Imanol Urbieta - 2007

Imanol Urbieta - 2007

(J.L. Aranguren «Txilikuk» 2002-12-12an Sustatu.com-en argitaratutako artikulua)

Soslaia

Musikagile eta musika irakasle gipuzkoarra (Zarautz, 1934). Arantzazun eta Erroman ikasi ondoren, Valentziako Unibertsitatean Filosofian lizentziatu zen. Donostiako Kontserbatorioan musika ikasketak egina. Zarauzko Irrintzi taldean sartu zen 1957 inguruan, eta herriko antzerki eta dantza saioetan parte hartzen hasi zen. Baita Euskal Jaien antolakuntzan ere. Hainbat abesbatza eta musika talderen sortzaile eta zuzendari izan da: Oleskariak otxotea, Naya orkestra. 1960ko hamarkadan euskal kantuaren inguruan sorturiko mugimenduan kolaboratu zuen musika-moldaketak eginez, abestiak sortuz eta orkestrari lagunduz. Haur kantarien mugimendua sortu zuen Zarautzen: haurrak kantuan eta ipuinak kontatzen jarri zituen; herriz herri ibili ziren eta haurrentzat euskaraz egin den lehen diskoa grabatu zuen: Haur Kantariak, (1967). Zarauzko ikastolaren lehenengo urteetan bertako irakasle izan zen. Zarautzen musika-eskola bat sortu zuen, Hernanin beste bat eta Donostian beste bat: Xirula Mirula.

Musikak haurren heziketan duen garrantziaz jabetuta ikerketa asko egin du. Pedagogia arloko liburu eta disko asko eman du argitara. Zenbakiak eta koloreak erabiliz musika eta solfeoa ikasteko bideak esperimentatu ondoren, ikasbideak egin ditu.

Psikomotrizitatea musikaren laguntzaz lantzeko ikerketak eta saioak ere egin ditu; arlo horretan, 1989an, Zairen musika etnikoari buruzko ikerketak egin zituen. Hala, haurrentzako kantak, eskoletan musika egiteko bideoak, musika irakasteko metodoak eta abar egin ditu.

Baina musika ez da Manolorentzat helburu bat, bitarteko bat baizik. Musikagintza inguruarekin lotzen du, eta, beharbada, horregatik egin dio uko hainbat aukera tentagarriri. Horregatik zuzendu du bere lana oinarriak bilatzera, haurrekin lan egitera, goi mailako musikagintzara jo ordez, bide hori zenbaitetan frustrantea edo mingarria gertatu bazaio ere. Aukera egin duen guztian herrirantz jo du, eta horregatik dauka hitz horrek bere ahoan beste batzuenetan ez duen egia.

Konformagaitza eta bere lanean dena ematen duena, sortzailea eta eragilea izan da pasa den toki guztietan. Jakin aldizkariaren sortzaileetako bat izan zela ere esan dezake. 1996an, Zarauzko Kultur Merezimenduaren domina eman zion Zarauzko Udalak. Imanol Urbietaren urte eta arlo askotako lan etengabea saritu zuen Zarauzko Udalak eta herriak domina horrekin.

Etxeko berri

Meltxor Urbietak eta Maria Beristainek hamar seme-alaba izan zituzten eta Imanol Urbieta horien arteko hirugarrena da. Gainerakoak, Sebastian, Karlos, Axun, Maritxu, Domingo, Margarita, Juanita, Jesus Mari eta Pepita dira. Jaiotetxea Zarauzko Musika Plazako elkarte bat zuten, «Centro de Obreros Católicos de San Pelayo». Aitona-amonak bertako kontserje ziren. Zentro hartan bazen piano bat. Sakratua zen, ez baitzen beraiena, baina Imanolek pianoa jotzen zuen aitona falta zenean edota etxekoak siestan zeudenean. Hala, aitona konturatu zen bazuela mutikoak trebetasuna hatzetan, belarri ona zuela eta indar berezia zeukala.

Zazpi urte zituela sartu zen herriko bandan klarinetea jotzera. Bandan jotzen zituzten kontzertu guztiak buruan hartzen zituen, eta gero haiek jotzen zituen pianoarekin, nola edo hala, inork erakutsi gabe. Hasieran bere kabuz ibili bazen ere, gero, udaldian Zarautzera etortzen zen Narbaiza maisuarengana bidali zuen aitonak, pianoa behar bezala ikastera. Etxean musikarako zaletasun handia zeukaten. Osaba bat, Eusebio, oso zalea zen gauza horietan, eta bera arduratu zen Imanolek klarinetea jo zezan bandan, pianoa ikas zezan, eta, horretaz gain, txistua eta dantzaren munduan sartu zuen. Maria Barbara musika irakaslearen ikasle izan zen, eta ez zeukan Imanolek saltzeko Zarauzko haur guztiak maite zuen emakumea: "Musika arloan izan dudan zorte handiena horixe dut, Maria Barbararen ikasle izana", aitortu zuen aspaldi batean. Oso elizkoiak zituen etxekoak: osaba bat fraile, bi anaiak ere fraile, gero arreba bat moja... Behin horrela, anaiekin Foruan pasa zituen Gabonak, gustatu egin zitzaion, eta handik etorri zitzaion harako gogoa, nahiz eta bokaziorik ez zuen. Hamalau urte zituela joan zen seminariora. Hogeita bat urte zituela hartu zuen irteteko erabakia: "Konturatu nintzen hori ez zela niretzat. Etxekoentzat porrot handia izan zen. Ohorea zen familian frailea izatea, eta ni frakasatua nintzen. Jainkoak behin deitzen dizu eta, ez badiozu orduan erantzuten, zureak egin du. Negarra ezkutatu ezinik aurkitu nuen osaba. Aita ez nuen ikusi ere egin. Gero jakin nuen aitak esan zuela: «Jakin banu semea hil dela ez nuen halako penarik hartuko». Hortik atera kontuak. Gero pixkanaka-pixkanaka utzi zuten besteek, baina orduan neu bakarrik izan nintzen. Ondorio guztiekin hartu nuen erabaki hori, neuk bakarrik".

Familian karlistak ziren eta ez zuen Imanolek giro abertzalerik ezagutu etxean. Euskalduna zen, euskararen jabe, baina kontzientziarik ez zuen. Euskaltzaletasuna seminarioan hasi zitzaion pizten: "Musikaren bitartez. Gogoan daukat 15-16 urte nituela hasi ginela koruak egiten, eta musika entzunez eta kantatuz, beste musikekin sentitzen ez nuena sentitzen nuen euskarazko kantuekin. Gainera, garai hartan irakurri nituen «Amaia y los Vascos», Arturo Kanpionen lanak... Horrela hasi nintzen errebelatzen, euskal kantuekin. Garai hartan baziren euskararekin konprometituta zeudenak, eta nire koadrilak aurrera egin zuen unean etorri zen «Jakin» sortzeko garaia. Marrazkiak egiten lagundu nuen aldizkarian, egitura ematen, animoak ematen... Harrotasun handiz esaten dut hori".

Sortzaile, eragile eta irakasle

Oleskariak otxotea, Naya orkestra, Zarauzko haur kantariak edo musika eskola aipatzen baditugu, edo Euskara oi euskara, Alaken, Zain dago ama, Land Roverra, Mc Mikel, Txoria nintzela... kanten egilea dela esaten badugu, berehala lotzen da Imanol Urbieta musikarekin. "Beti kontraesan bat izan naiz, ingurua oso nerbioso eduki duen tipo bat", esaten digu berak. Eta honela azaldu digu sasoi hartako giroa: "Garai berezi haiek etorri ziren eta kulturari bultzada bat eman nahia sortu zen guregan. Puskaketa politiko batzuek izan ziren, eta ondorioz, gazteriaren aldetik halako eten bat. Gazteak bere alternatiba aurkeztu zion gizarteari. Ni erdi-erdian nengoen, eta gogoan dut nola Txillardegik eta horiek eragin handia izan zuten niregan, ez bakarrik politika mailan baita kultura mailan ere. Orduan gure egarria politika zen, gure sustraiak sentitzen genituen, protagonismoa nahi genuen, eta hori garatzeko modu asko zeuden, baina bat, kaleak eskatzen ziguna, gizarteak eskatzen ziguna, euskara lantzea zen, euskara bizitzea, euskara plazaratzea adibidez; eta niri tokatu zitzaidan hizlari izatea, aurkezle izatea, eta batez ere musika aldetik zerbait esatea, ez estetika mailan, protesta mailan baizik. Hor aritu nintzen «Ez dok Amairu»-n, borrokalariak ginen, herriari zerbait esan nahi genion, esnatu zaitez, esperantza pixka bat izan ezazu..."

Seminarioa utzi eta 1950eko hamarkadaren bigarren erdialdean itzuli zen Zarautza. Orduan hasiak ziren Irrintzi taldekoak lehenengo emaitzak ematen, antzerkiarekin-eta. Herria euskalduntzeko giroa bultzatzen ari zen taldea giro abertzalean, eta pentsatu zuten "frailea" egundoko hizlaria izango zela, eta Irrintzi-n sartu zen. Kulturaren arloko kezkekin bat zetorren eta konturatu zen han asko zeukala emateko. Garai hartakoa da Alaken Gabonetako abestia. Irrintzi taldearentzat sortu zuen. Gero, Irrintziren inguruan Oleskariak otxotea sortu zuen, eta euskal jaietako estanpak ere bai. Horiek guztiak 1960tik aurrerakoak dira. Oleskariak otxotearekin (1963), ordu arteko kantatzeko moduak astindu zituzten. Erdi kabareteroak, gozo-gozo kantatzen zuten; eta herria beraiekin. Euskal Herrian barrena ibili zen jaialdiak ematen Oleskariak zortzikotea Imanol zuzendari zela, eta hiru disketxe etorri zitzaizkien grabatzeko eskaintzekin.

Oleskariak-ekin, parez pare, dantzatoki bat ere sortu zuten lagun artean, Naya, Zarauzko lehenengo ?diskoteka?, eta han izen bereko orkestra osatu: "Orkestra oso polita zen Naya. Batzuek gitarra ikasi nahi zuten, nik haiei erakusteko adina neure kasa ikasi eta, horrelaxe, hamabost egunerako kalean ginen gitarrarekin kontzertuak ematen. Artistak etortzen zirenean haien laguntzaile gu ginen. Eta orduan, ba, Madrilgo jendea eta Bartzelonako jendea, organoa jotzen ikusi, eta eraman egin nahi izaten ninduten. Benetako aukerak izan nituen, baina... Eta zorretan nenbilen. Batere kobratu gabe ibiltzen ginen. Bat egongo zen mostradorean, bestea atea zaintzen...".

Irrintzi eta Naya orkestraz gain, umeen munduan sartuta ikusi zuen bere burua Imanolek. "Nire joera zen hura, ez Irrintzirena. Ez nintzen ez maisua ez ezer, baina umeak etorri egiten zitzaizkidan. Jaialdiak-eta antolatzen hasi ginenean umeek ondo pasatzea zen kontua, kantatuz, beti ere euskaraz. Amaren Heriotza istorioa asmatu nuen, ama euskara hiltzera zihoala adierazteko, eta horren inguruan antzerkia egiten eta abesten jarri genituen haurrak. Legamia bezala hazi zen hori, zenbait gurasoren kontzientziara ailegatu zen eta orduan hasi ginen frontoiko jaialdiak egiten". Umeekin diskoa ere atera zuen, bi semerekin eta Zarauzko beste bi neskatorekin: "Txapelketa batean, Manuk «Atzo tuntun, gaur ere tuntun» kantatu zuen, eta Joxe Antoniorentzat «Euskara oi Euskara» sortu nuen. Belter etxea interesatu zen eta opari hori egin zigun: Haur Kantariak diskoa (1967)".

Irakaskuntza eta musika 1960an ezkondu zen Imanol Urbieta, semeak ekarri zituen eta hortik etorri zitzaion beste egarri bat. Momentu hartan ikastola bazen Zarautzen, mugimendu bat sortu zen haren inguruan, eta mugimendu hartan sartzeko beharra ikusi zuen: "Ikastola sortu aurretik hala ere, gu hasiak ginen umeak jendearen aurrean kantuan jarriz ipuinak esaten, olerkiak errezitatzen, urtero-urtero egiten genuen, 1958tik aurrera. Horren ondorioa izan zen jendea konturatzea ez bakarrik esperantza bat bazegoela, baita espresio mundu bat ere, haurraren kulturaren mundu bat; eta orduan hasi ginen gauzak ikusten, haurra ere, azken batean, ardatza zela ikusten, eta ez medio bat soilik mezu bat emateko. Halaxe, ustegabean eta halabeharrez, bildu nintzen eskolaren mundura eta eskolak dituen eskakizunetara. Inplikatuta geunden kultura eta umeekin. Seme zaharrena bigarren promozioan sartu zen eta, urteak pasa ahala, konturatu nintzen, heziketa motza eta mugatua jasotzen zutela. Eta pentsatu nuen: barrura. Urtebeterako Erromara joan; han lizentzia atera, eta halaxe aurkeztu nintzen ikastolan, maisu".

Berritzailea izan zen Imanol irakasteko moduetan. Orduko ikasleok gogoan ditugu oraindik bost kontinenteetako ibai eta mendiak, bakoitza bertako doinuekin egokitutako kantetan. Hala, geografia, alfabetoa? berdin zion zer, abestiak sortzen zituen. Bere betebeharra ez zen musika irakastea. Matematika, geografia eta gauza horiek guztiak irakasten zituen, baina musikaren bitartez irakatsi: "Musika bidea da, ez helburua. Nik ez nuen ezer asmatu, asmatuta zegoena ikasketetan aplikatu baizik".

Musika, hizkuntza, kirola denak lotzen zituen Imanol Urbietak: "Umeekin hasi eta benetako garrantzia zuen kirolak, eta nik kirola sartu nuen. Adibidez, bederatzietan joan eta hamar urteko umeek, haiek zeukaten sasoia, nola isiltasun bat edo sortu han? Nik egiten nuen lehenengo gauza frontoira joatea zen eta bederatzietatik bederatziak eta erdietara umeak lehertu kirola egiten, korrika eta beste. Umeari ematen diozun guztiak balio dio. Musika baldin badakizu musika bihurtzen da zerbitzari bat izugarria, zerbitzaria, eh! Hori askotan aitatuko dut, nik ez dudala jartzen umea musikaren zerbitzuan. Nire asmoa, musika beti umearen zerbitzuan jartzea izan da. Ez da izan nire helburua musikariak sortzea. Sortu behar badute, sortuko dira. Esku ona behar du maisuak umeen aurrean, estetika bat, bai kaligrafian, bai marrazkian... Maisuak hori eduki behar du: kantatzea, hitz egiteko grazia, dramatizatzeko. Kirola dela, jokoak direla, mendia dela... Gaur hainbeste aipatzen den ekologia eta horiek denak bizi genituen garai hartan".

Ikastolako esperientziaren ondoren sortu zen Zarauzko Musika Eskola, 1970eko hamarkadaren hasieran, eta eskola hura, gerora musika pedagogian egin duen ibilbidearen abiapuntua izan zen: "Arrakasta handia izan zuen Musika Eskolak, bostehun haur edukitzera iritsi ginen. Zergatik? Ikastolan nirekin ibilitako ikasleek nirekin jarraitu nahi zuten. Nobedadea izan zen. Hainbeste haur, hainbeste kanta eta hainbeste festa... «Zeruko Argia»koak ere orduan interesatu ziren. Eta Loiola Irratikoek ikaragarrizko aukera eman ziguten: astean bitan irratsaioak egitea haurrentzat eta haurrekin. Han iaiotasun bat hartu genuen: aparatu teknikoak, irrati gidoiak... azken batean, hor profesionalizatzen joaten zara. Grabaketak egiten hasi ginen. Gerora, Lontxo Oiartzabalek proposatuta Donostiako Irakasle Eskolan sartu nintzen, eta lau urte egin nituen, Andu Lertxundi, Mari Karmen Garmendia, Joseba Arregi eta beste hainbat lankide nituela. Lau urte egin nituen bertan. Handik Hernanira jo genuen, Musika Eskola sortu, eta Jaurlaritzaren hasierako urteetan ere aritu nintzen, musika heziketarako arautegia egiteko". Lehenengo proiektuak Imanol Urbietaren eskuetatik atera ziren. Horien guztien ondotik Donostiako Amara auzoan dauka, gaur egun, Xirula Mirula musikategia.

Musika eta heziketa

Imanolek ekinez eta ekinez, ustekabean, senez, irekia izanez egin du bidea, ikertuz, jardunez: okinaren lanarekin parekatzen du bere ahalegina. Ez omen daki okinak zenbat ogi egiten dituen, eta Imanolek ere, egiteari garrantzi handiagoa eman dio zenbat egin duenari baino. Bere teoria guztiek lana dute oinarri. Musika bidea da, ez helburua. Berak ez omen du ezer asmatu, asmatuta zegoena ikasketetan aplikatu baizik: "Hizkuntza oso inportantea da, mugimendua oso inportantea da eta musikaterapia oso inportantea da. Musikaren helburua ez da musikariak sortzea, berez etorriko dira. Musika bizitzea da, eta musikaz baliatzea zure inhibizioak eta ezinak gainditzeko, komunikatzeko gogoa sortarazteko. Terapia gogorra da, baina isila. Nobedadea izan zen musikari eta hizkuntzari zer tratamendu ematen nion. Umea ez da ideologoa, eta hitzak soinuagatik esanahiagatik baino gehiago hartzen ditu. Estilo bat da. Kontuan izan behar dugu haurraren komunikazio beharra. Umeak bere erritmoa, bere pultsazioa du, bere-berea du. Bere erritmo horrek esaten dio besteekin bat egitea oso larria dela, baina hala ere umeak aurre egin behar du eta umeari lagundu egin behar zaio aurrera egiten. Hau da gure sistemaren gunea, hau da, haurra nolakoa den asmatzea. Nolako pultsazioa, nolako nortasuna duen asmatzea, gizarteratu edo eskolaratu aurretik. Musikaren bidez haurrekin bat egiten dugu. Musikak duen erritmoaz komunikatzen da haurra".

Beraz, musika komunikazio tresna bat da: "Musika da haurrak eta guk hitz egiten dugun hizkuntza komuna. Haurrak bere erritmoa erakusten digu eta guk bere erritmoa erabiltzen badugu komunikazioa oso erraza da. Baina gure helburua ez da haurra hemendik ateratzen denean "zuk bibolina jo behar duzu" edo "pianoa jo behar duzu" erabakitzea. Bi oinarri ditugu gaur egun, esate baterako, Txirula Mirulan: batetik, euskararen berezitasuna, eta bestetik, musikoterapia edo psikomotrizitateko ariketen bidez haurra laguntzea. Haurrarentzat amaren hitzak musika dira, gure hitzen doinua musika da, haurrak melodia baino lehenago gure hitzen grazia eta gure erritmoa sentitzen duelako. Euskarak, pentsa, zenbat erritmo eta musika dituen".

Guztiontzako musika

Ez da Imanol Urbieta musika elitistaren aldekoa eta behin eta berriz esaten du musika bitarteko soila dela eta pasadizoekin oroitzen da: "Behin lehiaketa batera joan ginenean bezala. Batek oso boz txarra zuen, ez zegoen aurkezterik. Beno, nola esan nik ume hari? Eta, azkenean, eraman nuen eta isilik egoteko esan nion. Marrurik handienak hark ateratzen zituen. Esaiozu hari isilik egoteko! Nor naiz ni hura isilik edukitzeko? Hori gertatu zen. Nola egingo genuen ba ondo? Ezin". Eta musikaren irakaskuntzaz galdetzen zaionean ez du inolako zalantzarik egiten: "Eskola da gure gure bizi guztiko proiektu horren marko naturalena, eta musika da ume guztiak duen eskubidezko herentzia bat, patrimonioa: ume guztiek hartu behar lukete musika. Nik badakit eskolako eguneroko dramak zeintzuk diren. Egundoko pairamena da txistua erakustea. Baina nire irizpide guztien kontra joatea da ume bati esatea: ?Ez, hik txistua ikasi baino ez al duk hobe momentu honetan marrazten egotea??. Hori egitera ere askotan behartua aurkitu izan naiz, baina hori nire irizpide guztien kontra joatea da". [Imanol bera marrazkilari trebea baino trebea zela erakutsi zigun ikastolan: egundoko marrazki ederrak egiten zituen arbelean, koloretako klarionekin].

Erritmoa eta bizitza

"Nik bizitza maite dut eta hori ezin dezaket uka, eta hor inportantea haurra da; eta horren testimonio bat besterik ez dut eman urteetan zehar. Niri esperientzia inguruak eman dit. Nire esperientzia handiena txikitakoa izan da, amarena. Konturatu naiz, gainera, musika zerbait bada haurrentzat, hasiera batean terapia hutsa dela. Hiru urteko haurrekin hainbeste urte pasa ditut, eta nik ez daukat pentsatzerik 'zerbait asmatu dut eta katedratikoa izango naiz, hartuko ditut nire apunteak eta hala!?. Eguneroko abentura da nirea. Hara, esate baterako, Santa Ageda eguna. Bada, 3 urteko haur bati Santa Agedak ez dio ezertxo ere esaten. Nola asmatu Santa Ageda zerbait izan dadin haurrarentzat? Makila batez otu zitzaidan niri. Makila eskutan, oso inportantea da haurrarentzat bere nortasuna baieztatzea, makila bat hartu eta motrizitatea lantzen da bestalde, ariketa fisiko bat garatzen da. Haurrarentzat zer da ba Santa Ageda abestia? eragin erritmiko bat, jolas bat. Eta eragin erritmiko horren gauzatzeko psikomotrozitatearen ideiak dira praktikan jartzen direnak".
 

Imanol Urbietak argitaratutako lanen zerrenda

Euskaraz

HAUR KANTARIAK (Haurrentzako euskaraz egin den lehen diskoa, 1967an)
HAUR KANTARIEN BIRLORAK: Liburuxka eta 4 zinta
NIRE LEHEN HITZAK EUSKARAZ: zinta 1
XIRULA MIRULA: liburu bat eta 4 zinta
KRISKITIN KRASKITIN: LP/zinta 1
ATOTXA GIROAN: zinta 1
XIXUPIKA 1: liburua eta 6 zinta/LP
TXALO PINTXALO: zinta 1
IKUSI MAKUSI: zinta 1
BERTSOLARITZAKO DOINU ZAHARRAK: 2 zinta
XIXUPIKA 2: liburua eta 6 zinta/LP
IPUIN KLASIKOAK: 6 zinta
XIXUPIKA 3: liburua eta 6 zinta/LP
KANTA-KANTA, KONTU KONTARI IPUINAK: 7 zinta
GABON GAUEAN XIRULA MIRULA: LP/zinta 1
HAUR KANTARIEN BIRLORAK: liburua eta 6 LP/zinta
KILOMETROAK: zinta 1
ARABA EUSKARAZ: zinta 1
NAFARROA OINEZ: zinta 1
LAU KATU ETA DANBOR BAT: liburua eta 2 zinta
BERTSO TRENA: zinta 1
BERTSO GALAXIA: zinta 1
BERTSO OSTATUA: zinta 1
HAURTXOA 1: 3 zinta/LP
HAURTXOA 2: 3 zinta/LP
HAURTXOA 3: 3 zinta/LP
AXELKO: gida liburu bat, 2 lan koaderno, 6 zinta
OTSOKO: gida liburu bat, 2 lan koaderno, 4 zinta
BELEKO: gida liburu bat, 2 lan koaderno, 4 zinta
EUSKARAZKO ZUBIA: 2 zinta
EDEBE-GILTZArentzat 10 zinta/CD
IBAIZABALentzat zinta/CD 1
URTXINTXA PROIEKTURAKO 9 zinta
KUN-KUN LOLO CD 1

Gaztelaniaz

SANTILLANA argitaletxearentzat 20 zinta
KANSENIA KORALEZ KORAL: 2 CD (Zairen grabatua)

Bideoak

HIZKUNTZA LANTZEKO BIDEOAK:
ordubeteko 12 bideo

MUSIKA LANTZEKO BIDEOAK:
Haur Hezkuntzarako: ordubeteko 7 bideo
Lehen Hezkuntzarako: ordubeteko 13 bideo
DBHrako: ordubeteko 13 bideo

Ipuin liburuak

MIKELANDEGI ZAHARREKO IPUIN ETA BERTSOAK (Sendoa, 1986): 12 liburuxka, hilabete bakoitzerako 5 ipuin. Gehienak euskal tradizioko ipuinak.