2021
V jardunaldiak. Arnasguneen garapen jasangarrirantz

Euskararen biziberritze prozesuan paper garrantzitsua jokatzen dute arnasguneek eta horretaz jakitun, ezinbestekotzat hartzen da horiek babestea eta garatzea. Babes eta garapen hori, gainera, ez da soilik hizkuntzaren aldetik sustatu behar, baita alor sozioekonomikotik, sozioekologikotik eta sozioidentitariotik ere. Hala, Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldien 5. edizioan, "Arnasguneen garapen jasangarrirantz" izenburupeko saioan, arnasguneek beren babes eta garapenerako dituzten premia eta beharrak identifikatu eta horietan sakontzen jardun dute.
Honakoak dira jardunalditik ateratako ondorio nagusiak:
- Arnasguneen garapenari begira hiru ardatz eta zazpi erronka
Arnasguneen garapenari begira, ardatz modura oinarritzat hartzen dira garapen sozioekonomikoa, soziokulturala eta sozioekologikoa; eta horietan kokatuko lirateke lanerako zazpi erronka nagusiak: garapen demolinguistiko jasangarri eta orekatua, garapen sozioekonomiko sistemiko eta endogenoa, tokiko oinarrizko zerbitzuen garapena, hizkuntza-komunitatean ardaztutako garapen soziokulturala, balio aurrerakoi eta komunitarioetan oinarritutako nortasunaren garapena, arnasguneen saretzea eta hedapena eta hizkuntza komunitatea ardatz duten politika publikoak.
- Arnasguneen zaurgarritasuna eta inguruarekin duten interdependentzia
Hizkuntzaren normalizazio prozesuetan arnasguneek duten garrantziarekin batera, begi bistakoa da arnasguneak zaurgarriak direla; eta are gehiago, globalizazio prozesua azkartzen ari den garaiotan. Gaur egungo garraiobide eta hedabideek arnasguneetako eguneroko bizitzan goitik beherako eragina dute.
- Garai konplexuei erantzun konplexuak
Elkar lotuta eta elkar eragin etengabean dagoen gizarte batean bizi gara eta, beraz, politika publikoetan hizkuntza normalizazioa zeharkakotasunez lantzeko beharra dago. Hizkuntzaren kudeaketa aintzat hartu behar da sozioekonomian, lurralde antolaketan, arkitekturan...
- Arnasguneen garapenean oinarritutako politika publikoak
Beharrezkoa da politika publiko guztietan arnasguneen garapena aintzat hartzea eta hasiera-hasdieratik arnasguneen garapenaren ikuspegia txertatuta egotea.
- Arnasguneen garapenerako lege markoa
Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) egiteko beharra EAEko Toki Erakundeen Legean jaso izana oso positiboa da, baina horren garapenetik sortutako hainbat ikasgai oraindik ere identifikatzen ari dira. Hala, horiek guztiak oinarri hartuta, arnasguneen garapenari bermea eta babes juridikoa emango dion lege markoa garatzea beharrezkoa da.
Hemen saio guztiaren bideoa eskuragarri.