Juan Zelaia - 2002

Nor da Zelaia?

Juan Zelaia Letamendi Oñatin jaio zen 1920an, Zañartu Auzoko «Upaingoa» baserrian, mendeetan bertan bizi izandako familia batean, eta Ameriketan hainbat pertsonaia izandakoan. Aita herriko Alkatea izan zen Errepublika urteetan.

Ikasketak Bilbon egin zituen (1940-1947), eta Injineru Doktorea da. Aita hiltzean (1947), familiarteko enpresa-ardurak hartu behar izan zituen bere gain, eta handik hona zeregin horietan jardun du, jasotako lantegietan eta ondoren berak sortu dituenetan.

Gizonaz, munduaz eta Euskal Herriaz kezkatuta, hemen eta erbestean enpresa-ekimen berriak sustatu ditu, betiere guztiaren erroak eta buruak hemen, gure herrian, mantenduz, eta lantegiak batez ere Oñati eta Gasteizen lekutuz.

Baserrian sortua, hirietan ere luzaro bizi izan da, Bilbon eta Gasteiz-en; Amerikan egonaldi ezberdinetan urte anitz eman du eta Kontinente ezberdinak ezagutu ditu. Nolanahi ere, sortetxea ez du utzi sekula, eta asteburuetan ahal izanik «Upaingoa»-ra bildu izan da, «aitaren etxea» zaintzeko.

Lehen lan-urteak etxegintzan eman ondoren, ekoizpen-alor ezberdinetan saiatu da enpresak sortzen edo eskuratu eta gidatzen: Cegasa-n pilak egin ditu, Tuboplast-en kosmetika-ontziak eta Hidronor-en industri hondakinak garbitzen eta zaintzen ahalegindu da. Komerzializazio (Cegasa Internacional) eta banaketa-sareak eratu ditu (Cega Multidistribución), ardoak ekoitzi (Lan), edo kartutxoak egin (CTL Activ). Iparraldean Garoa Sarl enpresa du.

Oro har, Euskal Herrian lantegiak sortu eta bideratzen ibili da, bertako kulturaren erroak ahantzi gabe, eta ahal izan duenetan laguntza ere eskainiz.

Kulturaz arduratua

Enpresa-gizona izanik, arretaz begiratu du kulturaren mundua ere, bai gure egunetakoa eta, oro har, berdin iraganekoak ere. Mendebaldeko kulturaren nondik norako nagusienak ezagutzea guztiz gogokoa izan du.

Grezia eta Erromako historia eta kulturaz irakurketa luzeak egin ditu, hasi Platon-engandik eta Tertuliano-ganaino. Mundu idatzi horretaz gain, errealitate historiko hura biziki axola izan zaio, bere gizarte-antolaera eta botere-banaketen aldetik batik bat. Kezka berak eraman du zibilizazio handien iraganaz ere arduratzera.

Irakurketa ugariko gizona da Juan Zelaia. Cervantes edo Shakespeare, Quevedo edo Teilhard de Chardin, Unamuno edo Ortega y Gasset? Batzuk gehiago, besteak ez hainbeste, denetatik pasatu da, eta sarritan egonaldi eta gozamen iraunkorrak izan ditu.

Biografien mundua oso berea du, gizakia ezagutzeko ez ezik herrietan eta gizartean botereak eta inperioak antolatzean gizakiak jarraiki dituen jokabideak ezagutzeko (Alexander Handia, Napoleon edo Fouché, adibidez). Disidentzia kritiko eta arrazoitua gogoz begiratu izan du (Luter-en kasua, esateko).

Pentsamenduarekin batera, artearen mundua ere interesgarri gertatu zaio, eta hor pintura eta musika izan ditu maiteenak.

Euskal kulturan

Gerra-aurrekoetatik hasita, euskal kulturaren garapenari garrantzi osoa eman dio, berau euskal nortasunaren funtsezko euskarri ezinbestekoa dela jakinik.

Batzuetan gure kulturaren behatzaile eta hartzaile gisara, eta bestetan, bertan sortutako ekimenen laguntzaile eta babesle bezala, gogoz egon da euskal kultur sortzaileen ondoan. Hau da, zalantzarik gabe, bere meriturik agirikoena.

Ikastolagintza oso bertatik jarraitu du, han eta hemen jasotzen joan diren eraikin eta erakundeak begiratuz, egiturazko zenbait gastuetarako laguntzak eskueran jarriz. Eta bestelako euskal alorretan ere esku hartu du.

Euskararen normalkuntzarako corpusaren eguneratzean eta saiakera-argitalpenen sustapenean jarraitasunez lagundu du. Aurreko mendeetako euskarazko eskuizkribuak zaintzen eta ikertzaileentzat eskueran jartzen ere bai. Bertsolaritza, euskararen ikerkuntza eta hedabideak bere babesle-arduraz baliatu ahal izan dira, azken urteetan batik bat.

Besteak beste, «Juan Zelaia» izeneko Saiakera-Saria babesten du (2001?) eta Kulturaren Aldeko Euskal Fundazioa-ren bidez (1994?) ari da bere mezenazgoa bideratzen, bide batez Fundaziotik Euskal Herriko dirudunei euskal kulturaren aldeko deia zabalduz.