Atzealdea “Zulo Beltza”

Egitasmoaren izena : “Zulo Beltza”

Eragilea : dar-dar produkzioak gizarte ekimen kooperatiba.

Telefonoa
629210952
Kontaktua
Asier Zinkunegi

Lantzen dituen arlo artistikoak:

Antzerkia

Zein eskola-ikasgairekin duen harremana:

Gizarte zientziak
Euskara
Etika
Zein balio sustatzen ditu
onek, osasun mentalaren inguruan, hausnarketa, formakuntza eta konpromezua bermatzen du. Genero berdintasunaren ikuspegia eta inklusiboa eta irisgarria izatea proiektu guztian dago presente, beste balore batzuk bezala: ekitatea, bizikidetza, gizarte kohesioa…
Zein ikas mailari edo adinari zuzentzen zaio:
DBH eta OLHko ikasle guztientzat.
Zenbat ikaslek parte har dezakete ekitaldi baten:
Emanaldiak gelaka gauzatuko dira eta ikasle kopuruak ratioen araberakoak izango dira (30 ikasle inguru).
Ekitaldi bakoitzaren prezioa:

850€ (BEZaz salbuetsia).

Jardueraren deskribapena:

Ekimen hau osasun mentalaren inguruko proiektu bat da, eta 2 urratsekin (sentsibilizazioa + formazioa) eta 2 saioetan gizarte eraldaketa ahalbidetuko duen konpromezua sustatu nahi du.


Adituen esanetan, hainbat faktorek baldintzatu dezakete norbanakoaren osasun mentala: faktore sozialak, biologikoak, psikologikoak, eta hauek gainera beraien artean elkar eragiten dute eta banaezinak dira. Hona hemen bizitzan izan ditzakegun hainbat adibide: egunerokotasunean jasaten ditugun presioak, galerak eta heriotzak, traumak, arazo fisikoak… Eta une honetan aipatu beharrean gaude Covid19a, eta honek gure bizitzetan eta komunitatean eragindako aldaketak, eta sortu duen ziurgabetasuna hainbat alorretan: osasun fisiko eta mentalean, ongizate orokorrean, lan egoeran eta arlo ekonomikoan ekarri duen ziurgabetasuna, isolamendu soziala…


Guzti honek eragin handia izan du gizartean oro har, eta bereziki, haur eta gazteen ongizate eta osasun mentalean.


Guzti honi aurre egiteko batu ditugu indarrak dar-dar kooperatibak eta Bada Bide Bat elkarteak (Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonoa).
Ekimenak bi atal osagarri ditu:

 

  1. “Zulo Beltza” antzerki emanaldia, dar-dar kooperatibaren eskutik.
  2.  Ikusitako emanaldia eta osasun mentalaren inguruan hausnarketa sustatzeko dinamika, Bada Bide Bat elkarteak koordinatua eta Aise kooperatibaren eskutik.

Ekimenaren bi atalak egun berean eta jarraian gauzatzea komeni da. Saioak gelaka gauzatuko dira eta ratioak errespetatuko dira (30 ikasle inguru).


1. Zulo Beltza: Gaixotasun mentalak eta hauen inguruan gure gizartean dagoen tabua, eta sortzen duten gizarte bazterkeriaren inguruko ikuskizuna da. Antsietatea, depresioa, tristura sakona, eskizofrenia, suizidioa… bezalako gaiak eta egoerak irudikatzen dira emanaldian zehar.


Saioaren aurretik ikusleak aretora sartzear daudela, gure gizartean tabutzat ditugun gaietaz hitz egingo dugula esaten zaie. Baina ez zaie zehazten zeintzuk diren tabu horiek, ezta proiektuaren gai nagusia ere.


Ikuskizuna espazioan dauden zulo beltzak deskribatuz hasten da, ikusleak ez dauka argi zertaz ari garen hizketan. Zurrunbilo modura inguruan duten guztia irensten duten zulo beltzez jarduten dugu. Argia bera ere irensten duten zulo beltzez ari gara hizketan.


Pixkanaka, tristuraz, melankoliaz, antsietateaz, pertzepzioaren alterazioez eta abar hitz egiten duten pertsonaiak eta historiak agertzen dira leunki taula gainean.


Espazioan dauden bezalaxe, gure baitan sortzen diren zulo beltzez hitz egiten du ikuskizun honek. Zulo hauek espazioan daudenak bezala, inguruan dagoen guztia irensteko gaitasuna dute, baita argia ere.


Gaixotasun mentalak era poetiko eta artistikoan tratatzen dira ikuskizun honetan.


Emanaldia amaitzean elkarrizketa sustatzen dugu eta dinamizatzaile/bideratzaile lanak egiten dituen kide bat gehitzen da ekimenera. Aktoreak eta dinamizatzaileak beraien esperientziak eta bizipen pertsonalak partekatzen dituzte ikusleekin. Bizitzan guztiok gainditu beharko ditugun krisiez, psikoterapiaz, bizitzako 2.aukeraz, suizidioaz eta abar. hitz egingo dugu.


Antzezlearen lana, musika, irudi proiektatuak, argiztapen delikatua… dira osagai nagusiak. Gazte eta helduentzat da ikuskizun hau.


Aktorea: Asier Zinkunegi.


Argi eta soinu espazioaren diseinatzailea eta zuzeneko teknikaria: Iker Zinkunegi.


Kurrikulumak ikusteko ondorengo esteka sakatu dezakezue:
https://drive.google.com/drive/folders/1JIXYa0eCT97VRC6IXfG9ApGCcoiF7Sli?usp=sharing


Aktore bat + argi, soinu eta proiekzioez arduratzen den teknikari bat eta dinamizatzaile/bideratzaile bat daude ekimen honetan zuzenean lanean.


Emanaldiaren iraupena 50-60 minutukoa da, eta ondoren garatuko den hausnarketa dinamizatuak beste 60 minutu inguru iraungo du. Saioak orotara 2 orduko iraupena izango du.


2. Hausnarketa sustatzeko dinamika:
Helburuak:
• Ahots guztiak barne hartzen dituen elkarrizketa-gune bat sortzea eta komunikazioa erraztea, arreta berezia jarriz gehiengoaren korronteak normalean baztertzen dituen bizipenei eta diskurtsoei.
• Espazio seguru bat sortzea, ikasleek osasun mentalaren eta emozionalaren inguruko egoerak eta esperientziak partekatzeko aukera izan dezaten.
• Osasun mentalarekin lotutako esperientzia pertsonalak, zalantzak, kezkak, beldurrak eta nahiak partekatzea. Sortu daitezkeen emozioei ongi etorria ematea.
• Esperientzia horiek gizartean, gure taldeetan eta harremanetan izan dezaketen eraginari buruz hausnartzea. Tabua haustea eta guztiok bizi ditzakegun egoeren aniztasuna normalizatzea.
• Laguntza-harremana eta haren roletan aurki ditzakegun zailtasunak aztertzea.


Garapena:
1.- Trantsizioa eta bateratzea. 10-15 minutu.
Ikuskizuna amaitzean, sorturiko giroa eta tonua mantendu egingo dira. bideratzailea aktorearen ondoan eseriko da, eta elkarrekin gaiarekiko esperientzia pertsonal eta bizipenak kontatuko dituzte eta taldearen feedbacka jasotzeko aukera zabalduko dute. Dinamizatzaileak gogoeta partekatu hori egitera animatuko du ikuslegoa, honako galdera hauek eginez:


Zer ikusi duzue? Zerk deitu dizue atentzioa? Nola sentitzen zarete istorio hauekin? Horrelako egoerak gertatzen dira bizitza errealean?

Lehen zati honen helburua saiorako esparru orokorra kokatzea da eta hurrengo puntuetan laburbildu dezakegu:


• Ikasgelan dauden esperientzien aniztasuna baloratzea, horiek epaitu gabe. Pertsona bakoitza mundu bat da eta bere ekarpenak ongi etorriak dira.
• Doluaren, antsietatearen, depresioaren eta abarren esperientziak normalizatzea. Krisiak bizitzaren zati bat dira, eta oso mingarriak izan daitezkeen arren, aldaketa eta ikaskuntza handiko uneak dira.
• Osasuna/gaixotasuna polaritatearekin haustea, continuum bat dela onartuz, denborarekin eboluzionatzen duena. Estigma saihestu behar dugu.
• Autozainketa baloratzea. Saioan zehar, pertsona bakoitza bere mugen eta beharren erantzule egin daiteke, eta horiek adierazi ditzake. Horrela, errazagoa da talde-zaintzako moduak garatzea.
• Akatsak ospatzea. Bakoitza bere bizitzan aditua da, eta akatsak gauza berriak ikasteko modua dira.
• Espazioaren demokratizazioa. Pertsona bakoitza taldeak ikusi eta entzun ahal izatea, hala nahi badu behintzat.

 

2.- Talde txikietan lanketa. 20 minutu.

Parte-hartzaileak zutitu eta aretoan ibiltzera gonbidatuko zaie. Energia pixka bat askatu edo mugitu behar dela ikusten badugu, jokoren bat proposatu daiteke.

Kontatu diren 7 historien irudiekin aretoan banatuta zazpi txartel egongo dira. Parte-hartzaileak isiltasunean eta hausnartuz, 7 espazio horien inguruan paseatzera gonbidatuko dira.


Ondorengoa proposatuko da: ze istoriok deitu dizue atentzio gehien, edo zeinek gogorarazten dizkizue gehien bizi izan dituzuen egoera edo sentsazioak? Zein gairi buruz hitz egin nahiko zenukete?


Ondoren, gehien erakartzen dituen istorioaren irudiaren ondoan geratzea proposatuko zaie eta istorio horri buruzko zerbait idaztea eskatuko zaie. (Bizi izan duten zerbait, kezkatzen dituen zerbait…).

Minutu batzuk igaro ondoren, idatzi dutena postontzi batean sartzea eskatuko zaie ( hau egin nahi ez duenari idatzitako berarentzat gordetzeko aukera emango zaio).

Jarraian, txartel guztiak irakurriko ditugu (nork idatzi dituen adierazi gabe) eta taldean interesa edo kezka sortzen duten gaiak zein diren hautemango dugu.


3.- Itxiera-zirkulua. 20 minutu.
Garrantzitsua da espazio bat gordetzea (15-20 'gutxienez), ireki diren gaiak itxi eta kokatzeko, landutakoaren alderdi garrantzitsuenak izendatzeko eta sortu diren emozioak biltzeko.

Itxiera hori zirkuluan eserita eta erritualizatuta egingo da, hau da, entzuteko espazio partekatua sinbolizatzen duten elementu eta jarraibide batzuekin, denborak errespetatzen dituena eta pertsona guztiek, hala nahi izanez gero, adierazteko aukera ematen duena.

Kontzilioko Zirkulu bat erabiliko da, non hitza elementu sinbolikoren baten bidez partekatzen den. Komunikaziorako lau arau daude:

  • Bihotzetik hitz egin.
  • Bihotzetik entzun.
  • Laburra izan. (Bihotzetik hitz egiteak ez du hitz askorik eskatzen).
  • Ez egon pentsatzen zer esango duzun (horrela bihotzetik entzun dezakezu).
Jarduera gauzatzeko behar diren baldintzak eta baliabideak:

1. Urratsa:
Zulo Beltza ikuskizunaren emanaldia gauzatzeko baliabide tekniko guztiak konpainiak jarriko ditu: proiektorea, pantaila, soinu eta argiztapen ekipoa…


Beharrezkoa den espazioaren inguruan esan beharrean gaude, antzoki txikiak direla emanaldi honentzako leku egokienak. Halere, ikuskizun malgua da oso, eta tamaina eta forma desberdinetako lekuetara egokitu daiteke. Ori bai, iluntasun osoa beharrezkoa dela kontuan izan behar da. Konpainiako teknikaria emanaldiaren lekua ikustera hurbilduko da eta desegokia balitz, beste aukerak aztertzen lagunduko du.

2. Urratsa:
Hausnarketa sustatzeko dinamika gauzatzeko baliabide guztiak konpainiak jarriko ditu. Beharrezkoa den espazioaren inguruan aipatzekoa da, hutsik dagoen edozein espaziotan gauzatu daitekeela. Konpainiako teknikaria emanaldiaren lekua ikustera hurbiltzean hitzartuko da hau ere.

Jarduerari buruzko txostena:

Jardueraren alderdi artistiko-kulturalari buruzko txostena.
Zulo Beltza ikuskizuna balio artistiko handiko proposamena da. Formatu txikikoa izanik, bere atal guztiak zaindu dira mimo eta maitasun handiarekin. Aktorearen lana fina eta zaindua da bere atal guztietan (gorputzaren erabilera, ahotsaren joko eta bariazioak…). Proiektatzen diren ilustrazioen kalitate artistikoa bikaina da, eta lekuak, pertsonaiak eta egoerak modu eder eta eraginkorrean finkatzen dituzte. Emanaldirako sortu den soinu espazioak ere, ekarpen garrantzitsua egiten du atmosfera sortzeko garaian. Emanaldian erabiltzen den musika pieza nagusia bikaina da, eta ikuskizunak dituen une emotiboak bikain azpimarratzen ditu. Esan daiteke pieza honen estetikak eta edukiek, edertasunez eta era poetikoan bidaia eta esperientzia emozional sakon batetan murgiltzen duela ikuslea.


Emanaldiaren hasieran, aktoreak ikusleak eskutik hartu eta bidaian daramatza, hainbat gizakik bizitzen dituzten egoera triste, krudel eta hunkigarriak ezagutzera. Tristura, melankolia, antsietatea, pertzepzioaren alterazioak eta eskizofrenia, eta abar. dira ikuskizun hunkigarri honen geltokiak.


Dramaturgia, zuzendaritza eta antzezlea: Asier Zinkunegi.


Argi eta soinu espazioaren diseinatzailea eta zuzeneko teknikaria: Iker Zinkunegi.


Ekoizpena: dar-dar produkzioak.


Hausnarketa sustatzeko dinamikaren inguruan, aipatzekoa da eskainiko dugun saioaren moduko lanketetan eskarmentu handia dugula. Azken urteetan milaka ikaslek hartu dute parte gure proiektuetan, eta balorazioak bikainak dira beti. Ibilbide honetan, parte hartzea, sentsibilizazioa, elkarrizketa eta hausnarketa era xume eta eraginkorrean sustatzeko joko eta dinamikak garatu ditugu.


Kasu honetan gainera Bada Bide Bat elkarteak bideratuta, Aise kooperatibako Oihan Martiarena izango dugu gurekin bideratzaile/dinamizatzaile lanak egiten.


Aise kooperatibaren inguruan informazio gehiagorako:
http://aise.eus/index.php/eu/nor-gara/


Bada bide bat elkartearen inguruan informazio gehiagorako:
https://badabidebat.eus/


dar-dar Gizarte Ekimen Kooperatibaren inguruan informazio gehiagorako:
http://www.dar-dar.eus/eu/ 

Jardueraren arlo pedagogikoari buruzko txostena.
2013tik gabiltza LH, DBH, OLH eta Batxillergoko ikasleekin, artea eta giza eskubideen inguruan lanketa eta dinamika desberdinak garatzen. Artea orokorrean eta antzerkia bereziki, ditugu beti abiapuntuan hauek bait dira gizakiaren ametsen, kontraesanen, sufrimenduen… ispilu bikainena.


Nabarmena da osasun mentalaren gaiak gure gizartean une honetan sortzen duen kezka. Eta deigarriak dira egun batean eta bestean, prentsan irakurri ditzakegun artikuluak gai honi buruz: Gipuzkoan bizi garen pertsona helduen %10ak, lo egiteko pilulak hartzen ditu egunero, eta hauen kontsumoa ikaragarri igo da ikasle gazteen artean. Herritarren %20ak gutxienez, osasun mentaleko arazoren bat izango du bere bizitzan. Antsiolitikoen eta antidepresiboen kontsumoa ikaragarri igo da eta Espainiar estatua da munduan gehien kontsumitzen dituena. 2022an Euskal Herrian suizidio tasa %20 igo da…


Ekimen honek ohiko hezkuntza programaren osagai izan nahi du, eta osasun mentalaren gaiaren inguruan ikasleak, irakasleak, gurasoak... Eskola komunitatea sentsibilizatu eta hezi nahi du eta eraldaketa kulturala eta gizarte berrikuntza bermatu nahi ditu.


Zulo beltza emanaldian zehar ikuslegoak dituen bizipenek gai honi aurrez arre begiratzera eramaten die. Eta aktoreak eta dinamizatzaileak irekitzen duten elkarrizketari esker, ikasleek eta irakasleek beraien bizipenak partekatzeko aukera irekitzen da. Gainera ondoren egiten den dinamikari esker gelan egon daitezkeen ainbat egoera azaleratzen dira.


2023an katalogo honen bidez eginiko saioetan jasotako emaitzak hunkigarriak eta garrantzitsuak izan dira. Egoera delikatuak hauteman dira, eta kasu batzuetan beharrezko protokoloak aktibatu dira. Honek proiektu honen balioa eta bere beharra nabarmen azpimarratu ditu.


Guzti honek bete betean lotzen du gure proiektua indarrean dagoen curriculumarekin, eta ikastetxeetan gaiarekiko dagoen kezkarekin. Ekimenak ikastetxeentzako (irakasle, ikasle…) ikaskuntza esperientzia berri bat suposatzen du.


Zehaztasun gehiago beharko bazenute idatzi ondorengo e-mail helbidera: info@dar-dar.net 

Proposamenaren egilearen ibilbide profesionala

dar- dar produkzioak Gizarte Ekimen Kooperatiba zerbitzu publikoa eskaintzeko nahia argia duen, gizarte ekimen kooperatiba bat da. 2.000. urtean sortu zen Legorretan (Gipuzkoa).


Proiektu hau beti izan da bizia eta moldakorra. Hasiera batean antzerki ekoizpenean oinarritu zen gure ekimena, eta 14 ikuskizun sortu eta banatu ditugu urte hauetan.


Antzerkiaren esparruan azken urteetan eginiko ibilbidean, esan daiteke hezkuntzarekin lotutako proiektuen sorrera eta garapenean espezializatu garela. Giza Eskubideak Herrira proiekturen baitan, LH, DBH, OLH eta Batxilergoko ikasleentzat, giza eskubideen inguruko hainbat proiektu sortu ditugu. Kasu guztietan antzerkia da abiapuntua eta giza eskubideak ardatza.

Proiektu hauekin errealitatearekiko ikuspuntu kritikoa elikatu, konpromezuak sustatu, eta eraldaketa soziala bultzatzen saiatzen gara. Azken urteetan, urtero 120 emanaldi inguru egin ditugu lan lerro honetan, eta emaitzak bikainak izan dira beti.


Azken urte hauetan, gizartean sakonago eragiteko beharrean sentitu gara eta une honetan, antzerkiaz gain, gizarte ekintza eta kultura uztartzen dituzten proiektu integralak, horizontalak eta zeharkatzaileak sortzen eta garatzen hari gara herri desberdinetan. Ondoren dituzue garrantzitsuenak:

 

  • Giza Eskubideak Herrira.
  • Arteria.
  • Kultur Aniztasunaren Bidetik Inklusioa Lantzen.

Gizakia eta gizartearekiko konpromisoa nabarmena izan da gure ibilbide guztian zehar eta gure proiektu guztietan. Genero berdintasuna, adimen urritasuna duten pertsonen gizarteratzea, desberdin izateko eskubidea eta bullying-aren gaia, kultur aniztasuna/kultura-artekotasuna, eta giza eskubideak oro har, dira gure proiektuen ardatza.


Arteak, gizarteak eta kulturak bat egiten duten eremuan sortzen da dar-dar gizarte ekimen kooperatiba, eta proiektu honek, gizartea bere osotasunean eta ikuspuntu holistiko batetik tratatzen du.

Artea da gure lanabesa, gizartea da gure landa eremua, eta kulturaren esparruan dago gure jardun nagusia. Artea, Giza Eskubideak, ikerketa, elkarlana eta kolaborazioa ardatzean dituen proiektu honekin, gizakiaren garapena eta gizarte berrikuntza bermatu nahi ditugu.

Loturak

Irudiak