Realeko jokalariek aldian-aldian euskara hutsez emango dituzte ohiko prentsaurrekoak

Lehen taldeko mutilak dagoeneko hasi dira euskara hutsezko prentsaurrekoak ematen eta laster hasiko dira emakumezkoak. Klubak hartutako erabakia Gipuzkoa Berdinago ekimenaren baitan izan da hartua eta oso positiboa da Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat.

-ren irudia
 Realeko jokalariek aldian-aldian euskara hutsez emango dituzte ohiko prentsaurrekoak

Realak urrats handia egin du euskararen normalizazioaren alde, izan ere, lehen taldeko jokalariek aldian-aldian euskara hutsez emango dituzte ohiko prentsaurrekoak. Mutilen taldekoak hasi dira dagoeneko eta laster ekingo diote emakumeek ere. Berri ona, beraz, Realak emandako pausoa.

Gipuzkoa Berdinago ekimenaren baitan hartu du klubak erabakia eta neurri horrek euskararen ikusgarritasuna areagotzen lagunduko du. Hala, Realarena ez ezik, Gipuzkoa Berdinagon lanean ari diren guztien lorpena ere bada, elkarrekin hasi eta elkarri indarra ematen diotelako jarritako helburuak lortzeko bidean.

Gipuzkoako entitate erreferentea izanik, garrantzitsua da Realak horrelako konpromisoak hartu eta publiko egitea, bultzada ematen baitio euskararen presentzia areagotzeko ahaleginari. Klubetik adierazi dutenez, Realak urteak daramatza euskararen garapenaren eta gizarteratzearen alde lanean eta horren erakuslea da lehen taldeko jokalariekin hartutako erabakia. “Realak euskararen erabileraren, bultzadaren eta proiekzioaren aldeko apustu irmoari eusten dio”. Prentsaurrekoak euskara hutsez emateak eragin zuzena izan dezake hedabideetan, ikus-entzuleengan eta Gipuzkoako gizartean, oro har.

Hori horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat berri oso ona da Realak horrelako neurriak hartu izana. Gizarte aktibazioaren, berrikuntzaren eta elkarlanaren bidetik euskararen alde egindako lanak fruituak ematen dituela geratzen ari da agerian eta, zalantzarik gabe, inoiz baino estrategikoagoa da 2017an Gipuzkoa Berdinagoko 19 eragilerekin abiatutako bidearekin jarraitzea. Izan ere, esparru, izaera eta helburu ezberdinetako eragileen hizkuntza erreferentzialtasuna sendotzeko eta Gipuzkoako hizkuntza ohituretan euskararen aldeko urratsak egiten jarraitzeko momentua da.

Zorionak, Reala, euskararen alde egindako apustuarengatik, guztion artean etorkizuna eraikitzen ari baikara.