Atzealdea

Hautetsien Foroa, udal mailako politikariekin hizkuntzaz aritzeko gunea

Hautetsien Foroa, udal mailako politikariekin hizkuntzaz aritzeko gunea

Udal<>Ekinen baitan kokatu da proiektua eta ordezkari politikoekin foro egonkor bat sortzea da helburua. Foro horretan guztien arteko zoru komuna lortzen saiatzea, euskararen biziberritzeari udal mailako aterki bat ematea eta lurralde mailako hizkuntza politiketan sakontzea dira xede nagusiak.

-ren irudia Hautetsien Foroa, udal mailako politikariekin hizkuntzaz aritzeko gunea

Lehen urratsak egiten hasi da Hautetsien Foroa izeneko proiektua, Gipuzkoako udal politikariekin euskararen normalizazioaren inguruko lanketa egiteko gunea. Aurreko legegintzalditik datorren asmoa da udal politikariekin foro egonkor bat sortzearena eta berau definitzen hasteko pausoak dira eman direnak.

Aurkezpen saioa izan da eta Gipuzkoako alkateei zegoen nagusiki zuzendua. Guztira ia 40 hautetsik hartu dute parte eta foro egonkor horretan kontuan hartu beharko liratekeen ildo orokorrak aurkeztu dituzte.

  • Hautetsiak elkartzeko gune bat izatea, besteak beste, elkarrengandik ikasteko eta hizkuntza politikari arnas berria emateko.
  • Euskararen biziberritzearen inguruko hausnarketa konpartitua izatea.
  • Egoera soziolinguistiko desberdinak kontuan hartuta, zoru komun bat osatzea.
  • Lurralde mailako politika bateratuak indartzea.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Elhuyarrek garatzen duten Udal<>Ekin ekimenaren baitan kokatzen da proiektua eta ikasturte honetan egingo diren bost saioetako lehenengoa izan da hau.

Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusi Markel Olanok egin du saioaren sarrera eta, adierazi duenez, euskarak bizi duen bidegurutzea gainditu eta erabilera areagotzeko unea da. Horretarako, ezinbestekoak dira aktibazioa, konpromisoa eta elkarlana eta, azpimarratu duenez, lankidetza horrek maila guztietakoa izan behar du. Halaber, Hautetsien Foroa testuinguru horretan kokatzen dela nabarmendu du, euskarak dituen desafioak gainditzeko gune garrantzitsu modura. “Teknikarien esperientzia eta jakintza zabala da eta foro hau alor teknikoaren eta politikoaren arteko uztarketa indartzeko baliatu behar da”.

Izan ere, Udal<>Ekin programan Gipuzkoa mailako proiektu estrategikoak garatzen dira, maila teknikoan, eta proiektu estrategiko horietako bat da, hain zuzen, Hautetsien Foroa. Teknikoki garrantzitsua ikusten da egiten den lanketari aterki politikoa ematea, horrek hizkuntza politika eraginkorragoak lortzea ahalbidetzen baitu. Era berean, hizkuntzaren inguruko hausnarketak konpartituak eta adostuak izatea ere oso garrantzitsua da hizkuntza politika horiek arrakasta izan dezaten eta bide horretan laguntzera dator, hain zuzen, Hautetsien Foroa.

Dena den, badaude estrategikotzat jotzen diren beste hainbat proiektu eta horiek ere aurkeztu zaizkie alkate eta zinegotziei:

  • Udal lege berriak eskaintzen dituen aukerak eta horiek modu bateratuan interpretatzeko beharra.
  • Eskola Kirolaren baitan egiten diren kirol jardueretan euskararen erabilera neurtzeko tresna bat garatu da. COVID-19aren ondorioz entrenamendu eta partidak bertan behera geratu direnez, oraindik ezin izan da ia aplikatu, baina euskara teknikariek dagoeneko jaso dute tresna horren inguruko prestakuntza.
  • Arnasgune funtzionalak.
  • Administrazioari begirako dekretu berria. Zein aukera ematen dituen aztertzeko beharra.