2020ko Euskaraldia, norbanako eta erakundeei begira

Hurrengo Euskaraldia 2020ko udazkenean egingo da eta salto kualitatibo bat eman nahi da Ahobizi eta Belarriprest eremuak sortuta

-ren irudia
 2020ko Euskaraldia, norbanako eta erakundeei begira

Euskaraldiak jarraipena izango du 2020ko udazkenean eta bigarren edizio horretan norbanakoen konpromisoaz gain erakundeena ere bilatuko dute. Oraindik proiektua diseinatzen eta zehazten ari diren arren, ariketa sozialak bi ardatz izango dituela aurreratu dute eta 2018an protagonismoa herritarrena izan bazen, 2020an erakundeak ekarri nahi dituzte erdigunera. Hala, herritarrak Ahobizi eta Belarriprest izateaz gain, berrikuntza modura erakundeek ere hainbat konpromiso hartzea da helburua eta erakunde horien baitan herritarrek modu jakin batean jokatzea. 

Herritarrek denbora luzea pasatzen dute erakunde desberdinetan: lanean, elkarteetan, erakunde publikoetan... Eta hor ere eragiteko beharra ikusi dute. Beraz, erakundeen egunerokotasunean gune babestuak sortzeko edo mantentzeko konpromisoa eskatuko zaie, neurri zehatzen bidez. 2018ko edizioan 200 erakundetatik gorak hartu zuen parte Euskaraldian baina, oro har, babesle rola jokatu zuten, datorren edizioan, baina, parte hartzen duten erakundeek rol aktiboagoa izango dute.

 

Euskaraldiaren emaitzak. Oraindik eragile eta batzordeen balorazioak jasotzen ari badira, Euskaraldiak baditu datu kuantitatiboak eta horiek denen eskura jarri dituzte Gaindegiak egindako mapa interaktibo batean. Datuak, herrika, eskualdeka, lurraldeka... azter daitezke hemen. 

Era berean, datu kualitatiboak ere jasotzen ari dira eta partaideek hirugarren galdetegia betetzearen zain daude, behin betiko datuekin ondorioak ateratzen hasteko. Uda aldera ezagutu ahal izango dira emaitzak eta Euskaraldiak hizkuntza ohituretan zein eragin izan duen.