"Euskara 6.000 metroan ere" dokumentalaren estreinaldia

Tabakalerako 2deon izango da aurkezpena, irailaren 12an, 18:00etan. "Euskara 6.000 metroan ere" proiektuan Euskal Herriko eta Nepalgo 21 gazte ibili dira Himalaian mendizaletasuna, euskara eta sherpa hizkuntza uztartu eta sustatzen.

-ren irudia
 "Euskara 6.000 metroan ere" dokumentalaren estreinaldia

Bihar, irailaren 12an, izango da "Euskara 6.000 metroan ere" proiektuaren dokumentalaren aurkezpena. Estreinaldia Tabakaleran izango da, 2deon, 18:00etan, eta ordubete inguru iraungo duen ikus-entzunezkoa proiektatuko dute. "Euskara 6.000 metroan ere" proiektuaren baitan Euskal Herriko 12 gazte eta Nepalgo 9 sherpa gazte ibili dira Himalaian euskararen eta sherpa hizkuntzaren arteko zubiak eraikitzen, harremanak estutzen eta hizkuntza gutxituak eta mendizaletasuna uztartzen. Estreinaldiaren berri Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabalek, proiektuko zuzendari Felipe Uriartek eta dokumentalaren bideogile eta editore Mikel Fernandezek eman dute. Hemen dokumentalaren trailerra. 

Dokumental horretan, gazteek egindako bidaiaz eta bizipenez gain, sherpa herriaren eta euskararen aldeko mezuak zabaltzen dira. Uriarteren iduriko, diskurtso bat egin nahi izan dute sherpen hizkuntzaren eta kulturaren alde. "Sherpa herri bat da, ez dira zamalariak soilik, eta aberastasun horren aldeko mezuak zabaltzen dira". Era berean,  hasiera-hasieratik euskara erdigunean izan du proiektuak eta euskararen aldeko mezua ere jasotzen da dokumentalean. "Himalaian eta 6.000 metroan den-dena euskaraz egin daitekeela erakutsi nahi izan dugu, izan ere, dokumentalak euskaraz bizitzeko gonbidapen bat ere izan nahi du". 

Parte-hartzaileak iazko urriaren 10ean abiatu ziren Nepalera eta hilabete pasa zuten Himalaian, Everest inguruan. 6.000 metroko bi mendi igo zituzten eta hamaika bailara eta herri bisitatu. Hala, esperientzia hori baliatu zuten gazteen arteko harremanak sendotzeko eta, zentzu horretan, euskara eta sherpa hizkuntzaren arteko hiztegitxo bat sortu eta zabalduko dutela aurreikusten dute, 300 bat hitz jasoko dituena.

Behin Tabakalerako 2deon estreinaldia eginda, dokumentala Euskal Herriko txoko desberdinetan zabaltzea aurreikusten dute eta ikusgai izango da hainbat ikastetxetan, kultur etxetan eta mendi elkartetan.

Euskararen inguruko metafora. Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabalek zoriondu egin ditu antolatzaile eta parte hartzaileak eta "Euskara 6.000 metroan ere" proiektua euskararen metafora bat dela adierazi du. "Himalayako aldapetan ibili eta zailtasunak gainditzea metafora bat da euskararentzat, euskarak ez baitu gainditu ezinezko mugarik". Hala, proiektuaren arrakasta bi ideiatan oinarritu du:

- Gazteak euskararekin lotzeko egitasmoak asmatzeko moduko proiektua izatea. "Oso garrantzitsua baita gazteak euskarara hurbiltzea, haiek baitira etorkizuna".

- Proiektua osatzeko sare sendo eta anitza sortu izana. "Proiektuak aurrera ateratzeko oinarri bikaina da elkarlana eta horrelako sare eta oinarriak euskararen inguruko proiektuetan sortzea garrantzitsua da". 

Bideoak. Dokumentalaren estreinaldia bihar egingo bada ere, arian-arian sare sozialetan zabalkundea izan duten hainbat pilula zabaldu dituzte. Hona bideoak: 

Lehenengo bideoa.
Bigarren bideoa. 
Hirugarren bideoa.
Laugarren bideoa.
Bosgarren bideoa.
Seigarren bideoa.