Atzealdea Okerreko ibiltariak, aparteko ibiltariak.
Lantzen dituen arlo artistikoak:
Zein eskola-ikasgairekin duen harremana:
Okerreko ibiltariak, aparteko ibiltariak gazteei zuzendutako proposamen aktiboa da, aniztasun funtzionalaren ikuspegia oinarri talde sormena eta garapen pertsonala jorratzen duena. Proposamena bere osotasunean sormen tailerrak, “Erresistentzia arazo fisikoa da” antzezlanak eta ondorengo foroak osatzen dute.
Gorputzen aniztasuna sormenerako abiapuntutzat hartuaz, antzerkiaren tresnak erabiliz norbanako eta talde bezala ditugun gaitasun espresiboetan arakatzea du helburu hausnarketa bultzatzearekin batera. Gure gizartean eredutik at dauden gorputzen ikusgarritasuna bultzatu, eta esperimentazio artistikoa eta praktika/jolasaren bitartez balioan jartzeko proposamena da honakoa. Aniztasuna “errespetatzetik” harago, erdigunean jarri eta jolas, bizi eta deskubrimendurako aukera bihurtzea.
Erresistentzia arazo fisikoa da antzezlanaren sormen prozesuan burututako ariketak eta hausnarketak partekatuko dira nerabeekin, eta ondoren, antzezlana bera eskainiko da foroaz lagunduta. Trailerra: https://youtu.be/fBFYSZpkS30
Metodologiari dagokionez tailerrak arte eszenikoetako (antzerki eta dantza garaikidea) tresna pedagogikoez baliatzen da. “Ibiltzearen” kontzeptutik abiatzen den tailer honetan, bide hauek jorratuz burutuko da lana:
▪ Narrazio biografikoak eta fikzioa nahastuz
▪ Gorputzen aniztasuna oinarri koreografikotzat hartuz
▪ Barne eta kanpo behaketa burutu eta mimesiaren bitartez hurbilduz
▪ Memoria korporala eta gorputz adierazpena uztartuz
▪ Parte hartze inklusiborako teknikak aplikatuz
Proposamenaren ezaugarriak:
▪ Iraupena: 5 ordu (klase). Adin talde bakoitzera moldagarria. Tailerra+antzezlana+foroa.
▪ Harreman pertsonalizatua: zentroaren eta zentroko taldearen (ikasle, irakasle, beste) egoera eta beharretara moldatzean arreta jarriko da.
▪ Zentroko ikasketa planean txertatzeko aukera, irakasleekin koordinatuz eta ikasgaiaren helburuetara moldatuz.
▪ Euskaraz (taldearen errealitate sozio-linguistikoa aintzat hartuaz)
Tailer honen zeharkako helburuetako bat arte eszenikoak gazteengana hurbiltzea da. Alde batetik, hezkuntza zentroetan arte heziketa proposamenak abian jarriaz. Bestalde, artista, arte gune (antzoki, jaialdi, etab.) eta hezkuntza komunitateen artean hurbileko harremanak eraikiaz, eta elkarren lana ezagutu eta elkarbanatuaz. Bestalde, nerabeek praktikan jarritako sorkuntza metodologien jatorria eta hortik sortutako artefaktu artistikoa ezagutzeko aukera bereziki esanguratua izan ohi da. Artista eta publikoaren arteko topaketak berriz, eszena gainekoa sozializatu eta gai, forma edota emozio nagusiez modu ireki batean hitz egiteko aukera eskaintzen du, taldean hausnartuz.
Tailerraren azalpen zehatza eta HEZIBERRI 2020 Eskola Curriculumarekin loturak txostenean.
Maite Aizpurua Olaizola (Zumaia, 1990). Sortzaile, interprete eta ikerlaria. (http://mao.eus/bio/)
Kuriositateak bultzatuta Soziologia eta Kultur eta Gizarte Antropologia ikasketak burutu zituen EHUn (Donostia, Bilbo) eta UFBAn (Salvador da Bahia, Brasil). 10 urtez aisialdia, heziketa ez formala eta parte hartze sozialaren arloan egin du lan hezitzaile eta gazte eta helduen formatzaile gisa pedagogia anitzekin esperimentatuz.
Donostiako TAEn (2013-2015, Donostia) hasi zituen ikasketak eta Arte Dramatikoan titulatu zen DANTZERTIn (2019).
Metrokoadroka kolektiboaren proiektu desberdinetan kolaboratu du (http://mao.eus/kolaborazioak/) eta Horman Poster kolektiboko kide da. Eraikitzen gaituzten hitzak mediazio-artistiko proiektuan (Ikus: https://vimeo.com/269457686) laguntzaile aritu ondoren, arte-hezkuntzan eta antzezlanen sorkuntzan dabil lanean taldearekin Antigone edo ezetzaren beharra proiektuan. (www.hormanposter.eus) eta mediazio lanetan Antigone Metodoa proiektuarekin.