Zein norabide hartu euskararen biziberritze-prozesuan eragiteko?

Euskararen erabilera areagotzea da Gipuzkoaren erronka nagusia eta udal mailako dinamikak gainditu eta marko konpartitu zabalagoa sortzea dira lehentasunak, Gipuzkoako Euskara teknikariek maila teknikoan eginiko hausnarketaren arabera

-ren irudia
 Zein norabide hartu euskararen biziberritze-prozesuan eragiteko?

Azken hamarkadetan ahalegin handia egin da euskararen biziberritze-prozesuaren alde, arlo instituzionaletik nahiz sozialetik. Lan horren emaitzak agerikoak dira, zalantzarik gabe, nahiz eta egungo errealitate soziolinguistikoaren irakurketak badituen argi-ilunak.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailak aurreko legegintzaldian euskararen normalizazioaren inguruko hausnarketa sakon eta oparoa bideratu zuen. Hausnarketa haren emaitza Eta hemendik aurrera zer? izeneko txostena izan zen. 15-20 urteko perspektiban nondik jo behar dugun jasotzen da bertan eta lurralde bakoitzaren egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta lan egin beharra jasotzen du dokumentuak. Izan ere, Gipuzkoak euskararen biziberritzeari begira, errealitate eta ezaugarri propioak ditu, gainerako lurraldeetatik desberdina.

Horrela bada, zein dira Gipuzkoan euskararen biziberritze-prozesuaren etorkizuneko erronkak? Nola erantzun erronka horiei? 20 urte barru non egon nahi dugu? Non egon gaitezke? Zeintzuk izan daitezke Gipuzkoan elkarrekin, modu bateratuan garatu beharreko politikak, estrategiak, programak? Udalerri bakoitzak bere errealitate soziolinguistikoa izanagatik, zertan egin behar dugu bat guztiok?

Hori horrela, etorkizuneko politikak begirada nagusia euskararen erabileran du jarrita, baina erabileran eragiteko agerikoak dira Gipuzkoa mailako hausnarketa eta marko konpartitu bat sortzeko beharra eta baita udaletik udalerako dinamika gainditzeko beharra ere. Behar hori asetzeko prozesua martxan jarri dugu, legegintzaldi honetan,Udal<>ekin programaren baitan.

Prozesu hau lehenik maila teknikoan abiatu dugu. Hala, zer eta nola egin zehazten ari gara, ondoren politikariekin gure ikuspegia partekatzeko, aberasteko eta osatzeko.

Prozesua ez da hutsetik abiatu. Lanketarako dokumentu bat osatu dugu Aldundiaren eta Elhuyarren artean;  Gipuzkoan gaur egun dugun testuingurua eta aurrera begirako hainbat estrategia proposatzen dituena eta, hein berean, hainbat ikuspegi eta aurretiko lanketa aintzat hartzen dituena.

Dagoeneko bi mintegi eta trebakuntza saio bat egin ditugu Gipuzkoako udaletako euskara-teknikariekinLehenik estrategia nagusiak zehaztu ditugu, gainerako guztiei txapela jartzen dietenak, eta horien atzean dauden indar-ideia edota galderetan ere sakondu dugu. Hurrengo urratsa izan da irudikatzea 20 urte barru non egongo garen, beti ere, nahi eta ahal dugunaren arteko oreka bilatuta. Eta ipar hori aintzat hartuta, normalizatu beharreko esparru bakoitzak zer ekarpen egin behar duen landu dugu.

Lanketa horretan Jon Sarasua ere bidelagun izan dugu. Izan ere begi eta ikuspegi zorrotza baliatu nahi izan ditugu gure ikuspegia eta lana aberasteko. Hori horrela, Sarasuak bat egin du abiatu dugun prozesuarekin eta honakoa adierazi digu:

“Gipuzkoa eskala egokia da hizkuntza-politika egiteko. Lurralde bakoitzak baditu bere ezaugarriak. (…) Egin dugun bidea ez da makala. Arantzazutik Urbiara igo gara. Guri badagokigu aitzindaritza, badagokigu maldan gora Urbiatik Aizkorrirako bidezidorretan igotzea. (…). Ikusten dut euskararen gaiari tratamendu berezi bat emateko borondate politikoa. Kontsentsuetara iristeko zumitzak baditugu gauzak ondo egiten baditugu. Aldi berean, alderdi politikoetatik kanpo behar du, gizartean egon behar du euskararen mugimendu autonomoaren doinu propioak.(…). Historikoki pauso estrategiko handiak eman dira: ikastola, Euskara Batua, EiTB… Gure aurrekoek argitasuna izan zuten pauso horiek emateko, pauso handiak pentsatzeko jenioa izan zuten. Momentu honetan ere bisio-mailan pentsatzea eta horri estrategiak lotzea dagokigu”.