Juanba Berasategi - 2006

Juanba Berasategi - 2006

Juan Bautista Berasategi Luzuriaga (Pasaia Donibane, 1951) animazioko zinemagintzaren aitzindaria izan da Euskal Herrian. Marrazki bizidunen munduan hemen sortu, landu eta ekoiztu diren proiektu guztien atzean, zuzenean nahiz zeharka, Juanba Berasategi egon izan dela esan daiteke. Aitzindari izateaz gain, Euskal Herrian bere atzetik etorri den marrazki bizidunen egile soka luzearen maisu edo irakasle ere izan da.

Gazterik hasi zen marrazki bizidunetan lanean, eta lehen filma, Ekialdeko izarra hura, bere dohainen erakusle garbia izan zen.

Harrezkero egin dituen lanen zerrenda, azpian den dokumentuan ikus daiteke.

Gaur egun (2006ko azaroa) Barriola, San Adriango azeria izeneko marazki biziduneko film luzea egiteko lanetan dago murgildurik buru-belarri.

Publizitate lan ugari egin ditu, telebistarako nahiz zinemarako, marrazki bizidunetan eta fikzioan. Entidad de Gestión de Derechos EGEDA ikus-entzunekoen egile eskubideak kudeatzen dituen erakundearen sortzaileetako bat da, eta gaur egun bertako administrazio kontseiluko kide. Baita ere, Animazioko Filmaren Nazioarteko Elkarteko ASIFA sortzaileetakoa da, eta Ikus-Entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteko IBAIA sortzaile eta lehendakaria.

IBAIAren lehendakari gisa, besteak beste, Pirinioez Haraindiko Koprodukzio Foroaren sustatzaile nagusietako bat da.

Marrazkilari eta ilustratzaile gisa, lan ugari egina du Juanba Berasategik aspaldidanik. Besteak beste, 1979. urte amaieratik aurrera, Ramon Saizarbitoriaren eta Koldo Izagirreren inguruan eratutako literatur lan taldeko kide izan zen, Oh! Euzkadi aldizkarirako ilustrazioak egiten: aldizkariak kaleratu zituen 16 zenbakietatik bostean ageri da Berasategiren izenpea ilustrazioetan. Lehenago, «Oh! Euzkadi» Zeruko Argia aldizkariaren barne atal gisa argitaratu zenean, 1979ko ekainetik azarora, maketa eta ilustrazioak Berasategik berak eginak ziren.

Garai bertsuan, 1970eko hamarkadan, Donostian argitaratzen hasi zen Ustela saila literatura bildumako bi aleren zaletan (Koldo Izagirreren Oinaze zaharrera eta Joxe Austin Arrietaren Termitosti) ilustratzaile lan bikaina egin zuen.

Trantsizio politikoaren urte haietan Berasategik lan ugari egin zuen, literaturaren esparruaz gain, han-hemengo konpromiso sozial edo politikoen harira. Gogoan izatekoak dira, besteak beste, Urrestilla herri da (1976) kanpainarako sortu zuen logotipoa, eta Pasaian nahiz Azpeitian euskal jaiak iragartzeko marraztu zituen horma-irudiak.

Literaturaz kanpoko lan profesionalen alorrean, Ramon Saizarbitoriak idatzitako Nacer en Guipúzcoa (1981) liburuaren maketa eta ilustrazioak egin zituen Berasategik.

Azken denboretan zinemagintzara emanago egon arren, Juanba Berasategik ez dio inoiz liburu-aldizkarien ilustrazio lanari utzi. Horren adibide da, besteak beste, EHUko ILCLI logika institutuak 2001az geroztik argitaratzen duen Gogoa aldizkariko ilustrazioak.

Berriki, Gaztelupeko Hotsak disko etxearen barruan, Ilargiak Baleki izeneko bilduma egin du, Koldo Izagirrerekin batera, euskal poesia haurrei aurkezteko bide berritzaile batean abiatuta.

Donostian kokatuta dagoen Lotura Films SA zinemagintza enpresa kudeatzen du gaur egun.

Juanba Berasategik zuzendutako eta ekoiztutako lanak

Juanba Berasategiren lanak - 2006

Juanba Berasategiren hitzak saria jasotzerakoan