Elkarlana izango du oinarri 2019ko Udaltopek

"Elkar ulertzetik elkarrekin lan egitera... Ados?" izenburupean egingo da topaketa maiatzaren 16 eta 17an, Lasarte-Orian, eta dagoeneko irekita dago izena emateko epea

-ren irudia
 Elkarlana izango du oinarri 2019ko Udaltopek

"Elkar ulertzetik elkarrekin lan egitera... Ados?" Izenburua izango du aurtengo Udaltopek eta izenburuak berak dioen bezala, elkarlan ereduek eta Gobernantza eredu berriek lekua izango dute topaketan. Maiatzaren 16 eta 17an izango dira jardunaldiak, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean. 

Aurtengoa XI. edizioa izango da eta egitarauak bi atal izango ditu: 

  1. Elkarlana eta Gobernantza eredu berriei buruzko hitzaldiak. Bi hitzaldi teoriko izango dira eta lau esperientzia praktiko.
  2. Euskaraldiari lotutako hitzaldiak. Orain artekotik ikasteko hitzaldiak izango dira, esperientzia on eta txarretatik abiatuta. Halaber, Euskaraldiaren inguruan egindako ikerketa kualitatiboaren berri ere emango dute.

Donostian egindako aurkezpenean Udaltopen oinarrian elkarlana dagoela adierazi dute eta aurtengoan, gainera, elkarlan hori indartu egin da, izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Lasarte-Oriako Udalak osatzen zuten antolamendu batzordera Euskal Hirigune Elkargoa, Nafarroako Gobernua, Arabako Foru Aldundia eta Bizkaiko Foru Aldundia batu dira. Hala, lankidetza hori goraipatuz, Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendari Estitxu Alkortak lankidetzak euskararen aldeko dinamikak indartu egiten dituela adierazi du. "Erakundeen arteko lankidetza behar-beharrezkoa da, horri esker, hizkuntza politika koherente bat sustatzen ari gara euskararen eremu osoan, beti ere leku bakoitzaren errealitatea errespetatuz". 

Zentzu beretik mintzatu dira Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari Mikel Arregi eta Euskal Elkargoko Hizkuntza Politikarako arduradun Beñat Arratibel eta, adierazi dutenez, oso garrantzitsua da euskararen lurralde osoa bere baitan hartzen duen horrelako proiektu baten parte izatea. "Udaltop bezalako dimentsio handiko proiektu batean lurralde guztiak ordezkatuta egotea egiazko elkarlana gauzatzen ari den seinale da".

Euskaraldia. Lankidetzaren eredu ona da Euskaraldia, erakunde publiko eta pribatuak elkarlanean aritu baitira; eta aurtengo Udaltopen ere leku berezia izango du ekimenak. Estitxu Alkortaren esanetan, euskararen inguruan proiektu indartsuak indarrean jarri eta bultzatzeko oso garrantzitsua da erakunde guztiek bat egin eta zentzu berean arraun egitea. "Euskaraldiak irakasgairen bat utzi badigu, erakunde publikoen eta euskararen alde lanean ari diren eragileen arteko elkarlana funtsezkoa dela izan da".

Izen-emateko epea. Dagoeneko zabalik dago izena emateko epea eta maiatzaren 3an itxiko da. Matrikula 65 € da eta prezio horren barruan dago jardunaldietan parte hartzeko eskubidea, banatuko den materiala eta osteguneko bazkaria. Informazio gehiago www.udaltop.eus webgunean.