LuHi IVko hitzaldiak, eskuragarri

"Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen Prebentziotik Garapenera" izeneko jardunaldiko edukiak denen eskura daude dagoeneko. Euskararen alde eman daitezkeen beste hainbat urrats landu zituzten jardunaldian, esparru eta ikuspuntu ezberdinetatik.

-ren irudia
 LuHi IVko hitzaldiak, eskuragarri

Arnasguneek euskararen osasunean duten garrantziaz jakitun, arnasguneen garapena aztertu zuten 2018ko urrian Lurraldea eta Hizkuntzaren IV. jardunaldian. Jardunaldi hartan, arnasguneen garrantzia aztertu zuten eta duten estrategikotasuna ezagututa, gune horiek garatzea ezinbestekoa dela ere nabarmendu zuten. Hala, arnasguneen garapenean eragin dezaketen aldagaiak aztertu zituzten, alor sozioekonomikotik, sozioekologikotik, kulturaletik eta sozioidentitariotik. Orain, jardunaldiak emandako guztia jasota, materiala denen eskuragarri dago albiste honen amaieran. 

Jardunaldian aipatu zutenez, arnasguneak zaindu eta garatu nahi badira, gune horietan bizi diren herritarren beharrak ase behar dira, izan ere, herritarren joan-etorriekin sortzen diren fluxuetan, herrietako hizkuntza errealitatea aldatzeaz gain, herriaren beraren izaera ere alda daiteke. Ondorioz, oinarrizko zerbitzu guztiak herrian bertan, edo inguruko herri handiagoren batean, izatea garrantzitsua da. Hori hala izan ezean, arnasguneetatik herritarrak joateko arriskua sortzen da eta herririk gabe ez dago komunitaterik eta, ondorioz, ezta hizkuntza komunitaterik ere.

Era berean, herri baten garapena jasangarria izatea nahi bada, arnasguneen hauskortasuna ere kudeatu behar da nahitaez eta, beraz, faktore ezberdinen arteko elkarreragina zaindu behar da. Gizarteak, ingurumenak eta ekonomiak bat egiten duten puntu hori da, horrenbestez, garatu beharrekoa eta hori ahalbidetzen duten lege edo arauak bultzatzea garrantzitsua da. Halaber, arnasgune diren herri txikietan bizitzeak identitatearekin duen lotura ukaezina da eta jendearen rolak markatuta daude, maskulinitatera begira. Baina horretaz guztiaz gain, arnasguneetako biztanleek euskaldun osoak izateko aukera izan dezaten, kultura sorkuntza eta kontsumoa ere oinarrizkoak dira eta horretarako ahalduntzea ezinbestekoa da.

Horrela, beraz, agerian geratzen da euskara zaindu nahi bada, hizkuntza bera zaintzeaz gain, beste aldagai asko ere kontuan hartu behar direla, zeharka ondorio nabarmenak izan baititzakete hiztunengan eta hiztun komunitateengan.