.

Eta Euskal Telebistaz ari naizenez, esango dut, nire ustez, EITBk pauso bat aurrera eman eta egoera soziolinguistiko berrira egokitu beharko lukeela. EITBk euskarazko saioak eskaintzeaz gain, ardura berezia du euskararen normalizazioan, eta euskarak eta gure hizkuntza komunitateak dituen beharrak asetzen. Ez dira garai errazak, badakit, baina EITB pieza giltzarria da hizkuntzaren normalizazio prozesua azkartzeko eta bultzatzeko. Eta funtzio hori indartu egin behar dela pentsatzen dut.

Amaitzeko Topalabeko adiskideak aipatuko ditut. Jaso orduko onartu nuen Euskara Elkarteen mugimendua birsortu eta indartu nahi zuen talde honetan parte hartzeko gonbidapena, berehala ikusi bainuen kezka bertsuak partekatzen genituela. Urteak baitaramatzat eta baitaramatzagu euskararen aldeko politiketan eta euskalgintza bideratzeko moduetan sakoneko aldaketa eta jauzi kualitatiboak aldarrikatuz.

Asko da urteotan egin duguna, baina gehiago ere egin zitekeen eta asko da oraindik egiteke duguna. Duela 30 urte genituen aurreikuspenak ez dira guztiz bete, eta zenbait arlotan ez aurrera eta ez atzera gabiltza. Fase aldaketa batean gaude; eta ez bakarrik, zorionez, fase soziopolitiko berria zabaldu delako. Bidegurutze batera heldu garela esan daiteke. Egin kontu! ETBrekin, batuarekin, ofizialtasunarekin edo D ereduarekin jaio zen belaunaldia, oraintxe ari da lan mundura iristen eta haurrak izaten. Baina norantz joko du gero eta euskaldunagoa den belaunaldi berri honek? Euskara izango du gero eta gehiago hizkuntza nagusi? Edo euskaraz jakin arren erdaraz egiten jarraituko du, besteak beste, gure belaunaldiak eskaintzen dizkion lanerako eta sozializaziorako eremu nagusiak erdarazkoak direlako? Hurrengo hamarkadetan, Europako hizkuntza normalizatuen bidean jar gaitezke edo Irlandako sinbolismoaren norabidea hartu.

Inertziak astindu, gure arteko liskarrak gainditu eta euskararen aldeko jauzi kuantitatiboak eta kualitatiboak emateko garaiak dira hauek, hizkuntza kontuetan behintzat, batzen gaituena banatzen gaituena baino gehiago delako. Euskarak, hizkuntza estrategia nazional adostua eta akordio sozio politiko zabalak behar ditu hurrengo belaunaldiari begira. Adostasun hori sekulako akuilua izan daiteke, gainera, ilusio kolektiboa eta euskararen aldeko eta herrigintzarako dinamika sozial indartsuak pizteko.

Izpiritu, ilusio eta bide hauek saritu direla esango nuke. Orain guri dagokigu, bereziki hemen bildurik gauden —zaudeten— arduradun politiko eta gizarte eragileei, asmo hauek errealitate bihurtzea. Hurrengo belaunaldiak eskertuko digu. Eta guk merezi dugu.

Eskerrik asko.

 

 

Ekitaldiaren laburpen bideoa

 

 

Ekitaldian erakutsitako bideoa