Komunikazio campusa egingo dute, uztailaren lehenengo astean, Mondragon Unibertsitateak eta Goienak


Astebeteko iraupena izango du, uztailaren 3tik 7ra, eta Mondragon Unibertsitateak Aretxabaletan duen campusean izango da. Campusa dago zuzenduta DBH-4ko eta Batxilergoko lehen mailako gazteentzat. Campusaren helburua da gazteak modu praktiko eta dibertigarrian hurbiltzea komunikazioaren mundura. Horretarako, besteak beste, honako gai hauek jorratuko dituzte: telebista platoen erabilera, kamera aurrean nola jarri, fotokazetaritza, podcastak nola egin, sare sozialetan zabalkundea… 

Aurten, arreta berezia jarriko da telebistako platotik egindako podcast saioan eta ondorengo zabalkundean. Ariketak egiteko, Mondragon Unibertsitateko Aretxabaletako campuseko baliabideak erabiliko dira: telebista-platoa, ordenagailuak eta beharrezko izango duten bestelako materiala. Horretaz gain, Goienaren Arrasateko egoitza –erredakzioa, telebistako platoa eta irratia– ezagutuko dute parte-hartzaileek. 
 
Komunikazioan adituek, Goienako profesionalek eta Mondragon Unibertsitateko irakasleek  hartuko dute parte Komunikazio Campusean. Hala, saioak zuzenduko dituzte Ainhoa Vitoriak, komunikatzaile eta Gazteako irrati esatariak; Goiena Komunikazio Taldeko Xabier Urzelaik, mojo edo eskuko telefono adimendunekin ekoiztutako ikus-entzunezkoen edukietan adituak eta Mondragon Unibertsitateko irakasle Unai Portillak, podcat, streaming eta ikus-entzunezkoetan aditua.
 
Informazio gehiago: 
https://www.mondragon.edu/eu/-/komunikazio-campusaren-3-aurkezpena