Menu nagusira joan Eduki nagusira joan

Hizkuntza Berdintasuna

Egiturazko fenomenoa Gipuzkoan

Euskal Autonomia Erkidegora heldu den azken migrazioa mundu mailakoa da, ez Espainia mailakoa bakarrik; eta, gainera, dagoeneko ez da fenomeno koiunturala. Izan ere, bertako biztanleriaren % 10ak du (220.000 biztanle inguru) jatorri atzerritarreko ezaugarriren bat gutxienez.

Gipuzkoan, 74.000 pertsona inguru dira atzerrian jaio edo, bertan jaio arren, atzerritarrak izaten jarraitzen dutenak. Azken horiek guraso atzerritarren seme-alabak dira. Zehazki esateko, jatorri atzerritarreko biztanleak:

  • edo atzerrian jaio dira eta nazionalitatez atzerritarrak dira;
  • edo atzerrian jaio dira eta espainiar nazionalitatea dute;
  • edo, bertan jaiotako  guraso atzerritarren seme-alabak dira (gurasoren bat edo biak atzerrian jaiotakoak) eta atzerritarrak izaten jarraitzen dute.

Horrek guztiak, zalantzarik gabe, immigrazio-prozesuaren barne-osaera gero eta konplexuagoa bilakatzen ari dela adierazten du.

1. grafikoa. Jatorri atzerritarreko biztanleriaren osaera.  Gipuzkoa 2018 (Kopuru absolutuak)

Iturria: EUSTAT. 2018ko Biztanleriaren udal-errolda

 

XIX eta XX. mendeetan Estatu Espainiarretik Euskal Erkidegoko herrietara etorritako herritar berriak asko izan ziren eta, ondorioz, biziki aldatu zen bertako egitura demografikoa  (1950tik 1981 bitarteko 30 urteetan bikoiztu egin zen).

 
2. grafikoa. Euskal Erkidegoaren biztanleriaren bilakaera (1950-1981)

 

XXI. Mendeko immigrazioarekin beste urrats bat gertatu da. Honako grafikoan ikus daitekeen bezala, astiro-astiro hazten joan da, baina dagoeneko egiturazko fenomeno bihurtu da. Eta, aurreikus daiteke epe ertainean herritar berriak etortzen segituko dutela, bertan geratzeko. Gipuzkoak, beraz, gero eta kultura-aniztasun handiagoa izango du jatorriari, hizkuntzari, kulturari, ohiturari, erlijioari, eta mundu ikuskerari dagokionean. Horrek, jakina, erronka handia jartzen dio gizarteari, giza eskubideetan oinarritutako eta aniztasunaren errespetuzko kudeaketaren ikuspuntutik landu beharko delako.

3. Grafikoa. Immigrazioaren bilakaera. Gipuzkoa 2007-2018

Iturria: EUSTAT. 2018ko Biztanleriaren udal-errolda

Immigrazio-joerak

Ibilbide luzeko integrazio- eta aniztasun-estrategiak lantzeak garrantzi berezia du. Ikuspegi horretatik, ezinbestekoa da jabetzea immigrazioa ez dela gertakari iragankorra. Inkestek eta datuek dioten moduan, herritar berri gehienek geratu nahi dute, gurean egin nahi dute euren bizitza proiektua. Arrazoi ugari dago errealitate horren oinarrian.

Azpimarratu behar da immigrazioa ez dela modu kaotikoan gertatzen, izan ere, gehienak eskaeren arabera etortzen dira. Esan daiteke, sistema sozial batek lotzen dituela immigrazioko biztanle potentzialak eta gizarte-hartzaileak, hari ikusezin baina eraginkor baten bitartez, hain zuzen, kausa-eragile ukaezina duena. Alegia, gizarte hartzaileak ezaugarri jakin bateko immigrazioa eskatzen du eta halakoxea etortzen zaio kopuru esanguratsuenetan. Logika isil hori, sarritan, ez da ez ikusia ez eta sozialki ulertua ere, baina teknikoki hala gertatzen da, eskaeraren oinarrian gizarte hartzailearen beharrak daudelako.

Gogoratu behar da, bestalde, migrazio-fluxuaren kopurua sozialki ere kudeatzen dela. Horren lekuko da 2010 eta 2013 urte artean gertaturikoa. Urte horietan, krisiaren eraginez, gizarte hartzaileak etorkin potentzialen beharrak murriztu zituen, eta, ondorioz, etorkin-kopurua mugatu egin zen. Egoera ekonomikoa suspertu bezain laster, helduera positiboak abian jarri ziren berriro; esate baterako, 2018an 15.000 herritar berri instalatu ziren Euskal Autonomia Erkidegoan.

Indarrean dauden ekimenak birpentsatzea eskatzen du horrek guztiak,  baita, horietatik eratortzen diren prozesuak ere. Horien artean daude erroldatzeak, erregularizazio-tramitazioak, berrelkartze- eta nazionalizazio-mekanismoak eta prozesuak. Ezinbestekoa da, beraz, jatorri atzerritarreko biztanleriaren gizarteratzea eta aniztasunaren kudeaketa egoki artikulatzea.

Zer nolako immigrazioa izango da?

Zer bilakaera izango du Gipuzkoako immigrazioak datozen urteetan? Antzeko kopuruetan haziko da? Ala, handiagoak izango dira bertaratuko diren herritar berriak? Zein dira egin daitezkeen aurreikuspenak? Neurri batean behintzat, bertako gizartearen ezaugarriak erabakigarriak dira migrazioaren bilakaera aurreikusteko.

Bereziki, bi ezaugarritako lan-eskakizunak sortzen dira: zaintzaren arlokoak eta zerbitzu-sektorekoak. Izan ere, gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoko edota Gipuzkoako biztanleriaren portzentaje esanguratsuena klase ertaineko biztanleek osatzen dute, eta, egoera aldatzen ez den bitartean, mota horretako eskakizunak sortzen ari dira. Zaintzaren esparruan tradiziozko joerak mantentzen dira eta, salbuespenak salbuespen, migrazioko emakumeek betetzen dituzte lan horiek; zerbitzu-sektorekoak, aldiz, gehienbat migrazioko gizonek. Kasu bietan egoera prekarioenekoak izan ohi dira gehien-gehienetan, hasieran behintzat. Bestalde, batzuetan kontraesankorra dirudien arren, gertatu ohi da zenbat eta gizarte hartzailearen egoera ekonomikoa hobea izan, hainbat eta egoera irregularreko etorkin-kopuru handiagoa izatea, orduantxe baitago eskari eta migrazio etorri berri handiena. Alderantziz, migrazioko populazioa oro har egoera erregularrean dagoenean, bertako ekonomiaren geldiuneren adierazle izan ohi da.

Aipaturiko arrazoiak tarteko, oso kontuan hartu behar da gertaturiko immigrazio-kolektiboen feminizazio progresiboa. Horrela, 2018an Gipuzkoako etorkinen artean emakumeek % 52,2 osatzen zuten. Eta fenomeno hori Hego eta Erdialdeko Amerikako immigrazioko populazioak ezaugarritzen du.

Kolonbia izan zen eremu horretatik etortzen hasi ziren lehen lurraldea (% 60 emakumeak), Peru eta Ekuadorrekin batera, 2000. Urtetik aurrera. Boliviatik abian jarri zen migrazioa 2004an (% 62,7 emakumeak); Paraguaiko migrazioa ere garai berekoa da, baina Gipuzkoan baino gehiago Bizkaian ezarri zen (% 63 emakumeak). Dominikar Errepublikatik, Brasildik eta Kubatik apurka-apurka etorri dira eredu desberdin bati jarraikiz. Azkenik, Venezuelako kasuan jazarpena eta migrazio ekonomikoa nahasi dira prozesuan, eta urte pare bat daramatza migrazio mugimenduan.

Baina, zalantzarik gabe, azken urteetan Gipuzkoara heldutako kolektibo kopurutsuena Nikaraguatik etorritakoa da (horien artetik % 74,2 emakumeak dira). 2010ean hasi zen heltzen biztanleria hori eta gehien ugaritu den kolektiboa da; Honduras ere eredu berekoa da (% 70,3 emakumeak). Beste modu batera esanda, ikus daiteke Hego eta Erdialdeko Amerikako immigrazioa zenbat eta berriagoa izan, orduan eta feminizatugoa dela.

 

4. Grafikoa. Hego eta Erdialdeko Amerikako migrazioaren feminizazioa. Gipuzkoa. Emakumeen %

Iturria: EUSTAT. 2018ko Biztanleriaren udal-errolda

Salbuespena eta etorkizuna

Jatorri atzerritarreko kopuru handiena duen taldea Maroko da. Eta, aurreikus daiteke hala jarraituko duela datozen urteetan ere. Izan ere, herrialde horrek nazioartean jokatzen duen rol geoestrategikoak pisu berezia du. Marokok Europa eta Estatu Batuekin lotura du, eta neurri batean behintzat Afrikako fluxuetan eragiteko gaitasuna du. Horrez gain, Estatu Espainiarrarekin kontratu eta interes estrategiko gero eta handiagoak ditu, eta horrek baldintzatzen ditu herrialde horretatik irteten diren populazio-fluxuak eta bertatik irtendako populazioak Europan izan dezakeen lekutzea ere.

5. Grafikoa. Hego eta Erdialdeko Amerikako migrazioaren feminizazioa. Gipuzkoa. Emakumeen %

Iturria: EUSTAT. 2018ko Biztanleriaren udal-errolda.

Baina aldaketa oso handiak datoz Afrikako sakoneko joeretatik. Etorkizuneko mugimenduen gakoa kontinente horretako biztanleriaren gaztetasuna da: % 75ak 25 urte baino gutxiago du eta % 40ak 15ak baino gutxiago.

Eta zer diote datuek, etorkizuneko biztanleriaren joeren inguruan? Nazio Batuen Demografia sailak 2017an aurreratu dituen aurreikuspenen arabera, Afrikako biztanleria 229 milioi pertsonatik 1.256 milioi izatera igaro da azken 70 urteotan (bost aldiz biderkatu da), eta 2050rako 2.500 milioi izango dira (4.500 milioi 2.100 urtean).

 

6. Grafikoa. Kontinenteen biztanle-kopuruaren bilakaera Nazio Batuen aurreikuspenaren arabera, 1950-2100 (milioiak)

 

Iturria: Nazio Batuen Erakundea. Biztanleria Saila, 2017.

Datu horien oinarrian dago jaiotza- eta ugalkortasun-tasak mantenduz heriotza-tasa txikitu izana. Izan ere, Afrikan munduko beste trantsizio demografikoetan gertatu den bezala, osasuneko baldintzak hobetzeak heriotza-tasa jaistea ekarri du.

Kontuan izanda, bestalde, azken azterketek erakutsi dutela kontinente horretako biztanleriaren artean emigratzeko nahia handia edo oso handia dela, aurreikus daiteke etorkizun hurbileko mugimendu garrantzizkoenak Afrikatik etorriko direla; hurrengo hamarkadetan sendotu egingo dira nabarmenki Afrika jatorriko mugimendu migratzaileak eta, horrek, zeresan handia izango du munduko biztanleriaren konfigurazio orokorrean.

Tokiko eredu alternatiboak

Migrazioko biztanleria gizarte hartzaile jakineko ezaugarrien arabera banatzen den bezalatsu, Gipuzkoaren barnean ere hala gertatu da: tokian tokiko ezaugarrietara egokitu da jatorri atzerritarreko biztanleria. Horrela, eskualde zehatzen araberako biztanleria horren lekutze-eredu oso desberdinak aurki daitezke eskualdez eskualde, baita udalerriz udalerri ere.

Donostian kokatzen da ezinbestean etorki-kopuru handiena, herrialdeko buru izanik, espero den moduan. Ondoren datoz biztanleria-kopuruaren arabera handienak diren Irun, Errenteria, Eibar, Arrasate, Beasain, Hernani, Zarautz,… Kasu horietan, salbuespen bat edo beste izan arren, udalerri handienei dagokie etorkin-kopururik handienak.

Baina, jatorri atzerritarreko proportzioari dagokionean, desberdintasunak maiz agertzen dira: Ordizian % 18,8 da (EAEko handiena), Zaldibian % 14,9, Beasainen % 14,5, Ikaztegietan % 14,1. Ikus daitekeenez, Goierriko udalerri askotan Gipuzkoako batez bestekoa (% 10,3) erraz gainditzen da.

Eskualde-mailako portzentaje handiena Bidasoak du, eta alderantziz, txikiena Deba Garaiak (% 8,2). Donostialdean, % 10,2 izan arren jatorri atzerritarreko biztanleen proportzioa, Gipuzkoan erroldatuta daudenen ia erdia kokatzen da bertan (% 45,5).

7. Grafikoa. Jatorri atzerritarreko biztanleria. Gipuzkoako eskualdeak 2018 (%)

Iturria: EUSTAT. 2018ko Biztanleriaren udal-errolda.

Eskualdeen ikuspegi hori osatzeko erreparatu daiteke eskualdeetan lekututako biztanleriak zein kontinentetan duen jatorriaren araberako biztanleriaren jatorriaren banaketan.

8. Grafikoa. Jatorri atzerritarreko biztanleria jatorri-kontinenteen arabera. Gipuzkoako eskualdeak, 2018 (%)

Iturria: EUSTAT. 2018ko Biztanleriaren udal-errolda.

Honakoak dira azpimarra daitezkeen datu esanguratsuenak:

  • Donostialdean pisu handiena Hego eta Erdialdeko Ameriketatik etorritako biztanleriak du.
  • Goierrin europarrak, batez ere errumaniarrak.
  • Tolosaldean, Urola Kosta, Deba Goiena eta Bidasoa Beherean, Hego eta Erdialdeko amerikarrak, baina beste kontinente batzuetakoak ere pisu handia dute: Tolosaldean, afrikarrak eta Bidasoa Beherean, europarrak.
  • Deba Beherean, proportziotan afrikarrek osatzen dute talderik handiena, batez ere magrebtarrak; baina kopuru oso antzekoa dute amerikarrek.

Banaketa horretan oso deigarria da Goierriko kasua. Eskualde industrializatu horretan jatorri atzerritarreko biztanleria % 10,1 da, eta bertan lekutu dira, bereziki, Errumania jatorri duten biztanleak (Gipuzkoan daudenetatik % 41,4 eskualde horretan erroldatuta daude). Goierrin egokitzapen laboral eta industrialak nagusitzen dira, eta bertara, kualifikazio altuagoa eskatzen duten lanpostuetara europarrak heldu dira. Alderantziz, Donostialdean zaintza- eta familia-premiak dira nagusi. Azkenik, Deba Beherean aspalditik komunitate magrebtarra bizi da, batez ere, Eibarren eta inguruko herrietan.

9. Grafikoa.  Jatorri atzerritarreko biztanleria 20 jatorri-estatu kopuru altuenen arabera. Gipuzkoako eskualdeak, 2018 (%)

Iturria: EUSTAT. 2018ko Biztanleriaren udal-errolda.

 

Aurrera begira

Immigrazioko biztanleriak Euskal Autonomia Erkidegora eta, zehazki, Gipuzkoara etortzen jarraituko du, eta aurrerantzean, krisi larririk ezean, handituz joango da, bertako momentuzko premietara egokituta, alegia, batez ere, zaintza-lanak eta tokian tokiko bestelako premietara egokituta. Eta, horrela, kudeaketa egokiaren beharrean aurkituko da gizartea.

Errealitate horren aurrean harrera eta kudeaketa antolatua ezinbestekoa da. Integrazio estrukturala bermatzea lehentasunezko eginkizuna da, gizartean aurrera egiteko hartu behar diren neurriak ziurtatzeko eta aukera-berdintasuna bermatu dadin. Berdintasunik gabe dibertsitatea kudeatzea ezinezkoa da, baina, aldi berean, egiturazko berdintasunak aniztasunaren trataera kontzientea eta egokitua eskatzen du.

Lehentasuna zein ezaugarriri eman behar zaion jatorri atzerritarreko biztanleekin batera erabaki beharreko gaia da, haien parte hartzea ezinbestekoa delako etorkizuneko Gipuzkoan. Izan ere, berdintasunaren printzipioa errespetatzeak aukera-berdintasuna bermatzeko neurriak ezartzea eskatzen du, aniztasuna kudeatzearen bitartez. Berdintasunak eta aniztasunak elkar elikatzen dute; gizarte anitzak aberatsagoak dira, baina aniztasunak berdintasun printzipioa errespetatzea eskatzen du… Baita hizkuntza esparruan ere.