Zein baliorekin lotzen ditugu euskalgintzan dabiltzan erakundeak?

Euskalgintzan dabiltzan lau erakunde aztertu ditu Elhuyarrek, eta sustatzen dituzten balioak honakoak direla ondorioztatu du: burujabetasuna, konpromisoa, elkarlana, demokrazia, erresilientzia eta berdintasuna.

-ren irudia
 Zein baliorekin lotzen ditugu euskalgintzan dabiltzan erakundeak?

"Euskararen biziberritze-prozesua: balioak eta harreman sareak" izeneko ikerketa egin du Elhuyarrek eta ikuspuntu berri batetik aztertu du sektorea: euskalgintzarekin lotzen diren balioen eta eragileak mugiarazten dituzten motibazioen optikatik. Ikerlan horretan gizartean oro har ezagunak diren eta euskararen biziberritze prozesuan adierazgarriak diren lau eragile aztertu dituzte (Argia, Elhuyar, Elkar eta Ikastolen Elkartea), ia 60 elkarrizketatan oinarrituta. Elkarrizketa horietan eragileen ibilbidea aztertzeaz gain, proiektu horietan dabiltzanen motibazioak, proiektu horiekin lotzen diren balioak eta haien harreman-sareak ere landu dituzte. Ikerlanak Agirre Lehendakaria Center fundazioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izan du.

Elkarrizketa horietan eragileekin lotutako hamaika balio identifikatu dituzte: herri mugimenduarekin bat etortzea, Euskal Herria eta euskara oso presente izatea, genero berdintasuna errespetatzea, elkarlana eta talde lana sustatzea, irekitasuna, aniztasuna eta errespetua bultzatzea, inplikazioa, gardentasuna.... Asko izan dira atera dituzten ondorioak, baina badira guztietan errepikatzen diren eta orokorrak izan daitezkeen hainbat balio, neurri batean euskalgintza osora ere zabal litezkeenak:

- Burujabetasuna eta autonomia
- Konpromisoa
- Elkarlana
- Demokrazia
- Erresilientzia edo egokitzeko gaitasuna
- Berdintasuna

Balio komun horiek euskalgintzaren eremu osoarekin lotzen badira, esparru horrek guztiak berezitasun propioak dituelako da, hau da, sektorea bere osotasunean baldintzatzen duten ezaugarri jakinak daudelako: euskararekiko interesa, gizartearen beharrei erantzun nahia, legeetara egokitzeko premia... Eta horrek zuzenean eragiten dio euskararen biziberritze prozesuaren esparruan dabiltzan eragileen profilari.

Era berean, sektorean errepikatu egiten dira hainbat jokatzeko modu ere eta garrantzitsua da aipatzea, oro har, irabazi ekonomiko soiletik haratago doazen proiektuak direla. Izan ere, asko beste maila batzuetan konprometituak diren eragileak dira, onura soziala bilatzen dutenak, hizkuntzarekiko eta pertsonekiko konpromisoa dutenak... Azken batean, ikuspegi orokorrago bat partekatzen dute eta denek dituzte antzeko interesak. Gainera, iraganari buruzko diskurtso komun indartsua ere badute eta denek egiten dute errealitatearen antzeko irakurketa.

Horrek guztiak, halako batasun bat sortzen du eta elkarteen artean lehia sor daitekeen arren, kooperazioaren kulturak ere indar handia hartu du. Modu horretan, zenbaitetan bakoitzak bere aldetik aritu behar badu ere, askotan egokitzen zaie elkarlanean aritzea eta, ondorioz, bakarka aurrera atera ezin litezkeen proiektuak garatzeko bidea ematen die. Gainera, malgu jokatzeko kultura horrek eta haien potentzialtasuna ere biderkatu egiten du.

Horrez gain, jokatzeko modu horrek harreman-sare trinkoa sortu du euskalgintzan eta sare horrek aukera berriak sortzen dizkie eragileei. Lehian eta elkarlanean aritzen direnez, ekosistema malgu batean jokatu behar izaten dute eta, are gehiago, zenbaitetan ezker-eskuin ere jokatu behar izaten dute. Testuinguru horretan sartzen da lidergo partekatuaren figura ere, izan ere, euskalgintzan asko dira denek bat egiten dituzten puntu eta guneak.

Ikerketatik ateratako ondorioak datorren hilabetean aurkeztuko dituzte modu zabalagoan.