Kultura Bonu Gaztea 2026
3.666 bonu, kultura Gipuzkoa osora hurbiltzeko


Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak uda honetan Kultura Bonu Gaztea jarriko du abian.

16 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzendutako kanpainak 40.000 euroko aurrekontua izango du, eta euskarazko kultura produktuen erosketa bereziki sustatuko du.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kultura Departamentuaren bidez, uda honetan Kultura Bonu Gaztea programaren edizio berri bat jarriko du abian, gazteen kulturarako sarbidea erraztea helburu duen ekimena, kultura produktuen erosketa sustatuz.

Kanpaina 2026ko uztailetik irailaren 30era bitartean garatuko da, eta 16 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzenduta egongo da. Horretarako, departamentuak 40.000 euroko aurrekontua bideratuko du, gazteen artean kontsumo kulturala sustatzeko eta, aldi berean, lurraldeko kultura eta merkataritza sektorea babesteko.

Gabonetako Bonuaren antzera, programak hobari handiagoa mantenduko du euskarazko kultura produktuak erosteko. Horrela, gazteek 12 euroko deskontua izango dute 20 euro edo gehiagoko erosketetan euskarazko produktuak erosten dituztenean, eta 10 euroko deskontua 20 euro edo gehiagoko erosketetan, beste hizkuntzetako produktuen kasuan.

Pertsona bakoitzak gehienez bost bonu trukatu ahal izango ditu kategoria bakoitzean; beraz, kanpainan zehar, gehienez hamar bonu erabili ahal izango ditu gazte bakoitzak. Bonuak %100 digitalak izango dira, eta ezingo dira aldez aurretik eskuratu; deskontua zuzenean aplikatuko da erosketaren unean bertan, eta establezimendura NANarekin joan beharko da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak berriro izango du Gipuzkoako Merkataritza Federazioaren lankidetza; haren parte-hartzea funtsezkoa da liburudenden gremioarekiko harremana errazteko eta kanpainan parte hartuko duten establezimenduen atxikipen-prozedurak kudeatzeko.

Kultura Bonu Gaztea, datutan:
Gazteentzako Kultura Bonua (16–29 urte): 3.666 bonu
• 1.670 bonu euskarazko kultura produktuetan
• 1.996 bonu beste hizkuntzetako kultura produktuetan

Hobaria:
• 12 €-ko deskontua, gutxienez 20 €-ko erosketetan (euskara)
• 10 €-ko deskontua, gutxienez 20 €-ko erosketetan (beste hizkuntzak)
Edozein unetan kontsultatu ahal izango da establezimendu bakoitzean bonuen erabilgarritasuna. Egin klik hemen.
 

Bonuen erabilgarritasuna establezimendu bakoitzean une oro ezagutu ahal izango da. Egin klik hemen

 

 

Aurkitu zure denda: