Gazteek kirol esparruan euskara gehiago erabiltzeko gakoak

10 eta 16 urte arteko gazteen hizkuntza ohiturak aztergai izan dituzte hiru urte iraun duen "D ereduko kirola" proiektuan eta ohitura horietan eragiteko estrategia batzuk identifikatu dituzte

-ren irudia
 Gazteek kirol esparruan euskara gehiago erabiltzeko gakoak

Kirol klubetan dabiltzan gazteen hizkuntza ohiturak ikertu eta ohitura horietan eragiteko hainbat gako identifikatu dituzte "D ereduko kirola" izeneko proiektuan. Proiektuak hiru urteko iraupena izan du eta lankidetzan aritu dira Gipuzkoako Foru Aldundia, HPS, EHU, Soziolinguistika Klusterra, Urtxintxa eta Euskaltzaleen Topagunea. EAEko bost klubetako talde bana izan dituzte aztergai: Getxoko Aixerrota boleibol taldea, Gasteizko Zaramaga pilota elkartea, Arrigorriagako Padura saskibaloi taldea, Gipuzkoako Reala eta Zarauzko Zarautz eskubaloi taldea. 

Proiektua eragile desberdinen arteko komunikazioan zentratu da nagusiki eta bi helburu izan ditu: batetik, begirale eta entrenatzaileen jardunean eraginda, gazteengana iristea. Horrela, kirol jardueraren hizkuntza euskara izatea lortzea izan da xedea. Bestetik, gazteengan zentratu eta euskararen ahalduntzea haiekin zuzenean lantzea. Modu horretan, beren hizkuntza ohituretan eragin nahi izan da eta arreta berezia jarri zaie gazteen komunikazioa, hizkuntza ohitura eta bizipenei.

Proiektuak hiru urteko iraupena izan du eta egoera sozioekonomiko arrunt desberdinetako taldeak aztertu dituzte. Emaitzak positiboak izan dira eta gazteek positiboki baloratu dute haiekin egindako lanketa. Haien esanetan, lanketa hasi zenetik bukatu arte euskaraz aritzea lortu dute eta aurrerapausoak eman dituzte hizkuntzaren aldetik. Ildo beretik, ikerketaren zuzendaritzan aritutako EHUko antropologia ikerlari den Jaime Altunaren esanetan, kirol munduan hizkuntzan eragin nahi bada, hiztegi teknikoaz gain, emozioekin lotutako hizkuntza lantzea ere beharrezkoa da. "Komunikazioak garrantzi handia dauka eta ikusi dugu emozioen inguruan asko hitz egiten dela kirolean". Hori horrela, entrenatzaile eta gazteekin lanketa egin ondoren, behaketak egin eta hortik atera dituzte ondorioak.

Kirol esparruaren garrantzia. Kirolean hizkuntzaren aldetik aurrerapausoak ematea estrategikoa da hizkuntzaren normalizazioaren aldetik, euskara eskolatik ateratzeko bide egokia izan baitaiteke. Gainera, kirol klubak eta jokalarien taldeak erreferentziazkoak dira 10 eta 16 urte arteko kirolari gazteentzat eta klub horiek, gainera, eremu zainduak dira. Esparru horiek ez daukate ikastetxeek daukaten formaltasunik, ezta kaleak duen askatasunik ere, eta bien arteko erdibidean kokatzen den esparru kontrolatu bezala definitu izan da ikerketan. Horrek klubetan lanketa bereziak egiteko aukera ematen du eta, diziplina handiko eremuak izan arren, nahiko komunikazio informala gailentzen denez, eskolan eta kalean betetzen ez diren baldintzak betetzen dira esparru horretan: giro ona, hizkera informala, bizipen positiboak, entrenatzaileen erreferentzialtasuna... Horrek guztiak hizkuntza lantzeko gune bikain bilakatzen ditu klubak eta euskarak eremu berriak bereganatzeko modua izan daitezke.