Euskalgintzak hamaika proiektu aurkeztu ditu, Etorkizuna Eraikiz jomugan

Eragileen proposamenak aurkeztu dituzte 2018ko Euskalgintzako Berrikuntza Palanken 2. saioan. Orain eginbeharrekoa proiektuei ekarpenak egitea, fintzea eta Etorkizuna Eraikiz-en testuingurura egokitzea da.

-ren irudia
 Euskalgintzak hamaika proiektu aurkeztu ditu, Etorkizuna Eraikiz jomugan

 

2018ko Euskalgintzaren Berrikuntza Palanken 2. saioa izan da eta Etorkizuna Eraikizen baitan garatu ahal izateko proiektuen zirriborroak aurkeztu dituzte euskalgintzako hainbat eragilek. Hamaika izan dira guztira aurkeztu dituzten zirriborroak eta euskara esparru desberdinetatik landu dute proposamenetan: transmedia, teknologia, oreka soziala bultzatuko duten laborategiak, berrikuntza nodoak…

Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabalek eta EMUNeko ordezkari Denis Elortzak aurkezpen lanak eginda, Basque Culinary Centerreko zuzendari Joxe Mari Aizeagak euskal sukaldaritzak munduan lortu duen irudi ona lortzeko egin duten ibilbidea azaldu du. "Sukaldaritza berriaren garapena 1976an hasi zen, aurrez zeuden oinarrietatik abiatuta, eta, begira, gaur egun sektorean daukagun erreferentzialtasuna". Aizeagaren esanetan arrakastaren gakoetako bat taldean lan egin izana izan da, sukaldariek bereari soilik begiratu beharrean, sektorearen garrantziaz jabetu baitira. “Bederatzi izan dira arrakasta lortzeko gakoak: lurraldea, talentua, konfiantza, kultura, ekintzailetza, berrikuntza, partekatzea, komunikazioa eta taldekoa”. Euskal gastronomia mundu mailan kokatu dute eta Culinary Nation izena eta proiekzio hori estrategikoa dela adierazi du. "Globalak izan nahi badugu, global jokatu behar da. Munduan denak dira lehiakide eta oso aktiboak izan gara". 

Azken batean, Aizeagaren aurkezpena euskalgintzarekin ispilu lana egiteko eta euskal gastronomiaren ibilbideak euskalgintzarekin izan ditzakeen paralelismoak ikusarazteko baliatu dute. Izan ere, kontuan izan behar da Etorkizuna Eraikiz-en baitan garatzen direla Aldundiarentzat estrategikoak diren proiektuak eta horrek nolabaiteko anbizioz jokatzeko aukera ematen dio euskalgintzari.

Hamaika proiektuen aurkezpena.

  • Orekalab: Gipuzkoan sozialki orekatuak diren herri edo guneak bultzatuko dituen laborategia. Ingurumena, generoa, aniztasunaren eta hizkuntzaren ikuspegitik orekatuagoak izango diren herriak lortzeko bidean, esperientzia sistemiko eta berritzaileak bultzatu eta zabalduko dituen proiektua da proposamena. Egitura dinamiko modura proposatzen dute, gune orekatuak lortzeko sareak bultzatuko dituena eta arlo guztiak eta guztien arteko elkarreragina kontuan hartuko dituena. EMUNek aurkeztu du.

 

  • Beta: Etorkizuna euskaraz eraikitzeko berrikuntza nodoa. Etorkizuneko Gipuzkoako gizartean euskararen erabilera areagotzeko erronka zehatzetan oinarritutako esku-hartze integralak diseinatu, garatu eta esperimentatuko dituen laborategi kooperatiboa izango da. Elhuyarrek aurkeztu du.

 

  • EuskaraTIK: Teknologia berriek kontsumo ohiturak aldatu dituzte eta Internetek bi estrategia planteatzen ditu: masa eta pertsonalizazioa. Proiektu honen bidez, estrategia horiek baliatuz euskarazko edukien zabalkundean eragin eta bidaiarien edo herritarren esperientzia hobetu nahi da, kokapenaren arabera informazio interesgarria eskura jarriz. Tokikomen aurkeztu du.

 

  • BiziTASTE: Gipuzkoara datozen bisitarientzat, lurraldea ezagutzera emango duen euskal esperientzia turistikoen eskaintza zabala antolatzea du helburu. Esperientzia horien osagaietako bat euskara eta euskal kultura izango dira eta bizipen turistiko bereziak prestatuko lituzkeen gunea, ohiko turismo agentziekiko lankidetza, barne turismo euskalduna eta teknologia berrien erabilera proposatzen dituzte. Topaguneak aurkeztu du.

 

  • BIHARKOM: Egungo gizarte eleaniztunaren testuinguruan komunikazio modu berritzaileak esperimentatu eta sustatuko dituen berrikuntza nodoa proposatzen da. Proiektu honen bidez Euskal Herriko lurraldeen barnean eta lurralde desberdinen arteko komunikazioetan euskara nagusi bilakatu nahi da, zerbitzu eta teknologia berritzaileak identifikatuz, garatuz eta euskarari lehentasuna emanez, beti ere lurraldeen eta pertsonen kohesioa iparrorratza delarik. Langunek aurkeztu du.

 

  • Euskarazko bikoizketa automatizatua: Egungo euskarazko film eskaintza mugatua da eta erdal filmak euskaratzearen errentagarritasuna zalantzazkoa da.  Beraz, egungo teknologia ezberdinak erabiliz (itzulpengintza, ahotsaren errekonozimendua, ahotsaren sintetizazioa…) erdarazko filmak modu erraz, azkar eta merke batean euskarara bikoizteko teknologia integratzea da proposamena. Tinkok aurkeztu du.

 

  • Transmedia irakurketa klubak. Haur eta gazteen irakurzaletasuna sustatzeko transmedia klubak proposatzen dituzte, teknologia berriak, papera, irakurketa eta dibertimendua uztartuz. Plataforma ezberdinetan oinarritutako irakurketa lantzeko klubak bultzatu nahi dituzte eta papera, ahotsa, marrazteko tresnak, tabletak, ordenagailuak eta telefono mugikorrak uztartu. Galtzagorrik aurkeztu du.

 

  • Booktouber: Gazte irakurzaleek Youtube plataformaren bidez erakusten dituzte beren gustu literario eta iruzkinak. Booktouber sare handiak sortu dira beste hizkuntzetan  eta EAEko euskal booktuber plataforma sortu nahi da, euskal booktuber komunitatea sustatzeko. Galtzagorrik aurkeztu du.

 

  • Zureskura.eus: Era guztietako produktu edo zerbitzuak behar dituzten kontsumitzaile, enpresa eta profesionalei bide berriak irekitzen laguntzeko plataforma da zureskura.eus. Kontsumitzaileari hainbat aurrekontu edota eskaintza aurkeztuko zaizkio eta, horien artetik, behar duen produktu edo zerbitzua erosteko edo kontratatzeko aukera izango du kontsumitzaileak. Bai Euskarari Ziurtagiriak aurkeztu du.

 

  • Hizkuntza gutxituen komunitateentzako turismo plataforma. Ostatu partikular eta turistikoen eskaintza handitu den honetan eta horrek tokiko ehunak desegin ditzakeela kontuan hartuta, eremu urriko hizkuntzen beharren arabera erregulatuko den ostatu partikularren eta turistikoen eskaintzarako plataforma proposatu dute. UEMAk aurkeztu du.

 

  • Hizkuntza gutxituak biziberritzeko eta hizkuntza aniztasunerako gunea. Euskara biziberritzea oinarri hartuta, Gipuzkoa hizkuntza aniztasunean prestatu eta erreferente gisa indartzea da proposamenaren helburua. Horrek landu beharreko esparruak zabaltzen ditu: nola bihurtu hizkuntza aniztasuna orekaz landuko duen lurraldea, bertako hizkuntza biziberrituz gainontzeko hizkuntzen lanketa... Gainontzeko hizkuntzak datoz eta euskalgintzatik gaiari heldu behar zaio, bestela euskara baztertua geratzeko arriskua baitago.  Lan horretan, irakaskuntza, lan mundua, aisialdia, teknologia berriak, ikus-entzunezkoak, turismoa... hartu beharko lirateke kontuan. Soziolinguistika Klusterrak aurkeztu du. 

 

Ekarpenak eta aukeraketa. Behin eragileen proposamenak aurkeztuta, gainontzeko partaideei ekarpenak egiteko aukera izan dute eta, hala, eragile desberdinen arteko proiektuak partekatu eta saretu ahal izan dituzte. Ekarpen horiekin proiektuak findu eta Etorkizuna Eraikiz-en testuingurura ekartzeko ahalegina egin dute, iparrorratza beti Etorkizuna Eraikiz-en baitan garatzeko proiektuak diseinatzea baita.

Hurrengo urratsa, Etorkizuna Eraikiz-en txerta daitekeen proiektuaren aukeraketarekin hastea izango da. Beraz, datozen aste eta hilabeteetan proiektuen ezaugarriak, proiekzioa eta egingarritasuna neurtuko dira eta, azkenik, erabakiak hartu.