Fagor Taldea - 2021

Fagor Taldeak hizkuntza berdintasuna sustatu izan du urte luzeetan zehar eta euskara lan munduan suspertzeko bidean erreferentziazko talde bilakatu da. Fagor Taldea oso kontziente da lan munduak eragin zuzena duela euskararen biziberritze prozesuan eta, bere inguru soziolinguistikoarekin konprometituta, euskararen aldeko politika zehatzak jarri izan ditu martxan. Gaur egun Fagor Taldea zortzi kooperatibak osatzen dute, 4.000 langile baino gehiago ditu eta horietatik 150 pertsona dira Euskara Batzordean daudenak.

 

Gipuzkoan kokatuta egonik, Fagor Taldeak argi dauka euskara beren lanean txertatu beharreko aldagaia dela eta lana euskaraz egin ahal izateko espazioak sortzearen aldeko apustua egina du aspaldian. Urteak dira Fagorren euskara oinarrizko balio modura ikusten dutela eta hizkuntza politika berariaz lantzen duten gaia da. Hori horrela, bide luzea egina du dagoeneko euskararen biziberritzearen inguruan eta horren erakusle dira emandako urratsak: 70. hamarraldian kooperatibak euskalduntzeko prozesua abiatu zuten, 90. hamarraldian lehen euskara planak jarri zituzten martxan eta hamar urteren buruan kooperatiba guztietan ari ziren euskararen aldeko lanetan.

 

Azken urteetan ere euskararen aldeko neurriak bultzatzen jarraitzen du eta, besteak beste, kooperatibetako langileek lana euskaraz egiteko aukerak bermatzeko lanetan dihardute. Horretarako, estrategia ezberdinak jarri dituzte martxan: ulermena ziurtatzea, arnasguneak bultzatzea, euskarari funtzio propioak ematea, euskara enpresako sistemetan txertatzea... Konpromiso eta lanketa horrek guztiak Fagor euskara eta lan munduaren esparruan erreferente bilakatzea ekarri du.

 AhoA Pello Jauregi - 2020