Gazteak, euskarazko ikus-entzunezkoak ekoiztu eta kontsumitzen

Etorkizuneko Gipuzkoaren erronkak zein diren aztertu dute hainbat gaztek Aldundian eta erronka horien inguruko ikus-entzunezko laburrak sortzen hasi dira. Gazteak etorkizunaz hausnartzea eta euskarazko ikus-entzunezkoen sorkuntza eta kontsumoan murgiltzea da helburua.

-ren irudia
 Gazteak, euskarazko ikus-entzunezkoak ekoiztu eta kontsumitzen

Hemendik 10, 20 edo 30 urtera nolakoa izango da gizartea? Nolakoak gure etxe eta garraioak? Zein behar izango ditugu? Oraindik inork ez du erantzunik, baina garbi dagoena da gaur egungo gazteak izango direla orduko protagonista. Beraz, Gipuzkoako hainbat gazte bildu, horri guztiari buruzko hausnarketa egin eta gaia teknologia berriekin landu dute Etorkizuna Eraikiz-en. 

Gazteek etorkizuneko Gipuzkoa nola irudikatzen duten jakin nahi izan du Aldundiak, batez ere, teknologia berriak eta komunikazioarekin ikuspegitik. Hori horrela, Zarauzko Antoniano ikastetxeko ikasleek, lehenengo eta Donostiako Santo Tomas lizeokoak ondoren, Gipuzkoak etorkizunean izango dituen erronkak aztertu dituzte: populazio zaharkitua, mugikortasuna, etxebizitza ereduak, teknologia berriak proposatzen dituen aukera berriak... 

Besteak beste, teknologia berriek eta komunikazioak garrantzi handia dute gaur egun eta, itxura guztien arabera, etorkizunean ere eragin handia izango dute gizartean, nahiz eta horiek ere garatu egingo diren. Esparru horietan euskarazko edukiak sortu eta kontsumitzea garrantzitsua dela badaki Aldundiak eta funtsezkoa iruditzen zaio ahalik eta euskarazko eduki gehienak izatea eskuragarri. Hala, batetik, etorkizuneko irudikapenak kontuan hartuta; eta, bestetik, teknologia berrien eragin orokortua nagusiki gazteen artean geratzen dela aintzat hartuta, Aldundiak bi aldagai horiek elkartu eta lehiaketa bat proposatu nahi izan du.

Lehiaketa. Gazteek etorkizunari buruzko bideo laburrak grabatu beharko dituzte, haiei kezkagarri, interesgarri edota kontuan izan beharreko gaiak lantzeko. Bideo horiekin bi helburu ditu Aldundiak nagusiki. Batetik, etorkizuneko Gipuzkoak aurre egin beharko dituen erronkak identifikatu eta horien inguruko hausnarketa bultzatzea; eta, bestetik, gazteak ikus-entzunezkoen ekoizpen eta kontsumoan murgiltzea. Gazteek nahi adina bideo aurkeztu ahal izango dituzte eta irabazleek sari potoloak jasoko dituzte, besteak beste, ikasbidaietarako. Gainera, argi izan behar da, lehiaketa irekia izango dela eta ez dela soilik mugatuko Etorkizuna Eraikiz-en baitan Aldundira joan diren ikasleengana.

Bideoak nola egin. Aldundira joandakoek bideoak egiteko zenbait irizpide jaso dituzte eta Arteman enpresako langileek kontuan hartu beharreko hainbat aldagai azaldu dizkiete. Besteak beste, sare sozialetan partekatzeko bideoak grabatu eta editatzerakoan, gidoiak berebiziko garrantzia duela adierazi dute, funtsezkoa baita storyboarda zehaztu eta non, zer eta nola egingo den erabakitzea. Era bereran, inprobisazioak ematen duen freskotasuna ere aintzat hartzea komeni dela adierazi dute, erritmoak hartzailearengan eragin zuzena izaten baitu. Halaber, beste hainbat aldagai ere izan dituzte mintzagai, besteak beste, entonazioa, argia, lekua, zarata, plano mota desberdinak...