Berrikuntza Palanketan aurkeztutako proiektuak bultzatuko ditu Aldundiak

Modu batera edo bestera, Berrikuntza Palanketan aurkeztutako proposamenen alde jardungo du Aldundiak. Erakundearen ikuspegia helarazita, bukatutzat eman da 2018ko Euskalgintzako Berrikuntza Palanken partaidetza prozesua.

-ren irudia
 Berrikuntza Palanketan aurkeztutako proiektuak bultzatuko ditu Aldundiak

Etorkizuna Eraikizen betaurrekoetatik aztertu ditu Aldundiak 2018ko Berrikuntza Palanketan aurkeztutako proposamenak eta, modu batera edo bestera, sustatu egingo dituela adierazi du. Zazpi dira aurkeztu dituzten proposamenak eta Aldundiaren itzulera horrekin bukatu egin da 2018ko Euskalgintzako Berrikuntza Palanken partaidetza prozesua.

Saio horretan eragileek aurkeztutako proiektuen aurkezpen laburrak egin dituzte, izan ere, hainbat aldaketa egon dira aurreko saioan aurkeztu zituztenetatik. Zenbait eragileren proiektuak bateragarriak zirela ikusita, batzuek bat egin dute eta proiektuei ikuspegi zabalago, integratzaileago eta osoagoak eman dizkiete.

Era berean, dagoeneko Etorkizuna Eraikizen baitan garatutako 2deo proiektuaren aurkezpena ere izan da saioan eta 2deok izan duen ibilbidea aurkeztu diete gainerako eragileei.

Hona proposatutako proiektuak:

IBILI proiektua:

Euskal gizarteko sektore desberdinetan (gazteak, helduak, kultura, enpresa, migrazioa, turismoa…) proiektu berritzaileak sustatuko dituen eta datorren testuinguru eleanitzetan euskara komunikatzeko hizkuntza nagusi bilakatu nahi duen laborategi kooperatiboa proposatzen dute Soziolinguistika Klusterrak, Langunek, Elhuyarrek eta Emunek.  Hala, proiektu esperimentalak landuko lituzkete eragileen arteko kooperazioa sustatuz eta ekosistema indartsua gauzatuz. Halaber, euskara komunikazio hizkuntza moduan indartzeko proiektuak bideratzeko prozesua zaindu eta gidatuko lituzke.

BiziTASTE:

Turismoa mehatxua izan daiteke euskararentzat, baina baita aukera ere. BiziTaste proiektuak aukera bezala bizi du turismoa eta, oro har, turistikoki saltzen diren gastronomia eta ingurumenari, euskara eta euskal kultura zutabe estrategiko modura gehitzea litzateke proposamenaren oinarri. Horretarako, publizitatea egiteaz gain, enpresa eta sektore ezberdinekin lanketa berezia burutuko lukete, turistek euskara ikusi eta sentitu ahal izateko. Proiektu hau Topaguneak eta UEMAk proposatu dute.

EuskaraTIK

Teknologia berriek kontsumo ohiturak aldatu dituzte eta Internetek bi estrategia planteatzen ditu: masa eta pertsonalizazioa. Gainera, ordenagailuak, tabletak edo mugikorrak direla, herritarrok erabiltzen ditugun pantailak gero eta interkonektatuago daude eta gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dira. Hala, proiektu honen bidez, pantaila horietara iritsiko liratekeen euskarazko edukiak sustatu nahi dira, bai orokorrean masei begira, baina baita modu pertsonalizatuan ere. Horrek guztiak euskarazko edukien zabalkundea eragingo luke. Proiektu hau Tokikomek proposatu du.

PuntuEus

Ingurune digitalak gaur egun duen garrantzia eta abiadura kontuan hartuta, euskarak egoera berrietara moldatzeko gaitasuna izan behar du. Hala, euskara erdigunean kokatuko duen estrategia digital berritzailea behar dela ikusita, estrategia digitalaz arduratuko litzatekeen entitate legitimatuta proposatzen dute, baliabide tekniko eta ekonomikoz hornituta egongo litzatekeena. Proiektu hori PuntuEus fundazioak bultzatutakoa izan da.

Bikoizketa automatizatua

Bikoizketa automatizatua proposatu du Tinkok. Egungo teknologia ezberdinak erabiliz (itzulpengintza, ahotsaren errekonozimendua, sintetizazioa…) baliatuta, bikoizketak modu erraz, azkar eta merkean egiteko teknologia integratzeko proposamena egin dute. Horrekin, makina bat eduki jarriko lituzkete eskura gailu eta tresna ezberdinetan eta kalitatezko euskarazko bertsioak izateko aukera sortuko litzateke.

Zure Eskura

Zure Eskura proiektua proposatu du Bai Euskararik. Proiektu horrekin, plataforma bat jarriko lukete denen eskura, era guztietako produktuak eta zerbitzuak kontsumitzaileengana bideratzeko, eta produktuak eta zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresak edo profesionalak harremanetan jartzeko. Horrek, gainera, etorkizun hurbilean beste hizkuntza batzuetara lokalizatzeko aukera ere bermatuko luke. Hala, kontsumitzaileari hainbat aurrekontu edo eskaintza aurkeztuko litzaizkioke, hark nahiko lukeena aukeratzeko. Helburua, kontsumitzaileei eta enpresei zein profesionalei bide berriak irekitzen laguntzea izango litzateke, euskara baliatu daitekeen aldagai gisa harturik.

Transmedia irakurketa klubak eta booktouberrak

Galtzagorrik bi proposamen egin ditu. Batetik, transmedia irakurketa klubak eta Booktouberrak bestetik. Lehenengoarekin, haur eta gazteen irakurzaletasuna sustatzeko transmedia klubak proposatu dituzte, teknologia berriak, papera, irakurketa eta dibertimendua uztartuz. Plataforma ezberdinetan oinarritutako irakurketa lantzeko klubak bultzatu nahi dituzte.

Bigarren proposamenarekin, booktouber sareak sortzeko baliabide eta tresnak sortzea proposatu dute. Gazte irakurzaleek Youtube plataformaren bidez erakusten dituzte beren gustu literario eta iruzkinak eta joera hori euskarara ekarri eta booktuber komunitatea sustatu nahiko lukete.

 

Balorazioa. Aldundiak Berrikuntza Palanken inguruko balorazio baikorra egin du, izan ere, Aldundiaren eta eragileen arteko harremanak sendotzeko eta lankidetzan sakontzeko balio izan du. Halaber, eragileen iritziak ere jaso dira eta guztien balorazioarekin itxitzat eman da 2018ko Euskalgintzako Berrikuntza Palanken partaidetza prozesua.