Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak eta Kutxa Fundazioak aurkeztu dute ‘Katapulta Tour Gipuzkoa’ programaren hamaikagarren edizioa. Ekimen hau musikako eta formatu txikiko arte eszenikoetako artistei zuzenduta dago, profesional berriak zein erdi-profesionalak direnei, eta 2026an zehar egingo da lurraldeko hainbat gune eta jaialditan.
Edizio berri honetan, programak bere apustua berriro ere berretsi du Gipuzkoako talentua balioan jartzeko eta sustatzeko, eta lurraldeko eszenaldi kulturalaren dinamizazioan laguntzeko. Guztira, 2026ko deialdian 153 izen-emate izan dira (128 musika-proiektu eta arte eszenikoetako 25 proiektu aurkeztu dira), eta horrek programak pizten duen interesa eta tokiko sortzailentzat erreferente dela erakusten du.
Alor ezberdinetako profesionalek eta teknikariek osatutako epaimahai batek hautatu ditu hamar proiektuak: musika arloan Femm Vocal Jazz, Nhil, Geminiss, Del Val, Isora, Nuria López García, Kattalin eta Nenufarrak eta Argazki bat behelainoan, eta arte eszenikoetan Ander Sánchez eta Sorginduak, Teatro de Títeres.
Hautatutako artistek Gipuzkoako hainbat gune eta jaialditan lau emanaldi eskainiko dituzte, horietako bat Kutxa Fundazioaren Kluba aretoan. Gainera, emanaldi bakoitzeko 500 euroko ordainsari garbi bat jasoko dute; bideo promozional bat grabatuko dute eta doan izango dute sarbidea komunikazio, promozio, eszenografia, ekoizpen eta jabetza intelektualari buruzko prestakuntza-programa batera, Musika Bulegoarekin lankidetzan.
