Euskararen erabilera soziala bultzatzeko diru laguntzak % 11,6 handitu ditu Foru Aldundiak

Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritzak 2,8 milioi euro bideratuko ditu sustatze proiektuak, prestakuntza, tokiko planak eta euskarazko hedabideak bultzatzera

-ren irudia
 Euskararen erabilera soziala bultzatzeko diru laguntzak % 11,6 handitu ditu Foru Aldundiak

Euskararen erabilera soziala bultzatzeko diru laguntzen aurtengo deialdia onartu du gaur Diputatuen Kontseiluak. 2,8 milioi euro pasatxo (2.880.998) bideratuko ditu Foru Aldundiak laguntza horietara,  prestakuntza eta tokiko planak sostengatzera eta euskarazko hedabideak bultzatzera, besteak beste. % 11,6 igo da diru kopurua, 2017koaren aldean. Hizkuntzaren erabilera indartzeko lanean diharduten elkarte, erakunde eta norbanakoek jaso ahalko dituzte laguntza horiek, Imanol Lasa foru bozeramaileak gaur jakinarazitakoaren arabera. “Inbertsio inportantea da, euskara bizi nahi dugulako kalean, eguneroko bizimoduaren esparru guztietan, eta orain eta datozen urteetan hartzen ditugun neurriak erabakigarriak izango direlako horretarako. Hemen ere, berrikuntza eta irudimena funtsezkoak izango dira”.

Pauso horiek, euskalgintzako eragileekin eta beste erakundeekin elkarlanean ematen jarraitu nahi du Foru Aldundiak, “agente aktibo bilakatuz”. Hori dela-eta, 2017an euskalgintzaren sektorearekin egin zen partaidetza prozesuaren emaitzak eta ondorioak aplikatu dira 2018ko diru laguntzetan. Besteak beste, euskal hiztunen aktibazio ekintzak eta programak, bereziki Euskaraldia, indartzeko neurri zehatzak daude diru laguntza hauetan, batez ere euskara elkarteei eta udal erakundeei emango zaizkien laguntzetan. Euskarazko hedabideei dagokienez, nabarmendu behar da lehen aldiz Foru Aldundiak egunerokoak sartu dituela laguntza esparruetan.

Gipuzkoa “ezberdintasun ahalik eta txikienak” dituen lurraldea izateko lanean ari da foru erakundea, eta bide horretan, ekonomia, gizarte eta generoaren alorrean egiten ari den ahaleginaren ildotik, hizkuntzaren esparruan ere “apustu sendoa” egiten du. “Berdintasun hori modu praktikoan gauzatu ahal izateko, ezinbestekoa da euskararen erabilera bultzatzea. Hau da, euskararen arnasgune bezala ezagutzen diren horiek indartu eta zabaltzea, herritarrek euskara erabili ahal izan dezaten informatzeko, aisialdirako, eguneroko lanerako eta bizitzarako”, azaldu du Lasak.

Ildo horretan, Gipuzkoako gizartean euskararen erabilera bultzatzea da Foru Aldundiaren helburu eta konpromisoetako bat, gisa horretan aukerak berdindu asmoz eta hiztunen arteko berdintasuna sustatuz. Testuinguru horretan egiten da urtero hizkuntzaren erabilera soziala bultzatzeko diru laguntza deialdia. Laguntzak helburu askotarikoak dira: euskararen erabilera soziala hedatzeko jarduerak, ikus-entzunezkoetan euskararen erabilera bultzatzea, udaletan euskararen normalizazio programak garatzeko laguntza, edota euskarazko toki hedabideen jarduerak laguntzea, esate baterako.

Hain zuzen, laster GAOn argitaratuko den deialdi honetara eskabideak egiteko aukera izango dute:

1. Euskara sustatzeko proiektu eta jarduerak.

2. Lantokietan prestakuntza aldiak euskaraz egitea.

3. Euskararen erabilera soziala normalizatzeko tokiko planak.

4. Itzulpen praktikak egiteko bekak.

5. Gipuzkoan euskaraz emititzen duten toki telebistak.

6. Informazio eta komunikazio teknologiak erabiliaz, edukiak euskaraz hedatzeko proiektuak.

7. Gipuzkoan euskaraz emititzen duten irratiak.

8. Euskarazko aldizkako argitalpenak.

9. Euskarazko toki hedabideen esparruko lankidetza proiektuak.

Otsailaren 23a. Diru-laguntzaren bat eskatzeko azken eguna otsailaren 23a izango da eta aurten garrantzi berezia eman zaio, gainera, Euskaraldia ekimenari. Hala, euskararen biziberritze prozesua “bidegurutzetik” ateratzeko, “elkarlana” aldarrikatu du foru bozeramaileak, duela gutxi Eusko Jaurlaritzak, hiru Foru Aldundiek, Nafarroako Gobernuak, Iparraldeko Mankomunitateak, eta gure hizkuntza bultzatzeko lan egiten duten eragile, entitate eta elkarte nagusiek onartutako adierazpenari helduz. “Euskarak lankide nahi eta behar gaitu, egunero. Hori behar baitu euskarak, hori behar baitugu euskara guztion ezpainetan, kaleetan, etxeetan, ziberespazioan, lantokietan, pantailetan, paperetan nahi dugunok: ilusioa. Eta elkarlana. Auzolana”.