BERRIAren estilo liburuan atal bat sortu dute ikus-entzunezkoei buruz

Ikus-entzunezkoei buruzko atala gehitu du BERRIAren estilo liburuan. Horri esker, edonork eskura izango ditu ikus-entzunezkoetan aritzeko irizpide zehatz batzuk. Irene Arrarats BERRIAko euskara arduradunak azaldu du orain arte idatzizkoa landu dutela estilo liburuan. «Baina bada garaia gure jokalekua zedarritzeko ikus-entzunezkoak egiten ditugunean ere». Multimedia edukiak gero eta gehiago dira komunikazioaren munduan. «Eta horri ere heldu behar diogu, kalitate irizpide sendo batzuekin».
Horrenbestez, estilo liburuko ikus-entzunezkoen atalak irizpideak ezartzen ditu esatekoak diren testuak BERRIAn nola landu behar diren argitzeko, eta nola ahoskatu behar den jakiteko, besteak beste. Ikus-entzunezkoetarako idaztea edo irakurtzeko idaztea ez baita kontu bera.

«Belarrirako idatzi, begirako agertu», dio estilo liburuak berak Abiapuntua atalean. Ikus-entzunezkoetan, esateko idazten da, eta aditzeko esaten. «Horrek esan nahi du erraz eta aurreneko entzunaldian ulertzeko modukoak izan behar dutela [ahozko testuek]: mintzatua, aurreneko aldian, edo inoiz ez», ohartarazten du estilo liburuak. «Izan ere, entzuleek ez dute atzera egingo bideoan, podcastean edo dena delakoan». Arraratsek aholku argia eman du: «Belarrirako idatzi behar da».

Esatekoak eta aditzekoak atalean, zenbait generoren eta saio motaren ezaugarri nagusiak aletu dituzte. Besteak beste, esateko ekintza bera lantzeko gomendio batzuk eman ditu euskara taldeak. «Irudia tartean dagoenean, gorputza ere kontuan hartu behar da». Ikustekoak atalean, berriz, Irudia eta deontologia, Grabatu aurretik gogoan izatekoak eta Nola grabatu elkarrizketatuak azpiatalak bildu dituzte.

Ahoskeraren arloan ere hainbat irizpide aukeratu ditu BERRIAk. Adibidez, g edo j duten hitzak nola ahoskatu behar diren. «Off-eko ahotsetan, aurkezpenetan, elkarrizketetan eta abarretan kontuan hartzeko oinarrizko irizpide batzuk landu ditugu», azaldu du euskara taldeko arduradunak.

Paperean ez ezik, ikus-entzunezkoetan ere izaten da zer irakurria: azpidatziak, adibidez; edo bideo batzuetan informazioa emateko idazten diren testutxoak. Halakoak ere aintzat hartu behar direla nabarmendu du Arraratsek. «Izan ere, bakoitzak bere ezaugarri propioak ditu».

Informazio gehiago:
https://www.berria.eus/paperekoa/1860/027/002/2023-06-10/berriaren-estilo-liburuan-atal-bat-sortu-dute-ikus-entzunezkoei-buruz.htm