Atzealdea

Euskara, Arantxa Urretabizkaiaren ibilbidearen oinarri

Euskara, Arantxa Urretabizkaiaren ibilbidearen oinarri

Euskarari egin dion ekarpenarengatik Anton Abbadia saria emango dio aurten Aldundiak Urretabizkaiari. Idazle izateagatik da ezaguna eta oso estilo ezberdinak landu izan ditu: olerkia, eleberrigintza, gidoigintza... eta euskara beti egon izan da bere sorkuntzaren erdigunean.

-ren irudia Euskara, Arantxa Urretabizkaiaren ibilbidearen oinarri

Arantxa Urretabizkaia Bejarano 1947an jaio zen, Donostian. Historian lizentziatua eta lanbidez kazetaria, gaztetatik murgildu zen euskararen munduan eta ibilbide oparoa izan du kazetaritza, itzulpengintza eta literatura esparruetan. Euskara beti egon izan da bere sorkuntzaren erdigunean eta, besteak beste, Ibon Sarasolarekin eta Ramon Saizarbitoriarekin aritu izan da elkarlanean.  Euskararen defentsan eta haren aldeko sustapena nabarmentzeko, Euskaltzaindiak ohorezko akademiko izendatu zuen Urretabizkaia. 

Nagusiki idazle izateagatik da ezaguna Urretabizkaia eta egunerokotasunean oinarritutako egoera desberdinen inguruan idatzi izan du, oso modu intimista eta hurbilean. Estilo ezberdinak jorratu izan ditu; izan ere, poesian, eleberrigintzan eta gidoigintzan aritu izan da urte luzez eta ekarpen oparoa egin dio euskarazko sorkuntzari.

Bere lehen arrakasta 1972an argitaratutako "San Pedro bezperaren ondokoak" olerki liburua izan zen eta, hamar urte geroago, Kritikaren Sari Nazionala jaso zuen "Maitasunaren magalean" liburuari esker. Alabaina, gazte eta helduei zuzenduriko literatura ere idatzi izan du eta hainbat sari ere jaso ditu bere ibilbidean zehar. Horren erakusle izan daiteke bere obra guztia gaztelaniara itzulia izana  eta hainbat obra beste zenbait hizkuntzatan ere eskuratu ahal izatea ere. Honatx bere hainbat lan arrakastatsu:

- Zergatik panpox (1979)
- Koaderno Gorria (1998)
- 3 Mariak (2010)
- Bidean ikasia (2016)

Gaur egun, EITBn, Diario Vascon, Radio Euskadin edota El Correo egunkarietan dihardu eta, horrez gain, hainbat kolaborazio ere egiten ditu.

Anton Abbadia saria. Arantxa Urretabizkaiak 2019ko Anton Abbadia saria jasoko du, abenduaren 2an, Gipuzkoako Foru Aldundian. Hala, euskararen biziberritze prozesuari ekarpena egiten dioten pertsona zein erakundeak aitortzen dira sari horren bidez eta, modu horretan, herritarren ahalegin isila onetsi eta etorkizunerako eredugarri izan daitezkeen jokabideak sustatu nahi izaten ditu erakundeak. Zentzu horretan, Anton Abbadia sariko epaimahaikideen arabera, Urretabizkaia belaundaldi baten ordezkaria izan da, euskara batuaren erabilera gauzatzera iritsi zena eta euskararen erabilera aro modernora ekarri zuena. Hein berean, euskal literaturan emakumenaren iruditeria aldatzen aitzindaria izan dela iritzi diote.

Abbadia saria irudikatzen duen obra, artista hasiberri batek egiten du aldiro eta aurtengoan Udane Juaristiri egokituko zaio lan hori. Koadro eta muraletan da aditua eta estilo ezberdineko margolan ugari egin ditu.

Saria bera 1996an sortu zen eta aurtengoa 20. edizioa izango da. Hemen edizio guztietako sarituak