Gipuzkoako herrietako Euskaraldia hizpide, Gipuzkoako Estrategietan

Udalekinen baitan egin dute teknikari eta ordezkari politikoek mintegia eta esperientziak partekatu dituzte. Erakunde adierazpena ere proposatu dute, tokian tokira moldatu eta herrietan onar dezaten

-ren irudia
 Gipuzkoako herrietako Euskaraldia hizpide, Gipuzkoako Estrategietan

Euskaraldia ahalik eta arrakastatsuena izan dadin, antolaketa lanetan ari dira Gipuzkoako herriak eta lan horietan suertatu zaizkien oztopo eta ondo eginak partekatu dituzte euskara teknikari eta ordezkari politikoek. Udalekinen baitako Gipuzkoako Estrategien karietara egindako mintegian, Gipuzkoako herrietako ordezkariak bildu dira, haien esperientziak elkarbanatzeko eta elkarrengandik ikasteko. Era berean, indarrak batze aldera, aurrera begira elkarrekin zer egin dezaketen ere aztertu dute. 

Tokian tokiko errealitateak aintzat hartuta, aurrera doaz Euskaraldiaren prestaketa lanak eta batean eta bestean eginikoak plazaratu dituzte. Donostian, esaterako, hiriko ulermen mapa egin dute eta Anoetan, aldiz, mahai informatiboak jarri dituzte herrian. Hamaika dira herrietan abiatutako ekimenak, baina, orokorrean, gaiak herritarrengan ilusioa eta gogoa piztu duela adierazi dute askok. Ekimenera gazte jendea hurbildu izana ere sintoma ona dela nabarmendu dute eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabalen arabera, Euskaraldia bidea egiten ari da eta oso positiboa da hori. "Kanpotik ondo ari garela diote eta hori seinale ona da". Euskaraldiak erakundeen eta euskalgintzaren arteko elkarlana sendotu du eta hainbat esparrutan sortutako mesfidantzak gainditzen ari da ekimena. Are gehiago, euskara elkarterik ez zegoen hainbat herritan elkarte berriak eratu dira eta hori Euskaraldiak sortutako baldintzei esker izan da. 

Dena den, kezkak era azaleratu dira, izan ere, Euskaraldia hurbildu ahala, zalantzak ere bistaratzen dira: nola kudeatu ondo Belarriprest figura, Belarriprest eta Ahobizien arteko proportzioak nola aterako dira, euskaraz ez dakitenei zuzendutako diskurtsoa nola zaindu behar da, euskaraz edo gaztelaniaz bizi diren euskaldun zaharrak nola erakarri... Azken batean, prozesuaren baitan sortzen diren galderak plazaratzen ari dira eta denen artean horiei erantzuten joatea da asmoa.  

Erakunde adierazpena. Hori horrela, helburua ahalik eta ahobizi eta belarriprest gehien lortzea denez, erakunde publikoen eredugarritasuna ere geratu da agerian. Zentzu horretan, udal guztientzako baliagarria izan daitekeen erakunde-adierazpena prestatu dute, tokiko erakundeek Euskaraldiarekin bat egiten dutela eta hainbat konpromiso hartzen dituztela adierazten duena. Lekuan lekuko moldaketak eginez, tokian tokiko errealitate eta sentsibilitateetara hurbilduta, ahalik eta udal gehienek erakunde-adierazpena onartzea da helburua. 

Hala, udaletan, oro har, lan hizkuntzan jarri nahi dute fokoa, hori baita Gipuzkoako udal askotako hurrengo erronka. Euskaraldiarekin eta toki entitateen konpromisoarekin zentzu horretan eman nahi dira pausoak eta aukera berriak ere sortzen dira herritarrei begira. Erakunde publikoek aukera paregabea dute Euskaraldiarekin eredu izateko eta ordezkari politikoei gaia mahai gainean jartzeko.