Europako Hizkuntzen Mapa, Tabakaleran berriro ikusgai

Mapa berria brontzezkoa da eta Donostia 2016 Europako Kultura Hiriburutzan jarritako zurezko maparen oinordekoa da

-ren irudia
 Europako Hizkuntzen Mapa, Tabakaleran berriro ikusgai

Europako Hizkuntzen Mapa berriro eta behin betiko jarri dute Tabakaleraren kanpoaldean. Mapa brontzezkoa da eta altuera desberdinen bidez adierazten dira Europan hitz egiten diren hizkuntzak. Gainera, hizkuntza bakoitza zein den jakiteko, maparen ondoan informazio hori jasotzen duen beste mapa txiki bat jarri dute.

Ez da Hizkuntzen Mapa Tabakaleran jartzen duten lehenengo aldia, izan ere, Donostia 2016an zurez eginiko beste mapa bat jarri zuten. Alabaina, behin Hiriburutza amaituta eta mapa zein egoeratan zegoen ikusita -eguraldiaren eraginez zura oso kaltetuta zegoen eta ia ez ziren Europan hitz egiten diren hizkuntzak grafikoki bereizten-, kendu egin behar izan zuten. Hala, Bagera Elkarteak eta Donostiako Udalak Hizkuntzen Mapa berreskuratzeko bideari ekin zioten eta emaitza brontzezko mapa hori da. Hori horrela, mapa berriak Donostia 2016 Europako Kultura Hiriburutzan jarritako zurezko maparen oinordekoa izan nahi du eta, ondorioz, Donostia 2016 Fundazioak hartu du bere gain.

Brontzea, eguraldiari aurre egiteko. Hizkuntzen Mapa berria Eibarko Alfa Arte tailerrean egin dute eta ez da kasualitatea brontzez egindakoa izatea. Manex Izagirre eta Iñaki Rifaterra egileen arabera, material horrek sendotasuna ematen dio lanari eta, beraz, denboran zehar irauteko eta ez hondatzeko egokia da. Adierazi dutenez, gainera, adierazgarritasunari garrantzi handia eman diote hasieratik eta materialen bilaketan pisu handia izan du horrek. "Testura eta material desberdinekin lan egin dugu eta altuera desberdinekin hizkuntzen aniztasuna agerian uztea lortu dugu". Grafikoki erakutsitako aniztasun horretaz gain, adierazgarria da mapan bertan Europako zortzi hizkuntza gutxitutan idatzita agertzen den leloa: Hizkuntza txikiek mundua handitzen dute. Beraz, mapa horrekin Europako hizkuntzen errealitatea ezagutzeko aukera dago, eta baita euskara bertan kokatzekoa ere.

Donostiako alkate Eneko Goiaren esanetan euskara Europan hitz egiten den eta bizirik dagoen hizkuntza da eta horren adierazgarri eta lekukotza izan nahi du Hizkuntzen Mapak. "Euskara eremu urriko hizkuntza da, baina ez egitura eta borondate urrikoa. Guztion artean hegoak eta baliabideak ematen jarraituko dugu, bizi-bizirik jarrai dezan". Maparen aurkezpenean Donostiako alkateaz gain,  Euskara zinegotzi Miren Azkarate, Eusko Jaurlaritzako HPSko sailburuorde Miren Dobaran, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari nagusi Garbiñe Mendizabal, Tabakalerako zuzendari nagusi Edurne Ormazabal, Bagera elkarteko ordezkaritza bat eta maparen egile diren Manex Izagirre eta Iñaki Rifaterra izan dira, besteak beste.