Atzealdea Abian dira Ikust Alaia eraikina Irungo etorkizuneko museo bihurtzeko lanak

Abian dira Ikust Alaia eraikina Irungo etorkizuneko museo bihurtzeko lanak

Lanek Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza bat dute, 500.000 eurokoa

Abian dira Ikust Alaia eraikina Irungo etorkizuneko museo bihurtzeko lanak

Irungo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak akordioa sinatu dute, zeinaren bidez Foru Aldundiak 500.000 euroko zuzkidura bat ematen baitio udalerriari, udal liburutegi zaharra zen Ikust Alaia eraikina moldatzeko lanetarako, etorkizunean Irungo museoa bihur dadin.

Birgaitzeko lanek, guztira, 993.059 euroko aurrekontua dute, eta 9 hilabeteko exekuzio epea; Foru Aldundiak 500.000 euroko ekarpena egingo du. Eraikinaren hobekuntzak, batez ere, irisgarritasuna bermatzeko lanak hartzen ditu. Lanen lehen fasea da, eta eragina du, gehienbat, eraikinaren egituran, fatxadan eta estalkian. 

José Antonio Santano alkateak eta Denis Itxaso Kulturako diputatuak gaur goizean bisitatu dituzte lanak. Alkateak azpimarratu duenez, "hiriarentzat garrantzitsua da Ikust Alaia bezalako espazio berezi eta enblematiko bat berreskuratzea. Urtetan izan da Udal Liburutegiaren egoitza, eta garbi genuen haren etorkizunak ere kulturari lotuta egon behar zuela". 

Kulturako diputatu Denis Itxasoren arabera, "Foru Aldundia ezin zitekeen gelditu jarduketa garrantzitsu horretatik kanpo, haren helburua baita Irungo espazio enblematiko hori kulturarako berreskuratzea". Itxasoren arabera, "foru erakundeak gehiegitan lehenetsi ditu Gipuzkoako beste udalerri eta eskualde batzuk, eta unea iritsi da ganoraz erantzuteko lurraldeko bigarren hiririk garrantzitsuenaren beharrei eta proiektuei."