Ezagutu gaitzazu

Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren (María José Telleria da zuzendaria) egitekoa da Gipuzkoako Foru Aldundiak kultura ekintzetarako ematen duen aurrekontua kudeatzea.

Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren egoitza fisikoa Okendo 20 (Donostia) kaleko bulegoetan dago.

1.

Liburutegi Zerbitzua eta Kultura Sustatu eta Zabaltzeko Zerbitzua

Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren zerbitzu honen egitekoa da Koldo Mitxelena Kulturunea erakundearen kudeaketa osoa egitea, bai liburutegiarena bai gune honetan egiten den urteko kultura programarena.

Gainera, kultura sustatu eta zabaltzeari dagokionez, artearen eta kulturaren arlo eta eragileen beharrak aztertzen ditu musikan, dantzan, antzerkian, ikus-entzunezkoetan, euskal kultura tradizionalean, eta, orokorrean, Gipuzkoako kultur jarduera guztietan. Era berean, jarduera horiek sustatzen dituzten erakundeen beharrak ere aztertzen ditu, arlo horiek indartuko dituzten administrazio neurriak proposatze aldera.

Gipuzkoako udalekin lankidetzan dihardu, baita ere, kultur jarduera garrantzitsuenak finantzatu eta antolatzeko eta herritarren kultura ohiturak eta usadioak sustatzeko.

Halaber, zerbitzu honen ardura da Gipuzkoako Dantzagunea erakundearen kudeaketa. Dantzagunea Errenterian dago, eta haren helburua da dantzaren arloan ikaskuntza eta sormen prozesuak bideratzea.

2.

Ondare historiko-artistikoaren Zerbitzua eta Artxiboak

Kulturako Zuzendaritza Nagusiaren zerbitzu honen helburua da gordetzea, ikertzea eta zabaltzea Gipuzkoako lurralde historikoko ondare historiko-artistikoa, ondare arkeologikoa, dokumentu ondarea eta ondare immateriala; era berean, helburu du artxibo historikoen kudeaketa integrala, bai Gipuzkoako Artxibo Orokorrarena (GAO), bai Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoarena (GPAH).

Ondare historiko-artistikoaren arloa

Arlo honen helburua da zaintzea eta ezagutaraztea Gipuzkoako ondare historiko-artistikoa, ondare arkeologikoa eta ondare immateriala. Gure helburu nagusia da iraganetik jaso ditugun eta gure kulturaren adierazgarri diren elementu guztien zaintza bermatzea.

Gehiago irakurri

Eginkizun nagusiak dira Gipuzkoako ondare historiko-artistikoa eta ondare arkeologikoa zaintzea, hari balioa ematea eta zabaltzea, Euskal Kultura Ondarearen Legeak ezarritako baldintzak betez hark babesten dituen ondasunentzat, eta, era berean, Lurraldearentzat interesekoak diren ondasunak zaintzea, haiei balioa ematea eta zabaltzea. Baita ere, arlo honen helburua da ondare mota honen ikerketa eta zabalkuntza sustatzea, proiektu propioak eginez edo lurraldeko gainerako kultur eragileekin lankidetzan jardunez (Ondarea Orain Zikloa; Ondarearen Europako Jardunaldiak eta EHUko Udako Ikastaroak; Pirinioetako Burdinaren Ibilbidea). Gainera, ondarearen esparru honi buruzko aholkularitza eta informazioa ematen die Gipuzkoako Foru Aldundiko gainerako zerbitzuei, eta instituzio, erakunde eta partikularrei.

Arlo honen beste helburu bat da Gipuzkoako lurralde historikoko ondare immateriala: ondare hori jaso, ikertu, zaindu eta zabaltzea.

Artxiboen arloa

Arlo hau osatzen dute Gipuzkoako Artxibo Orokorrak (GAO) eta Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoak (GPAH). Lehena Tolosan dago eta bigarrena Oñatin, eta bigarren honen barnean sartu da, duela gutxi, Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoa.

Gehiago irakurri

Bi artxiboen eginkizun nagusiak dira balio iraunkorreko dokumentu ondarea jaso, zaindu eta zabaltzea. Gipuzkoako Artxibo Orokorraren kasuan, Gipuzkoako Lurraldearen titulartasunekoa da dokumentazioa, eta Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoaren kasuan, berriz, Estatuaren titulartasunekoa. Modu horretan, bermatuko da dagokien artxiboetan gorde eta handik zabalduko direla interes historikoa izan dezaketen foru erakundeek sortutako dokumentuak, Estatuko administrazio periferikoak sorturikoak, fede publikoari dagozkionak (notarioenak) eta gure lurralderako interesa duten dokumentuak.

Artxibo bakoitzak, bere izaeraren arabera, jarduera programa propioa du; hala ere, modu koordinatuan jarduten dute, eta proiektu komunak egiten dituzte.

Lan handia egiten ari dira erabiltzaileen eskura ahalik eta informaziorik eta dokumentuen irudirik gehien jartzeko interneten, foru artxibo historikoen web orriaren bidez: gipuzkoako artxibo ataria (http://artxiboataria.gipuzkoa.eus) Era berean, arlo honek lurralde osoko dokumentu ondarea gordetzen, zaintzen eta zabaltzen lan egiten du; ikerketa sustatzen du gure historia hobeto ezagutzeko eta instituzio, erakunde eta partikularrei informazioa eta aholkularitza ematen die dokumentu ondarearen inguruko gaietan.

Koldo Mitxelena Kulturunea
Urdaneta, 9 - 2º. 20006 – DONOSTIA
kulturaondarea@gipuzkoa.eus
Gipuzkoako Artxibo Orokorrak
Ibarra Zelai,4. 20560 – OÑATI
ahpg-gpah@gipuzkoa.eus
Gipuzkoako Artxibo Orokorrak
Paseo de San Francisco 2. 20400 - TOLOSA
agg-gao@gipuzkoa.eus
3.

Gordailua eta Museoak Zerbitzua

Gordailua Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondare Bildumen Zentroa da. Lurraldeko kultur ondarea biltzea, zaintzea eta ezagutaraztea du helburu nagusi. Gordailua elkargune bat da, jabe eta jatorri desberdinetako funtsak zaintzen ditu eta. Bilduma bateratua osatu ez ezik, kudeatu ere elkarlanean kudeatzen du. Milaka ondare-gai etnografiko, artistiko eta arkeologiko gordetzen ditu. Bere funtsei buruzko azterketak egiten ditu, bai eta kultur ondareari buruz besteen ikerketak erraztu ere.

Gordailua baliabide-zentro bat da. Gipuzkoako museo sareari laguntza eta zerbitzuak eskaintzen dizkion plataforma bat da, baliabideen optimizazioa eta iraunkortasuna sustatzen dituena. Gordailuak Gipuzkoaren memoriaren artxibo materiala eratzen du.

Zerbitzuaren Museotako atala Koldo Mitxelena Kulturunean kokatzen da eta batez ere hiru Foru Museoen ardura zuzena du: Untzi Museoa, Zumalakarregi Museoa eta Igartubeiti Baserri-Museoa. Balenciaga Museoa eta Ekainberri Museoen Fundazioetan partaide da eta San Telmo Museoarekin eta Photomuseumekin harreman berezia du dirulaguntza zuzenen bidez. Lurraldeko beste Museotako dirulaguntzetaz arduratzen da Aholkularitza eta beste laguntzez gain.