Hizkuntza Berdintasuna

Lurraldea eta hizkuntza

2014

1. Jardunaldiak

Hizkuntza lurrari atxikitzen zaio. Lurrak moldatu ditu hizkuntzak, batzuei eskaintzen dizkien kolore izen batzuk beste batzuei ukatuz, edo elementu jakin batzuen ugaritasunari esker toponimo aberatsa sortuz... Baina ezarri al die lurrak mugarik hizkuntzei?

Uste izatekoa da batetik bestera zebiltzan gizaki nomadentzako mendi garaiak oztopo bat izango zirela, nolabaiteko muga eta, beraz, gizaki horien lurraldea eta, bide batez, hizkuntza zedarrituko zituztela alde horretan. Baina argi ikusten da orografia eta geografia fisikoa ez direla pertsonentzako ezta hizkuntzentzako ere traba izan. Gizakiok gai izan gara hizkuntza geurekin eramateko batetik bestera; areago, lurra bera eraldatzeko gai izan gara eta, zer esanik ez, gizakiak mendean hartzeko «trebe» ere, tamalez. Eta hor sortzen da kezka. Mendiak itsasoaren mailarekin berdintzeko gai gara, haran eta ibai zabalak lotu dira ingeniaritzaren emaitza harrigarri diren zubi erraldoiekin...eta hori guztia pertsonen mesedetan, omen.

Agintari askoren begietan lurraldea plano bat da, lego erraldoi bat. Ez da kontuan hartzen planoan atzamarra jartzen den tokian bertan, errealitatean, jendea bizi daitekeenik, ingurune berezi bat dagoenik. Areago, jendea badela edo zaindu beharreko eremu bat dagoela ohartuz gero, oztopo gisa ikusten da, edo ez ikusiarena egiten.

Gutxi batzuek aberasteko duten grinarengatik, garapen ekonomiko azkarra eta gainbalioa metatzeko nahia jartzen dituzte beste ezeren aurretik. Historian zehar mozorro ezberdinak izan dituen arren, Kapitalismoa da piztiaren izena. Kapitalismo basatia eta globalizazioa, jaun eta jabe.

Posible al da lurraldearen garapen eutsigarri bat, gizatasunaren, etikaren, justiziaren, ekologiaren eta kulturaren balioak zainduko eta indartuko dituena?

Jardunaldien hitzaldi eta aurkezpenen liburua

Lurraldea eta Hizkuntza. Hizkuntza eta Lurraldea. Lehen jardunaldiak

Data: 2014ko urtarrilaren 16an eta 17an | Lekua: EHUren Carlos Santamaría liburutegia

2015

II. Jardunaldiak. Erronkak eta tresnak.

Lurralde antolakuntzaren eta hizkuntza dinamiken arteko harreman estu bezain ahaztuaz hausnartzeko sortu ziren jardunaldi hauek 2014an.

Hirigintzaren eta euskararen arteko erlazio kezkagarri horretan gehiago sakontzeko asmoaz, Lurraldea eta Hizkuntza II. Jardunaldiak izan dira Donostian, 2015eko otsailaren 5ean eta 6an, EHUren Carlos Santamaria zentroan.

Bigarren jardunaldi hauetan, lurralde antolakuntzan hizkuntza irizpideak txertatzeko erronka eta tresna zehatzak aztertu dira: arkitektura juridiko berri baten osaera, eta hirigintzaren alorreko erabaki itzal handikoen eragin linguistikoak aurreikusten eta bideratzen bermatuko duen testuinguru legezko baten premia.

Pertsonaltasun printzipiotik lurraldetasun printzipiora doan jauzi kualitatiboa aztertu da jardunaldietan, euskaldunen bizitoki geografikoak hauskortasun izan baitezake urbanizazio prozesu desorekatzaileen aurrean. Euskararen arnasguneak babestea ez ezik, bihotz-gune ezinbesteko horiek zabaltzea ere helburu duten ekimenei aterki juridikoa emateko oinarriak ezartzea izan dira jardunaldien xede.

Argitalpena hemen irakur daiteke (behean lotura, PDF eskuratzeko):

 

 

Jardunaldien hitzaldi eta aurkezpenen liburua

Lurraldea eta Hizkuntza II. Jardunaldiak. Erronkak eta tresnak.

Data: 2015eko otsailaren 5ean eta 6an | Lekua: EHUren Carlos Santamaria zentroan