Fagor, ULMA eta Danobatgroup euskara planen sareak eta korapiloak partekatzen

Emunek online topaketa antolatu zuen pasa den urriaren 28an, euskara planetan murgildurik dabiltzan hainbat enpresek elkarrekin esperientziak eta ezagutzak trukatzeko. Topaketak beti izan ohi dira gune interesgarriak, eta hau ere halakoxea gertatu zen, motibagarria eta interesgarria. Danobatgroup, ULMA eta Fagor-eko euskara batzordeetako kideek hartu zuten parte aipatutako topaketan.

Helburu hauekin egin zen topaketa: Mondragoneko kooperatiba talde handienak diren hiru erakundeetako partaideak elkartzea; euskara arloan ondo egiten dena hobeto ezagutzea; eta etorkizuneko erronkez hitz egitea.

Datu gutxitara ekarrita, hauxe izan zen argazkia:3 kooperatiba talde, 19 kooperatiba, 44 partaide, 6 praktika eta 10 hausnarketa talde txiki.

Partaideak gogoz eta indartsu atera ziren saiotik. Zerbait bereziaren parte izatearen  sentimendua nagusitu zen; munduan parekorik ez daukan eraldaketa esperientziaren parte izatearena: hizkuntza gutxitu bat arlo sozioekonomikoan biziberritzeko ahaleginaren parte izatearena.

Poliki-poliki, euskara industria enpresetan erdigunerago ekartzeko bidea aurrera doa. Eta kooperatibetako kideen artean -TASUN sentimenduak sumatu dira foroan: ekintzailetasuna, originaltasuna, harrotasuna, heldutasuna, trebetasuna, irmotasuna, malgutasuna, duintasuna, estrategikotasuna…

Sei praktika zehatz aurkeztu ziren:

  • Excel formulen euskarazko bilatzaile/itzultzailea (ULMA Construction, Xabi Calvo).
  • Kontseilu Orokorra, arnasgune (Fagor Taldea, Leire Okarantza).
  • Euskara planaren barne komunikazioa (Danobatgroup, Danobat, Leire Badiola eta Ander Arritokieta).
  • Paketatzeko makinen muntaketaren azken fasean pantailetan euskaraz lan egiteko aukera (ULMA Packaging, Maider Larrañaga).
  • Departamentuetako euskara helburuak (Fagor Arrasate, Enekoitz Beltran)
  • Produkzioko dokumentazioa euskara hutsean (Danobatgroup, Goimek, Pello Beristain).

Praktikak ezagutu ondoren, talde txikietan nahastuta jardun zuten orainaz eta etorkizunaz hausnartzen, eta hainbat ideia atera ziren: honainoko bidea egiten lagundu duten ideiak eta aurrera egiten lagunduko dutenak. Bi orduko mintegiaren ondoren, baina, kokatuago daude parte hartzaileak inguruko ekosisteman; egiten ari direnaz eta egiteko dagoenaz kontzientzia hartuta.