Arnasguneen garapen jasangarria aztertu dute Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldian

Arnasguneek hala izaten jarrai dezaten, gune horien garapena lortu behar da eta horretarako alor sozioekonomikotik, sozioekologikotik, kulturaletik eta sozioidentitariotik aztertu dute gaia.

-ren irudia
 Arnasguneen garapen jasangarria aztertu dute Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldian

Arnasguneek euskararen osasunean duten garrantziaz jakitun, arnasguneen garapena aztertu dute aurtengo Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldian. Arnasguneek beren izaera mantendu nahi badute, arnasguneak garatzea ezinbestekoa da eta garapen horrek jasangarria izan behar duela adierazi dute bertaratutakoek. Hala, jorratu beharreko bide horrek izan ditzakeen aldagaiak aztertzeko, alor sozioekonomikotik, sozioekologikotik, kulturaletik eta sozioidentitariotik aztertu dute gaia.  Laugarren aldia da Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldia antolatzen dutena eta Gipuzkoako Foru Aldundia, UEMA, Kontseilua, Gaindegia eta UEU aritu dira antolaketa lanetan.

Arnasguneak aztertzerakoan, lehenik eta behin, gune horietan bizi diren herritarren beharrak asetu behar direla adierazi dute, izan ere, herritarren joan-etorriekin sortzen diren fluxuetan, herrietako hizkuntza errealitatea aldatzeaz gain, herriaren beraren izaera ere alda baitaiteke. Gaur egun metropolizazio prozesu bete-betean gaude eta arnasgune gehienak landa guneetan kokatuta daudela izan behar da kontuan. Hala, oinarrizko zerbitzu guztiak herrian bertan, edo inguruko herri handiagoren batean, izatea eta bakoitza bere espazio fisikoa izatea bereziki garrantzitsua da, izan ere, gaur egun "eroso bizitzeari" garrantzi handia ematen diogula azpimarratu du Hezkuntzako Hizkuntza Normalkuntza teknikari ohi Xabier Bengoetxeak. "Oinarrizko zerbitzuak eman behar dira: udala, eskola, osasun atentzioa, taberna...". Hori hala izan ezean, arnasguneetatik herritarrak joateko arriskua sortzen da eta herririk gabe ez dago komunitaterik eta, beraz, ezta hizkuntza komunitaterik ere. Azken batean, lana, aisialdia eta etxea eskualde berean izatea izango litzateke helburua, herritarren behar guztiak asetzeko aukera izan dezaten.

Era berean, herri baten garapena jasangarria izatea nahi bada, arnasguneen hauskortasuna ere kudeatu behar da nahitaez eta, beraz, faktore ezberdinen arteko elkarreragina zaindu behar da. Gizarteak, ingurumenak eta ekonomiak bat egiten duten puntu hori da garatu beharrekoa eta hori ahalbidetzen duten lege edo arauak bultzatu. 

Halaber, arnasgune diren herri txikietan bizitzeak identitatearekin duen lotura ere landu dute jardunaldian eta, Lorea Agirrek adierazi duenez, gune horietan euskaltasun mota bat sustatzen da, maskulinitate jakin bati lotua eraikitzen dena. "Hizkuntza ez da tresna hutsa, hizkuntza bera da praktikak bideratzen dituena eta identitatearen zeinu". Haren iritziz, jendearen rolak markatuta daude eta, besteak beste, hizkuntzak ere badu eragina horretan. 

 

Kultura. Euskaldun osoak izateko, kultura sorkuntza eta kontsumoa ere oinarrizkoak dira eta horretarako ahalduntzea ezinbestekoa da. Euskal kulturaren transmisioa lortu nahi bada, erreferenteak behar dira eta arnasguneek kultura horretan blaitu behar dute. Izan ere, kultura kontsumitzen den hizkuntzak asko baldintzatzen du herritarren ikusmoldea eta hizkuntza komunitatearen garapena. Kontzientziazioak, beraz, paper garrantzitsua du honetan guztian. 

Horrela, beraz, agerian geratzen da euskara zaindu nahi bada, hizkuntza bera zaintzeaz gain, beste aldagai asko ere kontuan hartu behar direla, zeharka ondorio nabarmenak izan baititzakete hiztunengan eta hiztun komunitateengan. Hala, euskararen zehar lerrotasuna azpimarratu dute behin eta berriro eta euskarari eragiten dioten politika eta neurriak euskara zerbitzuetatik haratagoko guneetan erabakitzen direla adierazi.

Jardunaldiaren amaieran, zazpi puntutan jaso dituzte ateratako ondorioak.