Euskaraldiak "nabarmen astindu ditu" parte-hartzaileen hizkuntza ohiturak

Euskaraldiak utzitako emaitzak ikertu eta plazaratu dituzte Soziolinguistika Klusterrak eta EHUk. Oro har, emaitzak baikorrak izan dira eta hizkuntza ohituretan eragitea lortu da. Gipuzkoako Foru Aldundia lankidetzan aritu da ikerketan.

-ren irudia
 Euskaraldiak "nabarmen astindu ditu" parte-hartzaileen hizkuntza ohiturak

Euskaraldiaren lehen edizioak "nabarmen astindu zituen" parte-hartzaileen hizkuntza ohiturak Euskaraldiak iraun zuen bitartean eta, hein batean, baita Euskaraldia bukatu eta hiru hilabetera ere. Horixe da Euskaraldiak utzitako emaitza nagusietako bat, ekimen sozialak emandako emaitzak aztertzeko egindako ikerketaren arabera. Izan ere, Euskaraldiak utzi dituen ondorioak neurtzeko ikerketa bat egin dute Soziolinguistika Klusterrak eta EHUk, Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren, Euskararen Erakunde Publikoaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren lankidetzaz.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak adierazi duenez, Euskaraldiaren etorkizuneko edizioetarako eta soziolinguistikan eragiteko oso erabilgarria izango den erradiografia bat plazaratu du ikerketak. "Helburua eragitea da eta ikerketa honen bidez neurtu ahal izan dugu zein neurritan izan den eraginkorra". Zentzu berean mintzatu da Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari nagusi Garbiñe Mendizabal ere, eta haren iduriko euskararen biziberritze prozesuan Euskaraldia bezalako ekimen berritzaile eta ausartak behar dira. "Ikusi besterik ez dago Euskaraldia dinamizatzeko herriz herri sortutako batzordeetan herritarrek erakutsi duten inplikazioa. Errealitate hau sendotzen joan dadin berebiziko garrantzia izango dute ikerketa honek utzitako datuek". Hala, Euskaltzaleen Topaguneko presidente Elena Lakak ere nabarmendu du Euskaraldiak hizkuntza ohiturak aldatzen hasteko balio izan duela baina onartu du lan handia dagoela oraindik egiteko: "Eremu berrietara zabaldu beharra dago, eta erakundeen babesa eskaini behar diogu euskaraz bizitzea erabakitzen duen pertsona orori". 

Hori horrela, Soziolinguistika Klusterreko soziologo Uxoa Anduagak eta EHUko ikerlari Peio Jauregik egin dute ikerketaren aurkezpena eta, argi-ilunak gorabehera, oro har Euskaraldiak utzitako arrastoa oso ona eta interesgarria dela adierazi dute. Hona, ikerketatik ondorioztatutako hainbat gako nagusi:

Ondorio nagusiak:

- Parte-hartzaileek neurri handian bete dituzte eskatutako eginkizunak. Hobetzeko tarterik egonda ere, gehienak hartutako konpromisoa betetzen saiatu dira. Hala, Ahobizien kasuan, betetze maila altua izan da eta oro har ondo bete dute ezagun nahiz ezezagunekin euskaraz aritzeko konpromisoa. Belarripresten kasuan, nekezagoa suertatu da euskaldunei euskaraz aritzeko eskaera luzatzea eta jarraipen apalxeagoa izan du.

- Parte-hartzaileen hizkuntza erabilerari dagokionez, aldaketa handiak nabaritu dira Euskaraldiak iraun duen hamaika egunetan. Izan ere, oro har, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte 20 puntu egin zuten gora erabilera datuek. Egia da, hiru hilabete pasata kopuru horrek behera egin duela, baina aldaketari proportzio esanguratsuan eutsi zaio, izan ere, hasieran baino 5.6 altuagoa izan da euskararen erabilera hiru hilabete igaro ondoren.

- Aldaketa handienak euskaraz mintzatzeko gaitasun txikiagoa dutenen artean, euskaraz egiteko ohitura gutxien dutenen artean eta gune soziolinguistiko erdaldunagoetan bizi direnen artean izan dira. Hala, aldaketa nabarmenenak Araban, Bizkaian eta Nafarroan antzeman dituzte. Kontrara, aurrez euskaraz aritzeko ohitura handiagoa zegoen jendarte eta guneetan ez da hainbesteko aldaketarik izan, hasiera puntua euskaldunagoa zelako eta hobetzeko tartea txikiagoa zelako.

- Euskaraldiak sortu dituen aldaketak orokorrak izan dira Ahobizi eta Belarriprestentzat. Denek egin dute aurrera euskararen erabileran eta horien artean, nagusiki, euskaldun hartzaileek, izan Ahobizi ala Belarriprest. Horrek adierazten du euskara ulertu bai baina hitz egiteko zailtasunak dituzten pertsona horiek astindu dituztela gehien hizkuntza ohiturak.

- Ahobizi rolaren baitan euskaldun osoak nagusitu badira ere, datuek beste aukera batzuen aberastasuna ere utzi dute agerian: euskaldun hartzaile batzuek Ahobizi rola hartu dute; euskaraz aritzeko arazorik izan ez arren, Belarriprest rolari heldu diote beste batzuek; eta, euskaraz aritzeko zailtasunak izanda Belarriprest figura hautatu dutenak ere izan dira. Hori horrela, Belarriprest rolak izan duen eragin positiboa ikusita, Euskaraldiari populazio sektore berrietara iristeko aukera onak sortu zaizkio, bai eta horiek euskarara erakartzekoa ere.

- Bi mekanismo sakon abiatu ditu Euskaraldiak: gizarte hitzarmen mekanismoa eta hizkuntza simetriaren mekanismoa. Gizarte hitzarmen mekanismoarekin adierazi nahi dena da txapa identifikagarriei esker jende askok bultzada handia sentitu duela euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz aritzeko. Hizkuntza simetriaren mekanismoak, aldiz, batzuek euskara erabiltzeak besteei euskaraz erantzuteko beharra pizteari egiten dio erreferentzia, hau da, euskaraz ari denari euskaraz erantzuteko beharrari.

- Euskaraldiak euskararen erabilera indartzeko baldintza sozio-afektiboak eraikitzen asmatu du. Giro babesle eta irekia sortu du eta euskaraz egin nahi zuenak zilegitasun soziala sentitu du euskaraz aritzeko. Ildo beretik, Euskaraldia baino lehen euskaraz aritzeko zailtasunak zituen horrek euskarara salto egiteko eta lotsa galtzeko aldeko testuingurua aurkitu du.

- Hizkuntza praktiken inguruko ikuspegi errealistagoa ekarri dio Euskaraldiak parte-hartzaile askori. Norbere hizkuntza jokaera idealizatu samarra zuen parte hartzaile asko konturatu da benetan uste baino gutxiago egiten duela euskaraz eta, era berean, hainbat gunetan inguruan norberak uste baino jende euskaldun gehiago dagoela.

Aurrerapenak eman diren arren, zailtasun handienak hiru alderdi hauetan egin dira nagusiki: batetik, euskaraz ulertzeko eta hitz egiteko gaitasun mugatua dutenekin euskaraz jarduteko jokabidea ez da asko zabaldu; bestetik, ele biko elkarrizketari luze eusteko zailtasunak izan dituzte hainbat parte hartzailek; eta, azkenik, solaskideari euskaraz aritzeko gonbita egiterakoan deseroso sentitu dira zenbait parte-hartzaile, bereziki Belarriprestak.

Soziolinguistika Klusterrak ikerketa osoa jarri du denen eskura eta aipatutako ondorioak, eta beste hainbat, luze eta zabal jasotzen dira dokumentu horretan. Halaber, Euskaraldiak utzi dituen emaitza nagusiak gizarteratzeko, bideo bat osatu dute jendeak eta eragileek modu eroso eta erakargarrian sare sozialetan zabal dezaten.

Ikerketaren metodologia: Ikerketak bi lerro izan ditu aztergai: kuantitatiboa  eta kualitatiboa. Ikerketa kuantitatiboari dagokionez, Euskaraldiak herritarren hizkuntza ohituren aldaketan eraginik izan duen eta eragin hori nolakoa izan den ikusteko baliatu dute. Horretarako, azterketa longitudinal bat egin dute, eta hiru galdetegi bidali zizkieten 225.000 parte-hartzaileei email bidez. Horietatik 18.383 erantzun egoki jaso zituzten, horiek izan baitziren hiru galdetegiak zuzen erantzun zituztenak. Galdetegiak honako epeetan egin ziren:

- Euskaraldia hasi baino lehen lehenengoa
- Euskaraldia amaitu eta berehala bigarrena
- Euskaraldia amaitu eta hiru hilabetera hirugarrena.

Azterketa kualitatiboari dagokionez, aldiz, Euskaraldiaren inguruan sortu diren diskurtso sozialak aztertu dituzte eta horretarako parte-hartzaileen zein ekimeneko antolatzaileen lekukotzak jaso dituzte. Lekukotza horien jasoketarako 453 lekukotzako lagin bat osatu zuten, lurraldea, gune soziolinguistikoa, herrien dentsitate demografikoa eta batzordeen aktibitate maila kontuan hartuz. Hala, jasotako datuen arabera, azpimarratu dute Euskaraldiak astinaldi galanta eman ziela hizkuntza ohiturei ekimenak iraun zuen hamaika egun horietan eta, neurri batean, baita ekimena bukatu eta hiru hilabetera ere. "Euskaraz mintzatzeko gaitasun txikiagoa dutenek egin dute aldaketa handiena". 

Euskaraldia aztergai: Euskaraldiaren ikerketaren emaitzak eta ondorioak xehetasunez ezagutzeko jardunaldia antolatu dute Soziolinguistika Klusterrak eta Eusko Jaurlaritzak urriaren 9an, Tolosako Topic zentroan. Jardunaldi horretan, parte-hartzaileek elkarrekin landuko dituzte ikerketatik ateratako ikasgaiak eta zenbait adituk beren interpretazioak aurkeztuko dituzte.